Koronabirusa. Sindikatuen protestak

Osakidetzako «sakoneko arazoei» heltzeko eskatu dute sindikatuek

Protestak egin dituzte lehen arretako zentroetan. Langile gehiago eskatu dituzte, eta murrizketetan «galdutakoa berreskuratzea». Osasun Sailak dio «benetako konpromisoa» duela «sendotzeko»

Osasun langileak, afixak eskutan, Bilboko Errekaldeko osasun zentroan, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
«Kito, nahikoa da». Mezu argi bat, osasun langileen eskuetan, afixa beltzen gainean gorriz idatzita, alarma egoeraren erakusgarri; eta maskaren gibelean, haserre begiradak. Horixe zen atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen arretako zentro ugaritan ikus zitekeen argazkia. Osasungintzako sindikatuek deituta egin zuten protesta atzo lehen arretako zentroetan, baina ez da lehena izanen: irailaren 25ean ospitaleen sarreran biltzera deitu dute, eta urriaren 3an, berriz, manifestazioa eginen dute Bilbon.

Osasun sistemaren gabeziak «ageri-agerian» utzi ditu koronabirusak, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek salatu dutenez. «Egiturazko arazoak» baitira egunerokoan dituztenak, eta ez COVID-19ak sortuak: «Krisi sanitarioak ederki asko erakusten digu azken urteetako murrizketek osasun publikoa ahuldu dutela», salatu du Juan Carlos Plazaola LABeko delegatuak, denen izenean. Arazo horiei «heltzeko» eskatu diote Osakidetzari mobilizazioen bidez: «Protestekin hasi beste erremediorik ez daukagu, Osakidetzak sakoneko arazoei benetan hel diezaien».

Elkarretaratzeetan, askotariko osasun langileak: erizainak, erizain laguntzaileak, medikuak... Donostiako Amara Berriko osasun zentroan, erraterako, erizain batek eman du egoeraren berri, arazoak errenkadan zerrendatuta: «COVID-19a dela-eta lan kargak handitu egin dira, errefortzurik ez dago, eginkizunak bikoiztu egin dira, eta langilerik ez dute gehitu». Irmo mintzo da: haserre. ELAko itsasgarria du paparrean, baina ez du izenik eman nahi: «Zentro batean, adibidez, hamahiru mediku zeuden tokian, oporrak direla-eta, eta langile falta dagoelako, lan guztia egin behar izan dute lau edo bosten artean». Argi utzi du egiturazkoa dela arazoa. «Gertaera hau ez da COVID-19ak ekarria: lehenagotik zetorren. Eta COVID-19arekin eztanda egin du». Bat dator Ignacio Sanroma SMEko Gipuzkoako idazkaria: «COVID-19a ez da kausa izan, abiarazlea baizik. Arazoak lehenagotik zetozen: egiturazkoak dira». «Jendea beldurrez dago», gehitu du CCOO sindikatuko erizain laguntzaile batek: «Nahi dugu denek materiala edukitzea, eta segurtasunez lan egitea. Gauza asko hobetu behar dira».

Gauza horien artean, eskaera zehatzak egin zizkieten atzo sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzari: osasun publikoaren aurrekontua Europako Batasuneko batezbestekoarekin parekatzea, eta aurrekontu horren %25 lehen mailako arretara bideratzea; langile kopurua handitzea; behin-behineko langileak egonkortzea; «murrizketa bidez galdutakoa» berreskuratzea; «esku pribatuetan jarritako zerbitzuak» berreskuratzea —enplegua mantenduta—; eta «segurtasuna eta osasuna bermatzeko» neurriak hartzea.

Osakidetza: «Ez da unea»

Berehala erantzun zieten Osakidetzak eta Osasun Sailak langileek egindako eskaerei. Haien ustez, atzokoa ez zen«unerik egokiena» protestarako. Adierazi zuten Eusko Jaurlaritzak lehen mailako arreta eta osasun publikoa «sendotzeko duen konpromisoa benetakoa eta erabatekoa» dela, baita 4.000 lanpostu sortzea «aurreikusten» dutela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.