Koronabirusa

Neurri murriztaileagoak ezarri dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzak mugatu egin du Madrilek lehen faserako baimendutako hainbat jardun, eta ez du utziko herri batetik bestera joaten. Bihartik aitzina, harreman sozialak berreskuratuko dira Hegoaldean

Jendea paseatzen Bilboko erdigunean ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Bihartik aurrera konfinamendua arindu egingo da Hego Euskal Herrian, eta lehen fase izenekora igaroko dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarrak. Espainiako Gobernuak atzo argitaratu zuen BOEn zein jarduera baimenduko diren fase berrian, eta horiek zein baldintzatan egin ahal izango diren. Besteak beste, posible izango da hurbilekoak ikustea, hitzordurik gabe erosketak egitea eta terrazetara joatea.

Alabaina, Eusko Jaurlaritzak atzo bertan iragarri zuen mugatu egingo dituela Madrilek lehen fasean baimendutako hainbat jarduera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Herritarrak udalerri barruan bakarrik mugitu ahal izango dira; soilik lanera edo eskolara joateko eta beste salbuespen kasu batzuetan onartuko du herritik ateratzea. Mugikortasunean ez ezik, beste eremu batzuetan ere Madrilek baino muga zorrotzagoak ezarriko ditu Jaurlaritzak: besteak beste, kultur ekitaldietan, kirol instalazioetan eta turismoarekin lotutako jardueretan.

Irakurri gehiago: Zer egin daiteke astelehenetik aurrera?

Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituratako sailburuak atzo onartu zuen neurriak «murriztaileagoak» direla, baina erantsi zuen «berme handiagoa» ere badakartela, jende pilaketak eta gehiegizko mugikortasuna eragotzi nahi dutelako. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin adostu du lehen fasea murriztea, eta hala baieztatu zuen atzo Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere: «Hori da gobernantza partekatua».

Udalerritik atera ahal izango da?

Nafarroan bai, baina hainbat baldintza beteta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ostera, ez. Eusko Jaurlaritzak erabaki du hiru herrialde horietan soilik lanera edo eskolara joateko edo jarduera sozioekonomikoetarako joan ahal izango dela herri batetik bestera.

Nafarroan, aldiz, probintzia barruan mugitu ahal izango da. BOEk zehaztu du ezingo dela bigarren etxebizitza batera joan, nahiz eta probintzia berean egon. Alabaina, Sanchezek atzo kontrakoa esan zuen: baimenduta egongo da probintzia barruko bigarren egoitza batera joatea.

Hurbilekoekin elkartu ahal izango da?

Bai, baina hainbat mugarekin. Gehienez hamar laguneko bilerak baimenduko dira adinekoekin eta arrisku taldeetan daudenekin izan ezik, etxean, kalean edo terraza batean. Hori bai, pertsonen artean bi metroko segurtasun tartea zaindu beharko da, eta higiene arauak errespetatu beharko dira. Nafarroan bakarrik egongo da baimenduta norberarena ez den beste herri batean elkartzea jendearekin.

Ordutegiak mantenduko dira?

Paseoak emateko, kirola egiteko eta umeekin kalera ateratzeko Espainiako Gobernuak zehaztutako ordutegiak mantenduko dira astelehenetik aurrera. 5.000 biztanletik beherako udalerriei dagokienez, ez dute mugarik izango ordutegietan, orain arte bezala.

Saltokiak irekiko dituzte?

400 metro koadro baino gutxiagoko saltokiek ireki ahal izango dute, 0 fasean bezala, baina dagoeneko ez da beharrezkoa izango aldez aurreko hitzordurik, ezta banakako arretarik ere. Hala ere, saltokiek gehienez ere bezeroen %30 hartu ahal izango dituzte. Gutxienez bi metroko segurtasun tartea gorde beharko da, eta 65 urtetik gorakoentzat lehentasunezko arreta ordutegia ezarriko da. Komunak itxita egon beharko dira, eta jantziak eta aldagelak desinfektatu egin beharko dira erabiltzen diren bakoitzean. 400 metro koadro baino gehiagoko merkataritza guneak edo dendak ezin izango dira ireki.

