Hezkuntza. Ikasturte hasiera

Ume gutxiago, ikasgela gutxiago

Jaiotzen beherakada nabarmentzen hasi da ikastetxeetan: Jaurlaritzak kalkulatu du 50 bat gela gutxiago izango direla. Seaskak beste ikastola bat jarri du abian Arbona-Ahetzen
Ikasle batzuk, atzo goizean, Baionako ikastetxe batera sartzen.
Ikasle batzuk, atzo goizean, Baionako ikastetxe batera sartzen. GUIILAUME FAUVEAU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko irailak 3
Ikastetxera bueltatzeko egunak dira milaka etxetan. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan atzo hasi zituzten eskolak, eta Nafarroako ikastetxe batzuetan bihar dira ekitekoak. Datorren astelehenean hasiko dira martxan gainerako zentroetan. Unibertsitatez kanpoko ikasketetan 500.000 ikasle inguru jardungo dira ikasturte berrian. Ikasmaila baxuenetan argi sumatzen ari dira jaiotzen beherakada: ikasle gutxiago dauzkate, eta gelak ixten ari dira. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, kalkulatu du 50 bat gela gutxiago izango dituela aurten Haur eta Lehen Hezkuntzan.

Badira ikasturte batzuk ikasle beherakada sumatzen ari direla. Batik bat adin talderik txikienetan nabaritu dute, jaiotzekin lotuta; Bigarren Hezkuntzara oraindik ez da heldu galera hori. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, denera 67 gela itxiko dituzte aurten Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta hemeretzi zabalduko. Itxitako gelen ia erdiak 2 urteko ikasleei dagozkie. Beherakada antzekoa da ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan.

Ikasleen galera horrekin kezka agertua dute hezkuntzako eragile hainbatek, ikastetxeetan eragin handia izan baitezake —gogoan izan behar da eskola batzuk itxi egin dituztela azken urteotan—. Kontuan izatekoa da biztanleriari buruzko iragarpenek zer dioten: jaiotza tasa gehiago jaitsiko dela. Haur gutxiago eskoletan, hortaz.

Ikasleen beherakada ez ezik, ikasturte honetan hizpide izango dira beste gai ugari ere. Hona hemen ikasturteko ardatz nagusiak:

LEGE ALDAKETAK

Jaurlaritzaren proiektua

Hezkuntza legeek jarriko dute zeresana ikasturte honetan. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren esparruan, hilabete gutxi barru izango dira nobedadeak: hezkuntza legerako aurreproiektua aurkeztuko du Hezkuntza Sailak. Urte bukaerarako hitzemana dute. Legealdiaren amaieran sartuta dago gobernua —urtebete barru izango dira bozak, aurrerapenik ez badago—, eta ziurra da jadanik ez dagoela astirik halako lege bat onartzeko.

Eztabaida zabaltzea izango da, beraz, agintaldi honetako jomuga. Eta badago eztabaida: sare publikoaren eta itunpekoaren tokia, finantzaketa, hizkuntza ereduak, migratzaileen eskolatzea, ebaluazio sistema, oraingo emaitzak... Adostasuna lortzeko zailtasunak bistakoak dira, bai eragileen artean, bai alderdi politikoen artean.

Lege horretan eragina izango du Madrilgo egoerak. Espainiako Gobernuak jardunean darama denbora luzea, eta airean daude hezkuntza legea aldatzeko proposamenak. LOMCE dago indarrean, nahiz eta neurririk irmoenak geldiarazita dauden —errebalidak, esate baterako—. Gobernu sozialistak lege proiektu bat onartu zuen legea aldatzeko —finean, aurreko legera itzuliko litzateke—, baina, hauteskunde aurrerapenen eta gobernua osatu ezinaren ondorioz, etenda dago prozedura.

Parisen bai, bete-betean ari dira hezkuntza erreformarekin. Uztailean onartu zuten lege berria —Konfiantzaren eskola batentzat izenekoa—, eta indarrean jartzen hasiko da Frantziako Gobernua. Besteak beste, legeak dio 3 urterekin eskolatu behar direla umeak. Badira neurri sinbolikoagoak ere: Frantziako eta Europako banderak eduki beharko dituzte ikastetxeetan, eta Marseillaise ereserkiaren letra ere bai. Parisko gobernuak abian dauzka erreforma gehiago; kolegioetan eta lizeoetan, esaterako. Sindikatuek protesta ugari egin dituzte erreformen kontra, irakasle postuak galtzea ekarriko dutelakoan.

