Udalen osaketa Nafarroan. Ondorena

Parlamentuko presidentetza, taula nafarraren hurrengo mugimendua

Bihar osatuko dute Parlamentuko Mahaia, eta Geroa Baik eta PSNk nork beretzat nahi dute lehendakaritza. Asironek uste du udaletan gertatutakoak Txibiteren inbestidura «zailtzen» duela

Uxue Barkos Geroa Baiko lehendakarigaia hizketan, atzean Koldo Martinez eta Unai Hualde alderdikideak dituela, atzo goizean eginiko agerraldi batean. IÑAKI PORTO / EFE.
jon olano
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Larunbatean, Nafarroako eragile politikoek fase bat bukatu zuten maiatzaren 26ko hauteskundeetan azaleratutako emaitzen kudeaketan. Oro har, Navarra Sumak botere instituzionala berreskuratu zuen tokiko erakundeetan, hein batean PSNk ez zuelako ahalbidetu Geroa Bairen edo EH Bilduren alkatetzarik alderdi horren botoak beharrezkoak ziren udalerrietan. Udalen osaketari buruz patxadaz gogoetatzeko astirik gabe, alderdiak hasi dira kokatzen taula nafarraren hurrengo mugimenduan; bihar egingo dute Nafarroako Parlamentua osatzeko bilkura, eta bertan aukeratuko dituzte erakundeko presidentea eta mahaiko gainerako kideak.

Atzo, Geroa Baik eta PSNk jarrerak finkatu zituzten; biek nahi dute parlamentuko lehendakaritza. Bi taldeak atzo goizean batzartu ziren, eta bertan egin zion eskaria Geroa Baik PSNri; koalizioak datozen orduetarako espero du erantzun bat. Bileraren ostean eginiko agerraldi batean, Uxue Barkos Geroa Baiko lehendakarigai eta Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariak bera buru duen taldearen iritzia laburbildu zuen: «Uste dugu PSNri dagokiola gobernuaren lidergoa, eta Geroa Bairi Parlamentuko Mahaiarena, egonkortasuna eta gobernabidea lortzeko».

Koalizioa prest dago sozialistekin gobernu hitzarmen bat egiteko, uste baitu «gobernabidea» ezin dela «Navarra Sumaren esku» geratu, baina Barkosek ohar egin zuen akordio horrek eragina izan behar duela Parlamentuko Mahaian: «Egonkortasun politiko eta instituzionalak agerian geratu behar du». PSNk presidenteorde bat eta EH Bilduk idazkari bat izango lukete mahaian, Geroa Bairen proposamenaren arabera. Navarra Sumarentzat lirateke beste bi mahaikideak.

Larunbatean, koalizioa kritiko mintzatu zen PSNren aurka; egotzi zion «abuztuko kolpea ekainera» aurreratzea udaletan: «PSNk azalpen publikoak zor ditu, sozialistek eurek eskatzen duten konfiantzaren edozein izpi apurtu dutelako». Atzo, Barkosek ñabartu zuen Maria Txibite PSNko lehendakarigaiak eskatutako konfiantza «azken 24-48 orduetan hautsi ez», baina«2007ra itzuli» dela.

Bihar gerta litekeenaz jardun zuen atzo Radio Euskadin Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak ere, uste baitu mahaiaren osaketa «seinale argi bat» izango dela «jakiteko zer etorriko den etorkizunean». Alkateen inbestidurari erreparatuta, ordea, Ortuzarrek susmoa du PSNk eta Navarra Sumak ez ote duten «isileko akordioren» bat: «Den-dena UPNrentzat izan da; ez dakit akordio baten bitartez edo gabe, baina guretzat dezepzio handi bat izan da». Bide horretan, aitortu zuen larunbatekoak «klima arraro bat» sorrarazi duela EAJren eta PSOEren artean; izan ere, Ortuzarrek salatu zuen PSOErekin eta PSNrekin hitzartuta zeukatela sozialistek Geroa Baiko alkategaia babestea Eguesibarren eta Zizur Nagusian, eta ez zuten horrela egin.

EH Bildu mahaitik kanpo

PSNren hitza eta jarduteko modua defendatu ditu, ordea, Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak: «Esandakoarekin leial jokatu genuen: ez geniela botorik emango ez Navarra Sumari ezta [EH] Bilduri ere». Alzorrizek Ser irrati katean azaldu zuen nolakoa nahi duen parlamentuko mahaia: «Uste dut mahaian islatu behar dugula gobernurako nahi dugun aniztasuna; Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin osatu nahi dugun gobernu horrek nagusi izan behar duela mahaian». Hortaz, Alzorrizek mahaitik kanpo nahi du EH Bildu, eta garrantzia kendu dio aukera horri: «2015ean, PSN mahaitik kanpo geratu zen, eta batzuek ez zuten horrenbesteko larritasunez bizi izan».