Kaleko merkatuak irekiko dituzte?

Bai, aire zabaleko merkatuak edo azokak berriro irekiko dira, baina ohiko postuen %25 bakarrik. Gehienezko bezeroen kopurua edukieraren herena izango da.

Liburutegiak eta museoak irekiko dira?

Nafarroan museoak eta liburutegiak ireki ahal izango dira, muga batzuekin. Museoen bisitak %30era mugatuko dira. Liburutegiak ere zabalduko dituzte, baina edukiera mugatuarekin eta soilik liburuak mailegatzeko eta irakurtzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, ezin izango da ireki ez museorik ez liburutegirik, Jaurlaritzak hala erabakita.

Kultur ekitaldiak egingo dira?

Nafarroan, bai, baina muga batzuekin. Aire zabalean egiten diren ekitaldietan eta kultur ikuskizunetan 200 pertsona egon ahal izango dira gehienez, eta leku itxietan, 30 pertsona baino gutxiago, eta edukieraren %30ean. Publikoak eserita egon beharko du kasu bietan, eta segurtasun distantzia gordeta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, ezin izango da kultur ekitaldi txikirik egin, jende pilaketak eragozteko.

Kirol instalazioak berriro irekiko dira?

Kirol instalazioak aire librean baldin badaude eta jarduerek kontaktu fisikorik ez badakarte, horiek egiteko aukera jasotzen du BOEk. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, «ez da onartuko kirolarekin» lotutako jarduerarik leku itxietan. Hortaz, kirol instalazioak itxita egongo dira lehen fasean ere, eta soilik eliteko kirola eta kalean ariketa fisikoa egitea baimenduko du Jaurlaritzak.

Nafarroan, berriz, kirol zentroak ireki ahal izango dira banakako kirol jarduerak egiteko, eta aurrez hitzordua eskatu beharko da. Aldagelak itxita egongo dira. Aire zabaleko instalazioak ere irekiko dituzte, baina publikorik gabe. Igerilekuetan bainatzea ezinezkoa izango da, oraingoz.

Hotelak eta turismo ostatuak irekiko dira?

Bihartik aurrera hotelek irekitzeko baimena izango dute, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan turismoarekin lotutako jarduerak itxita egongo dira. «Ez da logikoa halakoak martxan jartzea, norbere udalerriaren barruan geratu behar badugu», esan zuen atzo Tapia sailburuak. Nafarroan, berriz, hotelak ez ezik, turismo ostatuak ere irekita egongo dira. Eremu komunak itxita egongo dira; besteak beste, jantokiak.

Autoak partekatu daitezke?

Etxe berean bizi direnek bederatzi plazarainoko autoa parteka dezakete. Elkarrekin bizi ez badira, ibilgailuaren ilara bakoitzeko bi plaza bakarrik erabili ahalko dira, distantziak zainduz eta maskarekin. Baimendutako ziorik gabe ezin da herrialdetik irten.

Ehorzketa eta beilatoki zerbitzua egongo da?

Bai, baina mugatuta. Aire librean, hamabost lagun joan ahalko dira gehienez, adibidez, hilobiratzeko segiziora edo hildakoa erraustera. Beilatokian, berriz, hamar pertsona baino ez dira egongo.

Kontzesionarioak eta IATa?

Ibilgailuak saltzen dituzten kontzesionarioak irekita egongo dira astelehenetik aurrera, baina aldez aurreko hitzordua beharko da. Bestalde, IAT ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko guneak ere irekiko dituzte, aldez aurreko hitzorduarekin horiek ere.

Gurtzarako guneak irekiko dira?

Bai, edukieraren heren batera mugatuta. Gainera, ezingo dira eskuorriak edo antzekoak banatu, eta ezin izango da abesbatzarik egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.