EUSKARA

Murgiltzea sare publikoan

Frantziako Hezkuntza Ministerioak protesta gehiago ere eragin zituen iaz Euskal Herrian: euskararekin lotutako erabakiek sortu zuten ezinegona. Batetik, Seaskako irakasle postuak: ikasle gehiago dituzte ikastolek —beste ikastola bat ireki dute, Arbona-Ahetzen (Lapurdi)—, eta Parisek ez zion eman nahi eskatutako irakasle kopurua. Azkenean, uztailean sinatu zuten akordioa. Frantziak beteko ote duen, kezka hori agertu du Seaskak, aurreko urteetan ez baitu bete. Bestetik, sare publikoan izan da ika-mika: pixkanaka hedatzen ari da euskarazko murgiltzea, esperimentazio bidez, baina Paris eteten saiatu da, funtsik gabeko susmoak zabalduz: «Murgiltze ereduan atzerriko ala eskualdeko hizkuntza baizik ez da irakasten». Beste bi eskola publikotan sartu dira murgiltze ereduan ikasturte honetan.

Nafarroan ere gutxinaka ari da zabaltzen D eredua hegoaldeko sare publikoan. Gobernuak bidea erraztu du taldeak osatzeko. Ikusteko dago zer jokabide hartuko duen Hezkuntza kontseilari berriak, Carlos Gimenok (PSN): jada iragarri du ez duela onartuko D ereduko gelak «artifizialki» sortzea. Gogoan izatekoa da urteotan Gimeno irmo jardun dela euskarazko eredua sustatzearen aurka.

IRAKASLEAK

Belaunaldi aldaketa

Milaka ikaslerentzat dira eskolan hasteko egunak, eta milaka irakaslerentzat ere bai. Ehunka batzuek, gainera, eskola berria izango dute, udako oposizioetan lortutako postua. Aldaketa handiko urteak dira: aurten, 2.468 postu eskaini dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta iaz, 1.836. Eta izango dira gehiago datozen urteetan. Argia da Jaurlaritzak emaniko datu hau: irakasleen erdiek 50 urtetik gora dituzte.

Oposizioetan gorabehera handiak izan ziren iaz: Hegoaldean, hutsik geratu zen lau lanpostutik bat, hautagaiek ez zutelako azterketa gainditu. Jaurlaritzak ez du halako arazorik izan aurten, baina bai Nafarroako Gobernuak: hutsik geratu da bost postutik bat. Eragile batzuek oposizio ereduaz eztabaidatzen hasi nahi dute.

LAN GATAZKAK

Kristau Eskolako grebak

Aurreko ikasturte osoa gatazka batean egin zuten Kristau Eskola sarean —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoak biltzen ditu—: greba egin zuten 24 egunetan. Negoziazioak blokeatuta daude, ados jartzeko zantzurik gabe: sindikatuak lan itun berria eskatzen ari dira, hamar urte baitaramatzate hitzarmenik gabe; Kristau Eskolak dio ez daukala baliabiderik langileen aldarrikapenei erantzuteko, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio finantzaketa areagotzeko. Greba mugagabearen hotsak entzuten hasi dira. Sindikatu guztiak elkar hartuta egon dira orain arte, baina UGT atera egin da batasunetik —ordezkarien %3 dauzka UGTk—.

Arlo publikoan, ELA ez beste sindikatuek sinatu zuten akordioa Jaurlaritzarekin, baina gorabeherak izan dituzte ezarpenean. Berriro mobilizazioetan hasteko aukera aipatu dute sindikatuek.

UNIBERTSITATEA

Hedapen betean

Ikasle kopurua jaisten hasi da lehen irakastaldietan, baina unibertsitatean zabaltzen ari da ikasketa eskaintza. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan izango da aurtengo berritasun nagusia: Medikuntza gradua jarriko dute martxan. Urteetan, Nafarroan ez dute Medikuntza ikasteko aukerarik izan sare publikoan —Opusen unibertsitateak bai, ematen du—, eta 60 ikaslerekin hasiko du bidea. Gaztelania hutsez emango dute gradua. NUPen gaur hasiko dituzte eskolak, eta beste bi gradu ere jarriko dituzte abian: Historia eta Ondarea, eta Psikologia. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean astelehenean hasiko dituzte eskola gehienak. Berritasun nagusia gradu bikoitzetan izango du, beste bost ipini baititu martxan.

Unibertsitate pribatuak ere hedapenean dira. Mondragon Unibertsitateak bikoiztu baino gehiago egingo du Bilboko eskaintza: hiru gradu emango ditu, eta sei master. Deustuko Unibertsitateak aurten zuen hastekoa Medikuntza gradua, baina ez du astirik izan: datorren urtean abiatuko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna