Koronabirusa

Uztaila bakarrik dute jomugan

Jaurlaritzak uste du udan epidemia apalduko dela, eta uztailean bozetara deitzeko «bermeak» egongo direla. Urkullu alderdiekin bildu da, baina oposizioak ez du babestu bozak uztailean egitea

Ilñigo Urkullu lehendakaria eta alderdi politikoetako ordezkariak, Gasteizen, bozei buruz hitz egiteko atzo Lehendakaritzan egindako bileran. IREKIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Oposizioko alderdien babesik ez du, ezta osasun bermerik ere, baina Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak uztailean egiteko asmoari tinko eusten dio Iñigo Urkullu lehendakariak. Horixe da mahai gainean duen aukera bakarra. Hala, ezusterik ezean, ziurra da bozak uztailean egingo direla. Bozen data aztertzeko bilera izan zuten atzo alderdietako ordezkariek Urkullurekin lehendakaritzako egoitzan, eta batzarrak bi ondorio argi utzi zituen. Lehena: Eusko Jaurlaritzaren helburu bakarra hauteskundeak uztailean egitea dela. Bigarrena: oposizio guztia aurka duela.

COVID-19 izurriteak udan izango duen bilakaerari buruzko ziurtasunik ez dago, baina atzo Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak bileraren ostean azaldu zuen datozen hilabeteetako aurreikuspena dela pandemia «urritzea» eta, beraz, bermeak egon daitezkeela hauteskundeak uztailean egiteko: «Osasun datuen bilakaera positiboa da, eta aukera ematen du jarduera guztien leheneratzea planifikatzeko». Urkulluk hiru bermeren beharra nabarmendu zuen atzoko bileran, Erkorekak jakinarazi zuenez: izurritea kontrolatzeko beharra, botoa emateko eskubidea ziurtatzekoa, eta kanpainaren eta egunaren segurtasuna babestekoa.

Bozetara noiz deitu erabakitzea lehendakariari baino ez dagokio, eta, uztailean egin nahi baditu, aurki egin beharko luke deialdia. Prozedurari dagokionez, lehenbizi gobernu kontseiluari jakinarazi behar dio bozetara deitzeko erabakia; datorren astearteko ohiko bileran egin dezake, edo ezohiko bilera batean, asteartea baino lehen. Hauteskundeetaradeitzearekin batera, Jaurlaritzak bertan behera utziko luke joan den martxoaren 13an ezarritako osasun larrialdia. Erkorekak iradoki zuen hori, atzo: «Gaur egungo abagunean, ez legoke justifikatuta indarrean mantentzea».

Gobernuko eledunak azpimarratu zuen «orain» dela abagunea hauteskundeak uztailean egiteko aukera aztertzeko. «Lehendakariak iritzi guztiak entzun ditu; orain baloratuko ditu, erabakia hartuko du eta herritarrei jakinaraziko die». Urriaren 25ean amaituko da legealdia, beranduenera, eta epea agortzen ari dela ohartarazi zuen: «Arrazoizkoa da orain aztertzea hauteskundeak egiteko aukera, izurriteak okerrera eginez gero eperik gabe geratuko ginatekeelako bozak egiteko». Bi dira data posibleak: uztailaren 12a edo 19a. Hala ere, atzoko bileran lehendakariak ez zien datarik aipatu alderdiei.

Uztailean hauteskundeak berme guztiekin egitea posible dela erakusteko, Urkulluk hiru txosten eraman zizkien alderdiei atzoko bilerara: segurtasunari buruzkoa, osasun egoerari buruzkoa, eta irizpide juridikoei buruzkoa. Europako zenbait herrialdetan konfinamendua arintzeko prestatu dituzten planen laburpenekin beste txosten bat ere aurkeztu zien.

Hauteskundeen deialdiari dagokionez, bi data ezartzeko proposamena jaso dute Jaurlaritzako juristek beren dokumentuan. Txostenaren arabera, hipotesietako bat da orain bozetarako data bat ezartzea, baina osasun egoerak okerrera egiten duelako bertan behera utzi behar izatea. Egoera hori nola bideratu aztertu dute, besteak beste, sufragio eskubidea modu egokian eta berdintasunean gauzatzeko, eta, horretarak,o bozen deialdian bi data ezartzea proposatu dute. Horrela, hauteskunde deialdia bertan behera utziz gero, ez litzateke beste deialdi bat egingo, baizik eta bertan behera geratu dena indarrean jarriko litzateke berriro. Lege zerbitzuen txostenaren arabera, uda litzateke bozak egiteko «garairik egokiena», irailean berriro indartu litekeelako pandemia.

Osasun egoerari buruzko bilakaera aztertzen duen txosten bat ere eraman zuen Urkulluk bilerara. Horren arabera, konfinamendua «beharrezko kautelarekin» arintzen bada, ohiko mugimenduak egin ahalko dira uztailerako, eta posible izango da hauteskunde egun batean ohikoak diren mugimeduak gauzatu ahal izatea. Hala ere, hauteslekuetan eta kanpainan zehar «aparteko neurriak hartzea» ezinbestekoa izango dela dio txostenak.

Oposizioa, tinko

Urkullurekin izandako bileratik kezkatuta eta suminduta atera ziren atzo oposizioko alderdiak, eta uztailean bozetara deitzeko asmoa deitoratu zuten. EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik kritikatu zuen bilera «eszenifikazio hutsa» izan zela: «Iragarritako hauteskunde batzuen kronika izan da». Gogoratu zuen bozak uztailean egitearen aurka daudela legebiltzarreko «bigarren eta hirugarren» indar politikoak, eta Jaurlaritzari aurpegiratu zion «hauteskunde interesak eta bestelako interesak» inposatzea. Erabakia aurrez «hartuta» zegoela salatu zuen Otegik. «Arduragabekeria izugarria da, jendea ez baita hauteskundeetan pentsatzen ari».

Antzera mintzatu zen Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia: «Ez da hauteskundeei buruz eztabaidatzeko unea, erabaki azkarrak hartzekoa baizik». Haren ustez, «krisi sozial, ekonomikoa eta osasun arlokoa» dugu aurrez aurre, eta ezin da eman «pauso okerrik».

Uztailean hauteskundeetaradeituko duela ziurtzat jo zuen Carlos Iturgaiz PP+C's-eko lehendakarigaiak, baina ohartarazi zuen deialdiak ez duela izango oposizioko alderdien babesik. Iturgaizek kritikatu zuen«Sanchez-Iglesias tandemak bedeinkapena» eman ziola Urkulluri bozak egiteko, EAJk alarma egoeraren alde bozkatzearen truke.

Gobernuko bazkideek, berriz, babestu egin zuten Urkulluren asmoa: argi eta garbi defendatu zuen proposamena EAJk, eta modu apalagoan egin zuen PSEk. Andoni Ortuzar EAJren EBBeko presidenteak bozak «berme batzuekin» baina «lehenbailehen» egiteko eskatu zion Urkulluri, eta «berekoikeriaz» jokatzea egotzio zion EH Bilduri. PSEk idazkari nagusi Idoia Mendia, berriz, bozak «berme sanitario eta demokratiko» guztiekin egitearen alde azaldu zen, eta beharrezkotzat jo zuen «herritarrek babestutako planteamendu bat izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.