Albistea entzun

Euskara udalerri euskaldunetan

Euskararen erabilera atzeraka ari da, nabarmen, udalerri euskaldunetan

Eremu euskaldunenetan izan dira galerarik handienak, bai erabileran eta bai lehen hizkuntza euskara dutenen zenbatekoan, Uemak aztertu duenez. Ezagutzan, eten egin da azken urteotako beherakada
Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko azaroak 17

Geroz eta gehiago dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan udalerri euskaldun izendatuak; hots, euskararen ezagutzan %70eko langa gainditzen dutenak. Geroz eta biztanle gutxiago biltzen ditu, ordea, eremurik euskaldunenak. Eustatek Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuaren gainean berriki emandako datuek berresten dute, halaber, okerra dela proportziozko bilakaera espero izatea ezagutzaren eta erabileraren artean: baldintzak eta hiztunen profilak aldatu direla, baita beste hainbat aldagai ere, eta erabileraren igoerarik txikiena lortzeko ahalegina handiagoa dela lehen baino.

Ikusi gehiago: «Euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten da»

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak xehatu egin ditu Eustatek emandako datuak, eta udalerri euskaldunetako egoerari erreparatu dio, hiru aldagai soziolinguistiko aztertuta: euskararen ezagutza, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera.

EUSKARAREN EZAGUTZA

Udalerri euskaldunetan, herritarren %73 dira gai euskaraz ondo egiteko, %13k euskaraz ulertzen dute, eta %14k ez. Ezagutza handiagoa da laugarren gune soziolinguistikoan —euskaraz dakitenak %80 baino gehiago direnetan—: %84k dakite euskaraz, %8k ulertzen dute, eta %8k ez. 2011n beherakada sumatu zen udalerri euskaldunetako ezagutzan, eta berriz ere goranzko joera hartu du azken neurketan, baina 2001ekoaren azpitik segitzen du.

Laugarren gune soziolinguistikoan ere eten da ezagutzan izandako galera, baina oraindik ia bost puntu azpitik dago 2001eko ezagutza proportziotik (%89,2).

Ezagutzaren arabera multzokatuta ikusten da agerien zer joera hartu duten. Lau talde banandu ditu Uemak: 1981ean euskaldunak %90-100 ziren herriak, %80-90 zirenak, %70-80 zirenak eta %60-70 zirenak. Bada, ertzetako bi multzoetan izan dira gorabeherarik handienak. Euskaldunenean, 11 puntuko jaitsiera izan da ezagutzan, eta %60-70 euskaldunak zituzten udalerrietan, 7 puntuko hazkundea. Beste bi tarteetan, apenas izan den aldaketarik. Udalerriak banaka hartuta ere ikusten da euskaldun dentsitate handieneko herrien urritzea. 1981ean 48 udalerrik (30.789 biztanle) gainditzen zuten %90eko atalasea, eta iaz, hamarrek (3.777 biztanle).

LEHEN HIZKUNTZA

Hamarkadatik hamarkadara berresten den joera da: gero eta txikiagoa da euskara lehen hizkuntza dutenen proportzioa udalerri euskaldunetan. Gaur egun, biztanleen erdiak dira.

Beherakadarik handiena laugarren gune soziolinguistikoko udalerrietan izan da: 30 urtean hemezortzi puntukoa. 2011tik hona ez da izan aurreko hamarkadan adinako jaitsierarik, baina apaltzen jarraitu du. Esanguratsua da gune horretan lehen hizkuntza euskara edo gaztelania ez duten herritarren proportzioan izan den gorakada. «Biztanle mugimenduak daude horren oinarrian, ez transmisioaren haustura bat: euskaldunen transmisioa oso sendoa da udalerri euskaldunetan, inon baino sendoagoa», zehaztu du Uemak.

