Alternatiben «topagunea» izatea du xede G7 Ez-en kontragailurrak

Abuztuaren 19tik 23ra izango da kontragailurra, Irunen eta Hendaian. Manifestazio bat egingo dute etzi Miarritzen, eta abuztuaren 24an, berriz, Hendaian. 49 eragileren artean adostu dute egitaraua
Atzo, G7 Ez eta Alternative G7 plataformekagerraldi bat egin zuten Irungo Ficoban,abuztuaren 19tik 24ra bitarte Irunen etaHendaian egingo duten kontragailurrarenberri emateko.
Atzo, G7 Ez eta Alternative G7 plataformekagerraldi bat egin zuten Irungo Ficoban,abuztuaren 19tik 24ra bitarte Irunen etaHendaian egingo duten kontragailurrarenberri emateko. ANDONI CANELLADA / FOKU

Maider Galardi F. Agirre -

2019ko uztailak 11
«Kapitalismo basatiari ez esateko». G7 Ez plataformako kideek helburu horrekin antolatu dute, datorren abuztuaren 19tik 24ra bitarte, G7koek Miarritzen (Lapurdi) egingo duten goi bileraren kontragailurra. Euskal Herriko 49 eragile batu dira plataforman, eta Frantziako Alternative G7 taldea ere elkartu da deialdira. Asmoa dute «Alternatiben Lurraldea» irudikatzeko. Non, eta Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi), «Mugarik ez dagoen baina muga gisa funtzionatzen duen tokian». Egun horiek «mundu berri baten aldeko eraldaketak»batzeko balio dezaten nahi dute, baita Euskal Herriko eta nazioarteko eragileen elkargune bat izatea ere. Irungo Ficoba izango da kontragailurraren gune nagusia, eta bertan egin dute agerraldia G7 Ez eta Alternative G7 plataformetako kideek.

Abuztuaren 24tik 26ra egingo da G7koen goi bilera, Miarritzen. Bertan elkartuko dira Alemaniako, Frantziako, Erresuma Batuko, AEBetako, Kanadako, Japoniako eta Italiako agintariak. Antolatzaileek jakinarazi zuten egun horietan Miarritze eta Miarritzeko inguruak itxita egongo direla; joan den astean bildu ziren Christophe Castaner Frantziako Barne ministroa eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, goi bilerak iraun bitartean hartuko dituzten segurtasun neurrien inguruan hitz egiteko. LABeko eta G7 Ez plataformako kide Edurne Larrañagak salatu du gailurra «diru xahutze bat» izango dela, eta Miarritze inguruak «setioan» ipiniko dituztela. Gainera, ohartarazi dute G7koen gailurra «Mendebaldeko potentzia handien nagusitasunaren sinboloa» dela, eta bertan bilduko direnek ordezkatzen dituztela «klima aldaketa, desberdintasunen areagotzea, gerra inperialistak eta indarkeria matxista».

Plataformako eta Aitzinako kide Aimar Lopezek ere azpimarratu du gailurra Euskal Herrian egitea «berezia» dela: «Kapitalismoaren, heteropatriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzen aurkako erresistentzia eta elkartasuna sustraituta dauden lurralde bat da Euskal Herria». Horregatik, plataformako kideak joan den azarotik ari dira lanean, ahalik eta eragile gehien batzeko. Gaur-gaurkoz, 49 eragilek, sindikatuk eta alderdik osatzen dute plataforma —besteak beste, Aitzina, Gilets Jaunes G7, Bilgune Feminista, Aitzina, Ernai, LAB, CGT, Elkarrekin Podemos, EH Bai eta EH Bildu daude plataforman—.

G7 Ez-ekoak ez ezik, Alternative G7koek ere hartu dute hitza agerraldian. Ohartarazi dute G7ko kideak direla «klima aldaketaren, desberdinkerien eta langileen lan baldintza prekarioen» eragileak, eta horri aurre egiteko hainbat mugimendu sozial daudela: «Krisi klimatikoarekin lotura dutenak, feminismoa, elkartasun internazionalista...». Horiek guztiak batzeko garaia dela aldarrikatu dute: «Gero eta bortitzagoa da kapitalismoa, eta hari aurre egiteko garaia da».

Alternatibak batzea xede

Horixe izango da, hain justu, kontragailurraren helburua: Euskal Herriko eta nazioarteko herri eragileen eta alternatiben topagune izatea. Horretarako, Irungo eta Hendaiako hainbat gune atonduko dituzte —hala nola Irungo Ficoba erakustazoka eta Oiasso museoa eta Hendaiako zinema—, konferentziak, hitzaldiak, tailerrak eta ekintza kulturalak egiteko.

Horiek denak zazpi ildotan banatu dituzte antolatzaileek: kapitalismoa eta multinazionalen eragina, klima larrialdia, feminismoa, herrien aniztasuna eta dekolonialismoa, demokrazia eta eskubideak, herrien arteko elkartasuna eta migrazioa.

Jardunaldiez gain, zenbait mobilizazio ere iragarri dituzte. Lehen manifestazioa datorren larunbatean izango da, Miaritzeko baratze publikotik abiatuta, 17:30ean. Abuztuaren 24an, berriz, Hendaian egingo dute mobilizazioa, 11:30ean, Pausutik eta hondartzatik abiatuta. Amaitzeko, abuztuaren 25ean «ortzadarraren eremua» egingo dute Miarritzen ezarritako segurtasun hesiaren mugan, eguerditik hasita.

«Masa mobilizazioan eta desobedientzia zibilean» oinarrituko dira manifestazioak, eta horregatik eskatu diete herritarrei modu «baketsuan» egiteko protesta. G7koen bilerarekin ez kolaboratzeko deia ere egin dute.

Antolakuntzaren oztopoak

Egitaraua osatzeko, ordea, trabak izan dituzte, antolatzaileek salatu dutenez: « Salatzen ditugu autoritate frantsesek eta espainiarrek ezarritako oztopoak kontragailurra modu duinean egiteko tokiak lortzeko». Ohartarazi dute harreman instituzionala «aspaldi» abiarazi arren oraindik ez dutela beharrezko azpiegitura. Horregatik, kontragailurra diruz laguntzeko bidea ere ireki dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna