Emakumeak energiaren sektorean

Trantsizio energetikoa, feminismotik

Energiaren sektorean emakumeen falta ikusi ostean, arlo horretako zenbait andre saretu egin dira. Pobrezia energetikoak gehiago eragiten die andreei gizonei baino

BERRIA.
jone arruabarrena
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun


2018. urtean, Mariano Rajoyren gobernuak Trantsizio Energetikoko Batzordea jarri zuen martxan Espainian. Hamalau adituk osatzen zuten taldea; guztiak gizonak ziren. Lehendik ere eztanda egiteko zorian zegoen polemika piztu zuen horrek energiaren sektorean, eta batzordeko sei gizonek galdera bat jaurti zuten, arlo horretan genero berdintasuna aldarrikatzearekin batera: non daude emakumeak?

Ikusi gehiago:Marisa Castro, Ekologistak Martxan: «Energia ahal ekonomikoaren arabera pagatu behar litzateke»

Bazeuden, eta badaude. Gizonak baino nabarmen gutxiago, hala ere. Energiaren arloan lan egiten zuten emakumeak beste sektore batzuetan baino are ikusezinagoak ziren. Horretaz ohartuta sortu zen, hain zuzen, 2018. urtean bertan Trantsizio Energetiko Ekofeminista baten aldeko Emakumeen Sarea. Sektorean emakumeen parte hartze handiagoa galdegiten zuten, baita hezkuntzaren bidez andreak arlo horretan formatzera bultzatzea ere; baina ez hori bakarrik. Ordura arteko energia eredua goitik behera aldatzea hartu zuten aldarritzat, «eredu ekofeminista bat» eraikitzeko bidean. Hain zuzen, «bizitza erdigunean» jarri eta energiari buruzko erabakiak «erabakimen ardatz horren barruan» hartzeko hautua egiten du eredu horrek.

Sarbide unibertsala

Zehazki, energiara sarbide unibertsala izatea, ingurunean eragindako inpaktua gutxitzea, energia berriztagarrien bidez produkzioa dezentralizatzea eta autoprodukziorako bitartekoak sortzea, besteak beste. Energia berriztagarriak erabiltzen dituzten kooperatibak dira eredu horri jarraitzeko bide bat. Som Energia da, hain zuzen, arlo horretan aitzindarietako bat. Katalunian sortu zen, 2010. urtean, baina iberiar penintsulako hainbat tokitara hedatu da jada, baita Euskal Herrira ere. Sara Gutierrez da bertako errektore kontseiluko lehendakariordea: «Justuagoa eta garbiagoa izango den trantsizio ekologiko bat bultzatu nahi dugu kooperatiba hiritarren bidez. Noski, gaur egungo eredua baino feministagoak gara; ekofeminismoak dioena da bizitza erdigunean jarri behar dugula, pertsonon zaintza eta naturarena izan behar dugula kontuan. Eta gu horretan gabiltza». Som Energian langileen erdiak dira emakumeak, eta beste erdiak, gizonak, baina, Gutierrezen hitzetan, ez da soilik kuota kontua: «Emakume gehiago izatea ez da nahikoa; kooperatibako liderrak feministak izatea ere behar dugu, gizonak nahiz emakumeak izan. Orain arte lider ideal gisa ikusten genuen hori aldatu behar dugu. Horretan lanean ari gara gaur egun».

Horrez gain, ekofeminismoaren oinarri askorekin bat egiten dute proiektuaren ardatz nagusiek: «Defendatzen dugu energiak eskubide bat izan behar duela, ez merkantzia bat. Eredua demokratizatu behar da; benetako parte hartzea egotea eta herritarren erabakiak lotesleak izatea. Ekoizpen bitartekoen kontrol sozial hori izatea. Aldaketa ez da soilik teknologikoa, beraz. Badakigu teknologia berriztagarria izango dela, baina ez da hori bakarrik: aldaketa kultural batek ere egon behar du».

Pobrezia feminizatua

Hala ere, gaur egungo industria ereduak badauka emakumeei bereziki eragiten dien beste alde ilun bat: pobrezia energetikoak andreei eragiten die gehien. «Energiaren gastuari aurre egin ahal izateko laguntzak eskatzen dituztenen %70 emakumeak dira», dio Irene Gonzalez Pobrezia Energetikoaren aurkako Aliantzako kideak. Bartzelonan egindako ikerlan batean atera zituzten ondorio horiek. «Ikerlan horrekin erakutsi nahi genuen pobrezia energetikoak eragin ezberdina duela etxe bakoitzean, baina baita etxe barruko batengan eta bestearengan ere, bakoitzari eragiten dioten zapalkuntzen arabera».

Bi arrazoi ikusten ditu Gonzalezek, zehazki, emakumeengan pobrezia energetikoa eragiten dutenak: «Batetik, zaintza lanak, eta, bestetik, ekonomia». Azaldu duenez, soldata arrakalaren eta lan merkatuaren zatiketaren ondorioz, emakumeak ez dira lanpostu «politizatuetara» iristen. Horrez gain, zaintza lanak egiten dituzten emakumeek arrisku handiagoa daukate pobrezia mota hori pairatzeko: «Zaintza lan horiek egiten dituzten emakumeen %80 baino gehiago pobrezia arriskuan daude, eta are gehiago guraso bakarreko familien buru badira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.