Herriz herriko bilakaera ere aztertu du Uemak; zenbatek duten lehen hizkuntza euskara. Beherakada agerikoa da: 1991n, 52 udalerritan herritarren %90ek baino gehiagok zuten, eta, orain, ez dago atalase horretara iristen den udalerririk. Are, tarte berean euskara lehen hizkuntza dutenen zenbatekoa handitu den udalerri euskaldunik ere ez dago. Hiru motatan sailkatu ditu udalerri euskaldunak Uemak: «euskararen transmisioaren nagusitasunik gabeko udalerriak», euskara lehen hizkuntza dutenak %60ra iristen ez direnak; «euskararen transmisioaren nagusitasun erabatekorik gabeko udalerriak», herritarren %60-80k euskara lehen hizkuntza duten herriak; eta «euskararen transmisio sendoko udalerriak», bost herritarretik lauk baino gehiagok euskara lehen hizkuntza dutenak. Azken mota horretako udalerri guztiak txikiak dira, mila biztanle baino gutxiagokoak.

ETXEKO ERABILERA

Paretsu daude euskara (%41) eta gaztelania (%38) udalerri euskaldunetako etxeko erabileran, eta, tartean, bada azken hamarkadan hazi den multzo bat: biak antzera erabiltzen dituztenena (%18). Laugarren gune soziolinguistikoan handiagoa da euskara erabiltzen dutenen proportzioa: %59. Hala ere, beherakadarik handiena ere han izan da: %81ekoa izatetik %59koa izatera pasatu da 30 urtean. Beherakada txikiagoa izan da eremu euskalduna osorik hartuta: %54tik %41era. Hein txikiagoan, gaztelaniaren erabilerak gora egin du udalerri euskaldunetan; zehazki, zortzi puntu azken 30 urteetan. Laugarren gune soziolinguistikoan 1981ean halako bi aritzen dira gazteleraz etxean.

Udalerriak lau multzotan banatu ditu Uemak, Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren sailkapen proposamenean oinarrituta. «Erdara nagusi duten udalerri euskaldunak» dira zenbait herri: Hernani, Urretxu, Hondarribia... Euskararen erabilera %40tik beherakoa dute. Multzo handiagoa da «nagusitasun argirik gabeko udalerri euskaldunena». Euskararen erabilera %40-60koa da horietan, eta ia guztietan egin du atzera. Zenbaitetan, 20 puntutik gora azken 30 urteotan. Atzerakada izan dute «euskararen nagusitasun erabatekorik gabeko udalerri euskaldun» gehienek ere. Talde horretako udalerrietan %60-80ko erabilera dute, eta duela 30 urte, %80tik gorakoa. Azkenik, oso gutxi dira euskararen nagusitasun handikoak», etxeko erabilera %80tik gorakoa dutenak. Tamainaz, gainera, txikiak dira. Galera handia izan dute guztiek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elantxobeko portua, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Urpekari bat hilda atera dute uretatik Elantxoben

Berria

10:00ak aldera atera dute gorpua, herritar batek abisua eman ostean. Ikerketa zabaldu du Ertzaintzak.

Suhiltzaile bat lanean, artxiboko irudi batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

95 urteko gizon bat hil da Bilbon, bere etxeak su hartu eta gero

Berria

02:00ak aldera gertatu da ezbeharra. Gizona bizirik atera dute suhiltzaileek, baina ospitalean hil da.

Ihintz Oliden, AEK-ko Ipar Euskal Herriko koordinatzailea. ©Guillaume Fauveau

«Zaila da irakasleak atzematea eta atxikitzea»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Urrian, AEK-k erakundeei galdegin zien laguntzak emenda ditzatela bere irakasleek hilabete sari duinak ukan ditzaten. Ez da deus aitzinatu geroztik, baina ikasleen galdea beti berdin azkarra da.

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean

Iker Tubia

Apirilaren 22an izango da, Landa Eremuaren Nazioarteko Egunean. Erdizen egin asmo duten meategiaren kontrako protestetan ari dira

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.