EH Bildu mahaian egongo den ikuskizun, Javier Esparza Navarra Sumako lehendakarigaiak mezu bat bidali zion PSNri: «Bilduk mahaian amaitzen badu, PSNk euskal independentistak barruan hartzen dituen itun bat onartuko du».

Udalen eta Parlamentuko Mahaiaren osaketari buruzko gogoetak uztartu zituen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere, atzo eginiko agerraldi batean: «Aurrekariak oso larriak eta kezkagarriak dira; PSNk eskuinari ateak ireki dizkio udal pila batean. Zaila da pentsatzea hori egiten dutenek lidergoa nahi dutela». Uste du negoziatzeko «denbora» eta «hitz egiteko asko» dagoela, baina EH Bilduren lehen ahalegina da «bazterketa ez onartzea, zentzugabea delako eta aitzakia bat delako maniobra politikoren bat egiten saiatzeko». Joseba Asiron Iruñeko alkate ohia antzera mintzatu zen Euskadi Irratian: «Ez dakit zer gertatuko den, baina pentsatzen dut larunbatean Nafarroa osoan gertatutakoak asko zailtzen duela Maria Txibiteren inbestidura; baldin eta erregimenak ez badu aldez aurretik zerbait sinatua».

Parlamentuko Mahaiaren biharko osaketak arrastoak eman ditzake datozen lau urteetarako osa litezkeen aliantzen inguruan. Gero, parlamentuko presidente aukeratzen duten parlamentariak bilera sorta bat egin beharko du talde politikoekin, hamar eguneko epean presidentegai bat aurkezteko ganberari.

Hortik aurrera, lehendakarigaiak gehiengo absolutua (26 parlamentari) behar du legebiltzarraren babesa lortzeko, eta, hala egin ezean, hautetsiek berriro bozkatu beharko lukete 48 orduko epean; orduan, presidentegaiak gehiengo absolutua beharko luke. Hirugarrenez bozkatu behar izanez gero, bigarrenetik 48 ordu igarota egin beharko litzateke, eta gehiengo soila nahikoa izan liteke orduan: baiezkoak ezezkoak baino gehiago izatea.

Hautagai hori ez bada gai babesa lortzeko, parlamentuko presidenteak nahi bezainbeste hautagai proposa ditzake inbestidurarako. Halere, bozak egin zirenetik hiru hilabeteko epean ezein hautagaik ez badu lortzen parlamentuaren babesa, parlamentua desegin eta berriro ere bozetara deitu behar da Foru Hobekuntzarako Legeak ezartzen duenez.

Javier Goia udaltzainburu

Aitzitik, larunbateko inbestidura saioek zeresana eman zuten udalei dagokienez ere. Esate baterako, Uharten; Amparo Lopez Antelo PSNko hautagaia aukeratu zuten alkate, alderdi horrek zinegotzi bakarra izan arren. EH Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, baina GIH 2019-2023 Uharteko Talde Independenteak eta Navarra Sumak Lopez Anteloren aldeko botoa eman zuten EH Bilduk alkatetza lortu ez zezan.

Atzo, GIH haserre agertu zen Lopez Antelorekin, PSNkoak herri plataformari esan baitzion «ia erabat ziur» babestuko zuela GIHko hautagaia, PSNko buruzagitzak hala baieztatzen bazion: «Azkenean alderdiak ez bazion gu babesteko baimenik ematen, konpromisoa hartu zuen jakin bezain laster guri jakinarazteko». Hala egin beharrean, Lopez Antelok EH Bilduri eman zion bere burua aurkezteko asmoaren berri, eta ez GIH taldekoei: «Ez genuen erabaki horren berri izan bilkura hasi baino 45 minutu lehenago arte». Ondorioz,GIHk Iñaki Crespo San Joseren hautagaitza erretiratzea erabaki zuen.

Bestetik, Iruñean Enrique Maia Navarra Sumako hautagaia hautatu zuten alkate, eta hura hasi da lehen erabakiak hartzen; atzo, udaltzainburu izendatu zuen Javier Goia, karguan Jesus Munarriz Salinas ordezkatzeko. Goia 1992ko urtarrilean sartu zen Udaltzaingoan, eta beraz 27 urte daramatza lanean. 2007an inspektoreorde izendatu zuten, eta iaz, inspektore. Horrez gain, Maiak Juan Etxenike Huarte Diario de Navarra-ko kazetaria jarri du alkatetzako zuzendari karguan. Informazio Zientzietan lizentziaduna da, eta Maiaren kabineteburu izan zen2011 eta 2015 artean. Era berean, Marta Urbiola izendatu dute udaleko protokolo arduradun, eta Maria Angeles Ardanaz Ozkoidi alkatetzako idazkari tekniko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.