Albistea entzun

Frantzia. Migratzaileak

Erresuma Batura iristeko azken itsasoa

Mila migratzaile inguru bizi dira gaur egun Calaisen eta Dunquerqueko basoan jarritako Grande Syntheko kanpalekuan. Frantziako Poliziak ebakuazioak egiten ditu tarteka, objektu pertsonalak eta kanpadendak konfiskatzeko.
Grande Syntheko kanpalekuaren irudi bat, Dunquerqueko basoan.
Grande Syntheko kanpalekuaren irudi bat, Dunquerqueko basoan. MARTA MAROTO Tamaina handiagoan ikusi

Marta Maroto -

2023ko ekainak 7 - Calais - Dunkerque

Kanpadenda bat, haize gorriak gogor astintzen duena. Barrutik Abrahamen figura azaldu da, herrenka. Bere logela estaltzeko eta euritatik babesteko, olana urdin lodi bat jarria du kanpadendaren gainean, zutarri lana egiten duen gurpil aulki baten bizkarraldera lotua. Eritrearra da Abraham, 30 urte ditu, eta urte eta erdi baino gehiago darama Calaisen ahal duen moduan irauten, Frantziaren ipar-iparraldean, Europaren eta Erresuma Batuaren muga naturalean.

Duela hilabete batzuk, labana sartu zioten bizkarraren behealdean. «Mutil haiek mozkortuta iritsi ziren kanpamentura», kontatu du ingelesez, hitzak urri eta keinuak ugari. Mantxako kanala pateran zeharkatzeko, 1.000-3.000 euro pagatu behar zaizkie trafikatzaileei, eta Abrahamek apenas duen sosik; horregatik, hilabeteak daramatza zain, ea zauria osatzen zaion, eta shocka pasatzen.

Ikusi gehiago: Brigitte Lips, Calaisko 'amona'

Europako txoko horretan, sobera daude frustrazioa eta miseria. Mila migratzaile eta asilo eskatzaile inguru bizi dira han, ezkutuan, Calaisko zenbait kokalekutan eta Grande Syntheko kanpalekuan —Dunkerqueko basoan—. Gero eta sakabanatuago daude, eta gero eta ikusezinagoak zaizkie hango herritarrei. Frantziako Poliziak, berriz, ebakuazioak egiten ditu tartean-tartean, objektu pertsonalak eta kanpadendak konfiskatzeko. Ez dute nahi beste Oihan bat sortzea: halaxe izendatu zuten beste kokaleku bat, 2016. urterako 10.000 lagun pasatxo ere hartu zituena.

Hazrat Ali iritsi berria da Dunkerquera. «Horregatik daukat arropa garbi oraindik», esan du, hortz zuriz irribarrez. 29 urte ditu, eta sei baino gehiago daramatza noraezean. Bere garaian, ihes egin zuen Pakistanen eta Afganistanen arteko zerrendatik: talibanek hartua zuten lurralde hura, eta egoera gorabeheratsua zen. Handik, berriz, Errumaniara iritsi zen, baina bi aldiz ere ukatu zioten asiloa han, eta beste hainbestetan gero Frantzian. Orain, deportatu ez dezaten, aurrera segitu beste biderik ez du.

Ekialde Hurbileko eta Saharaz hegoaldeko Afrikako hamaikatxo bat lekutatik etorriak dira honaino iritsi direnak. Askok probatuak dituzte Europan beren egoera erregularizatzeko bide guztiak; beste batzuek, besterik gabe, senideak dituzte Erresuma Batuan; eta beste zenbaitek esperantza dute lan informalen bat aurkituko dutela herrialde hartan. «Nekatu naiz karitatetik bizitzeaz. Paperak lortu, eta lanean hasi: horixe besterik ez dut nahi», azaldu du Alik.

Horregatik, itsasoa bare dagoenean, kanpalekuetako isiltasunean pauso hotsak eta xuxurlak entzuten dira han-hemen, denak ere Frantzia iparraldeko hondartza amaiezinetarako bidean, Bigarren Mundu Gerrako bunkerrez eta erorien alde altxatutako monumentuz jositako lurralde horretan. Kanpadendak altxatzeko erabiltzen dituzten motzondoen artean, lokazperatutako zabor meten artean eta suaren kearen artean, migratzaileek beharbada ez dakite beraiek ere borrokan dabiltzala, bestelako borroka batean, hotzaz eta erbesteaz gutxi dakien erraldoi bati buru eginez.

Martxoan, Erresuma Batuak eta Frantziak zenbait milioiko beste akordio bat sinatu zuten «itsasontziak frenatzeko»: hitz horiexek erabili zituen Britainia Handiko lehen ministro kontserbadoreak, Rishi Sunakek, zeina itsuturik baitago bi herrialde horiek bereizten dituzten 33 itsas kilometroekin.

Britainia Handira legez sartzeko bideak itxi egin dituzte, eta Frantziak zaintza handitu du eurotunelean —hortik barrena sartzen dira baliabide gutxien duten migratzaileak, tunelean zehar doazen salgai trailerretara ezkutuan igota—; besteak beste horren ondorioz, nabarmen jende gehiago iritsi da azken bi urteetan inguru hartara: 2021ean, 28.500 lagunek gurutzatu zuten muga legez kanpo, aurreko urteko aldi berean halako hiruk; eta 2022an, berriz, 45.700 lagunek.

«Bidali selfie bat Sunaki, eta esan hurrena baietz, iritsiko garela!», bota du Omid Azizik, 33 urteko ingeniari irandar batek, erdiko hatza erakutsiz. Berrogei lagun inguru daude oraintxe taldean, tapaki isotermiko batzuen azpian dardarka, eta algaraz hasi dira denak. Goizaldean hartu duten patera hondoratu berri zaie, eta lehorrera itzuli behar izan dute.

Utopia 56 erakundea Frantzian migratzaileei laguntzen aritzen diren elkarte handienetako bat da, eta hango bi kidek zenbait toalla eta arropa garbi atera dituzte furgonetaren maletategitik. «Kontrola indartu dutenez, kostaldetik urrunago irteten dira orain paterak, eta, horregatik, hondoratzeko arrisku handiagoa dago orain», azaldu du gobernuz kanpoko erakunde horretako koordinatzaileak, Francesca Morassutek. Erantsi du nabaritu dutela handitu egin dela migratzaileen joan-etorria, akordioak akordio.

Azizek hortxe segitu du, euriari deiadarka, erdi desesperaturik, erdi barrez: «Hementxe gaude, eta ez gaitu geldiaraziko».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

orsikako Asanbleako presidente Marie-Antoinette Maupertuis, Frantziako presidente Emmanuel Macron, eta Korsikako gobernuburu Gilles Simeoni gaur uharteko parlamenuan, Aiacciun. ©PASCAL POCHARD-CASABIANCA / EFE / EPA

Macronek «autonomia» eskaini die korsikarrei, Frantziako «Errepublikaren barruan»

Edu Lartzanguren

Korsikera «gehiago irakastearen» eta «elebiduntasunaren aldeko irakaskuntza zerbitzu publiko» bat sortzearen alde mintzatu da Frantziako presidentea, uhartera eginiko bisitan

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. / ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Errepublika desegiteko dekretua sinatu dute Karabakh Garaiko agintariek

Igor Susaeta

«Estatuaren menpeko organoek» bertan behera gelditu beharko dute 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen. Paxinian Armeniako lehen ministroak eskatu dio nazioarteari «urrats zehatzak» egiteko.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. ©CLEMENS BILAN / EFE

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Lide Iraola

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.