Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Eskolarako itzulera COVID-19aren garaian

2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Aurten, eskolako itzulera urduritasunez eta ezjakintasunez beteta iritsi da familia askorentzat. Nork zainduko dizkie seme-alabak eskolak ixten badituzte, joan den ikasturtean gertatu bezala? Gurasoak etxean geratu ahal izango dira umeak COVID-19arekin kutsatzen badira edo haien gelak edo ikastetxeak konfinatzen badituzte?

Martxoan, ikastetxeak itxi izanak ezustean hartu gintuen denok, eta, lan bizitza eta familia bizitza bateragarri egiten laguntzeko, Espainiako Gobernuak MeCuida plana onartu zuen 8/2020 errege lege-dekretuan, zeina abenduaren 31ra arte egongo den indarrean.

Plan horrek hobetu egiten dizkie kontziliazio eskubideak, Langileen Estatutuko 37. artikuluan bilduak, 12 urtetik beherako haurrak dituzten gurasoei, eta ezartzen du lanaldia egokitzeko edo laburtzeko eska dezaketela gutxienez 24 ordu lehenago abisatuta; lanaldia %100eraino laburtu daiteke. Laburtze hori positibotzat jo den arren, ez da hobekuntza bat; izan ere, ez dira lanorduak bakarrik murrizten: soldata ere murrizten da. Eta nork zaindu dezake adingabe bat inongo diru sarrerarik izan gabe? Lanaldia egokitzeari dagokionez, modua ematen du eskatzeko txanda aldatzea, ordutegia aldatzea, ordutegi malguak izatea, lanaldi zatitua edo jarraitua egitea, lantokia aldatzea, eta betekizunak edo lan egiteko modua aldatzea; hau da, langileari modua ematen dio telelana egitea eskatzeko. Plan horrek ez du enpresa behartzen langileak eskatutakoa betetzera; aitzitik, enpresaren esku uzten du eskatutako neurria era justifikatuan ez onartzeko aukera, eta, hori gertatuz gero, eskubidea ukatu zaion langileak auzitara jo beharko luke.

Eskolarako itzulerak sortutako beste galderetako bat da zer gertatuko den adingabea COVID-19arekin gaixotzen bada edo haren gelakoak konfinatzen badituzte. Kutsatuta badago, gurasoek gaixo agiria eska dezakete, lan istripu baten ondorioz aldi baterako ezintasuna izatearen parekoa, berrogeialdian egon behar baitute COVID-19an positibo eman duen norbaitekin kontaktu zuzena edukitzeagatik. Oraingoz, ez da inongo baimen edo neurririk onartu kasu jakin horretarako; hortaz, MeCuida planean bildutako kontziliazio neurriak eska ditzake langileak.

Indarrean dauden kontziliazio neurriak pixka bat hobetu diren arren, oraindik ez dira nahikoa milaka langile familiarentzat, eta, datorren ikasturte honi begira, esperantza dute ez direla adabakiak jarriko, baizik eta irtenbideak bilatuko zaizkiela planeta osoa astintzen ari den pandemia honek sortutako arazoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.