Herriko bozak. Ondorena

Abstentzio handia eta abertzaleen gorakada herriko etxeetako bozetan

Koronabirusaren ondorioz, hautesle asko ez dira joan bozkatzera. Hala ere, herri anitzetan aldaketarako gogoa agertu da, eta abertzale ekologistek emaitza deigarriak lortu dituzte tokian-tokian

Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza bozkatzen ari, igandeko herriko bozetan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Krisi sanitarioak eragindako egoera bereziak trabatu ditu Ipar Euskal Herriko herriko bozak. Abstentzioak gora egin du, hiri handietan bereziki: Baionako hautesleen %61ek ez dute bozkatu. Barnealdean, eragin gutxiago izan du krisiak. Bigarren itzulirako bermerik ez bada ere, eta abstentzio handia alde batera utzita, joerak erakutsi dituzte emaitzek. Herriko etxe zenbaitetan urteetan auzapez izan direnak handik atera dituzte: Biriatun, Hazparnen (Lapurdi) eta Donapaleun (Nafarroa Beherea), besteak beste. Aldaketarako gogoa erakutsi dute hainbat herritarrek leku batzuetan. Beste zenbait tokitan, hala nola Angelun (Lapurdi) eta Baionan, egonkortasuna markatu dute lehen itzuliko emaitzek. Zerrenda abertzale-ekologistek hozka bat igo dute herri batzuetan, tartean Urruñan, Ziburun eta Uztaritzen (Lapurdi).

Ziburun, sorpresa eragin du Eneko Aldana zerrendaburu abertzalearen emaitzak: lehen itzulitik aise aitzinetik jalgi da,bozen %44,66 lortuta. Bigarren postura Isabelle Dubarbier heldu da; Guy Poulou orain arteko auzapezaren segidakoa —bozen %17,16—. Kasik 800 bozen aldea atera dio Aldanaren zerrendak Dubarbieren zerrendari. Henri Hirigoienberrik hirugarren postua lortu du —%13,6—. Hurbil dira gero Dominique Duguet eta Joseph Aranbururen zerrendak. Urruñan ere, zerrenda ireki abertzaleak lortu du boz gehien: %40,8. Azken hamarkadetan Frantziako eskuinak kudeatu zuen herriko etxea, baina zailtasunekin agertu zen igandean Francis Gavilan axuanta ohia,bozen %29,8 bildurik. Sebastien Etxebarnek —zentro-eskuina— antzeko emaitza izan du: %29,4.

Donapaleun ere, «jauntxoen kanporatzearen beharra» azpimarratu dute herritarrek. Hamarkadetan, Barthelemy Agerre izan da Lüküze-Altzümartako auzapez (Nafarroa Beherea), eta Donapaleurako jauzia egin nahi izan du aurten. Egoera ikusirik, abertzaleek Charles Mazondorekin partitzea erabaki zuten; Pettan Aizagerre zerrendako lehen abertzaleak uste du bazela «aldaketarako nahi eta behar argia». Izan ere, bozen %63,26 lortu ditu Mazondoren zerrendak, eta Agerrek, %36,74. «Donapaleuko herritarrek aldaketa sakon bat nahi zuten, eta erakutsi dute Barthelemy Agerre ez zutela nahi». Agerreren garaipena eragozteko, Charles Mazondorekin aurkeztea erabaki zuten «negoziazioen ondoren». Hala, lehen itzuliko emaitzak mantenduko balira, bost abertzale sartuko lirateke herriko kontseiluan. Agerreren hautagaitza kontuan harturik, EH Baik Mazondoren alde bozkatzera deitu zuen.

Zerrenda abertzaleek, oro har, hozka bat igo dute igandean. EH Baik uste du «abertzaleek tokian- tokian egindako lanaren uzta» direla emaitzak. Hala ere, «desegokitzat jo» dute herriko bozak mantendu izana, krisia dela eta.

BAIONAN, ETXEGARAI

Lehen atera da Jean Rene Etxegarai, eta 1.300 boto gibelago utzi du bigarrena, Henri Etxeto sozialista, bozen %29,76 lorturik. Baina berri nagusia abstentzioaren heina izan da Baionan, %62 izan baita. Baionarren %32,7 baizik ez ziren joan bozkalekuetara igandean. Argiki, koronabirusaren inguruko neurriek eta beldurrak eragina izan dute Ipar Euskal Herriko hiri nagusian.

Hirugarren lekuan, Jean-Claude Iriart eta Sophie Buissieren zerrenda abertzale ekologista atera da: bozen %13,12. Laugarren Mathieu Bergerena heldu da (%11,20). Azken postuan eskuin muturreko zerrenda izan da, eta ez du bigarren itzulirako aukerarik ukanen. Duela sei urteko lehen itzulian, Iriart abertzaleak zuzendu zerrendak %10,3ko emaitza egin zuen. Emendatu du, beraz, portzentaian.

MIARRITZEN ALDAKETA

Aldaketa heldu da Miarritzera. Zazpi zerrenda aurkeztu ziren, eta 2014tik auzapez zenari, Michel Veunaci, beste sei zerrendaburuk egin diote lehia. Maider Aroztegi (Errepublikanoak) heldu da lehen postura, bozen %31,47 eskuratuz. Michel Veunac auzapez zenak zazpi zerrendetatik bosgarren lekua lortu du, bozen %12,2 bildurik. Abertzale ekologistak gailendu zaizkio, eta bozen %12,3 lortu dituzte —laugarren postura heldu dira—. Guillaume Barucqen zerrenda ekologista zentristak —Veunacen axuanta ohia da— bozen %16,22 izan ditu. EAJren sostengua ere lortu zuen, kanpaina denboran. Nathalie Motschek —axuanta ohia izan da hura ere— bozen %14,24 lortu ditu. Karim Guerdanen zerrenda herritarrak %2,61ko emaitza ukan du, eta RPR eta UMP alderdietako kide ohi Jean Benoit Saint Cricq-ek bozen %10,59 jaso ditu. Nabarmentzekoa da beste herri anitzetan bezala ezohiko abstentzio heina izan dela Miarritzen: hautesleen %59,43k ez dute bozkatu.

ANGELUN BERRIRO OLIVE

Baiona eta Miarritzen bezalatsu, abstentzio heina %60 izan da Angelun. Baina bozkatu dutenen artean, %67k Claude Oliveren alde egin dute. Beraz, hauteskundeak baliogabetu ezean, ez du bigarren itzulirik beharko. Olive, eskuineko auzapeza, azken sei urteetan izan da herriko etxearen buru. Beste bi hautagaiei nagusitu zaie, eta erraz, Dervillek bozen %26 lortu baititu, eta Pereirak %6.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.