Frantzia. Migratzaileak

Brigitte Lips, Calaisko 'amona'

Brigitte Lips frantziarra da, erretiratua, eta 67 urte ditu. Hogei urte baino gehiago daramatza laguntza ematen pasaeran doazen migratzaileei, Calaistik abiatuta Mantxako kanala zeharkatu nahi dutenei.

Brigitte Lips, bere etxeko sukaldean, Calaisen. MARTA MAROTO.
Calais
2023ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Goizeko hamaikak pasatxo dira, eta Brigitte Lipsek bere garajeko ateak ireki ditu: urteen poderioz, laguntza humanitarioa emateko biltegi bihurtua da garaje hori. Ahmed iritsi da lehena, 17 urteko mutil sudandar bat. Ramadana denez, ez du hartu Lipsek eskaini dion tea, baina bere telefonoa eman dio trukean.

Paretan, aldi berean hogei bat sakelako kargatzeko adina erregleta daude; hori izango da, beharbada, pasaeran doazenentzako ondasunik preziatuenetako bat, modua ematen baitie familiarekin harremanetan segitzeko.

Ahmedek poltsa bat luzatu dio gero Calaisko amonari —halaxe esaten diote migratzaile eta aktibistek—, baita hartu ere hark, haserre itxurak egin arren. «Badakizu bihar jarriko dudala garbigailua», esan dio, premiak hartaraturik ikasi duen ingeles mordoilotu samarraz. Etxera sartzeaz batera, mutilari galdetu dio ea badaukan kanpadendarik eta aski arroparik berotzeko, zenbait dohaintza iritsi berri zaizkio eta.

Ikusi gehiago:Erresuma Batura iristeko azken itsasoa

Bere etxe urdina lubaki bihurtuta, 67 urteko emakumeak 23 urte daramatza Britainia Handira iritsi nahian Calaisera heltzen diren migratzaileentzat kozinatzen, haiei laguntzen eta jan-edana eramaten, haien telefonoak kargatzen. Kristautasun sendo batek eraman du horretara; hainbestekoa du bokazioa, ezen, galdera egin zaionean, kopeta zimurtu baitu gogora ekarri nahian zer zioen zehatz-mehatz San Mateoren ebanjelioak azken judizioa dela eta: «Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen...».

Secours Catholique erakunde katolikoan hasi zen Lips, Sangatten, gobernuak pasaeran diren migratzaileei egonaldi duin bat eskaintzeko martxan jarritako zentro bakarrean. Berrehun lagunentzako lekua zeukan hasieran, baina txiki geratu zen luze gabe, eta, 2002an, itxi egin zuen orduko Barne ministroak, Nicolas Sarkozyk, zeinak, handik urtebetera, Le Touqueteko akordioak sinatu baitzituen, hau da, eurotunelaren alde banatan mugako kontrolak ezartzeko sistema bat.

Lipsek hasieran ura emateko eta emakumeei dutxatzen uzteko ireki zuela etxea. Kanpadendarik ez, eta migratzaileek zuloak egiten omen zituzten hondarretan, hotzetik eta haizetik babesteko. Lips berehala konturatu zen malguago lan egin zezakeela bere kabuz, eta erakundeekin jarduteari utzi zion: «Ontziren bat hondoratzen bazen eta nik etxean plastikozko poltsak baneuzkan arropa bustia gorde zezaten, ezin nituen poltsa horiek entregatu elkartearen arauen arabera».

'Calaisko Oihana'

2014an, telebistan atera zen, eta jendea mundu osotik hasi zitzaion arropa eta dirua dohaintzan ematen —faktura guztiak gordetzen omen ditu—. 2015etik aurrera, berriz, Europara migratzaile gehiago eta gehiago iritsi ahala, Calaisko Oihana delakoa nola sortzen zen ikusi zuen, bere etxetik minutu batzuetara baitzeukan. Garai batean 10.000 lagun ere egon ziren makrokanpaleku hartan.

«Hiri bat zen: jatetxe afganiarrak eta sudandarrak zeuden, orotariko dendak eta tenpluak... Sinesmen bakoitzeko festa tradizionalak ospatzen genituen», oroitu da Lips, zeinak ohitura baitauka bere pasadizoak egunerokoetan idazteko. «Hori bai: prostituzioa franko zegoen», erantsi du, atsekabeturik.

Lips eta kozinatzeari ekin baino minutu batzuk lehenago, Arien heldu da; Lipsen kale beraren bukaeran dagoen etxe abandonatu batean aterpe hartuta dago, beste kide irandar batzuekin batera, eta haien telefonoak kargatzera dator. Izan ere, ahoz ahokoaren bitartez, Lipsen etxea erreferentzia gune bihurtu da hirian. Zeloz paper bana itsatsi sakelakoetan, eta beste paper bat eman dio Arieni, telefonoak jasotzera zer ordutan itzul daitekeen adierazteko.

«Asko laguntzen digu. Nahiago nuke Calaisen denak bera bezalakoak balira», adierazi du Arienek. Tatuatzailea zen bere herrialdean, eta hainbat aste daramatza jadanik kanpalekuan, eguraldi ona noiz iritsiko zain, pateran itsasoa zeharkatzera ausartzeko. Frantziako Poliziak oso maiz husten ditu kanpamentuak, indarkeriaz hustu ere, eta Lips kritikoa da horrekin. «Hau ez zegoen iragarria. Inork ez du espero bere etxeko atarian bertan halakorik gertatuko denik», esan du; «baina, gertatuz gero, zer egingo duzu, ba: lagundu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.