Koronabirusa

ZIUetako okupazioak gora egin du, eta 200 gaixo daude ospitaleratuta

1.527 kasu egon dira Hegoaldean. Gorlizko ospitaleko erien %20 eta langileen %10 kutsatu dira

Zainketa intentsiboetako unitatea, Gurutzetako ospitalean. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Positiboen kopuruak igo ahala, larriagotu egin ohi da ospitaleetako egoera ere. Hegoaldean, atzoko datuak oinarri, 957 pertsona daude ospitaleratuta. Horietatik 757 ospitaleetako gela arruntetan daude, eta 200 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Hain justu, eremu horretako oheen okupazioa igotzen ari da. Espainiako Osasun Ministerioak emaniko datuen arabera, Osakidetzako ZIUen %32 beteta daude; Osasunbideko %43.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileakatzo ohartarazi zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datozen bi asteetan ospitaleratzeak areagotzea espero dela, eta ospitaleratuen laurdenak ZIUetan ospitaleratu behar izatea. Halere, azpimarratu zuen egoerari aurre egiteko «gaitasuna» dagoela, eta ZIUetan ohe gehiago jartzeko aukera ere mahai gainean dagoela. Positiboen kopuruak ere gora egin du. Herenegun 1.527 positibo atzeman zituzten, aurreko egunean baino 167 kasu gehiago: Araban, 110; Bizkaian, 631; Gipuzkoan, 553; Nafarroan, 217. Beste hamazazpi kasuak EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira. Guztira, 16.949 PCR eta antigeno proba egin ziren, eta egindako proben %9k eman zuten positibo.

Hildakoei dagokienez, Nafarroan beste lau pertsona hil dira, eta zahar etxeetan, berriz, egun, 136 positibo daude. Gorlizko (Bizkaia) erietxean bisitak eten dituzte agerraldi bat atzeman ostean. Osakidetzaren datuen arabera, guztira, erien %20k eman dute positibo, eta langileen artean %10 dira kutsatu direnak. Ez dute hartuko paziente berririk, eta kontsultak gelditu dituzte, kutsatze katea hausteko asmoz. Ospitalea osoki desinfektatu dute. Gainera, bi agerraldi atzeman dituzte: bata, Lesakako zaharren egoitzan; eta, bestea, Iruñeko San Fermin klinikan. Bizkaiko Foru Aldundiak ere egoitzetako egoeraren berri eman zuen, eta jakinarazi azken egunetan ez dela hildakorik egon. Hala ere, 58 egoiliar daude kutsatuta. Arabako egoitzetan, beste zazpi positibo erregistratu dituzte, eta, beraz, 45 kasu daude. Gipuzkoan, egoiliar bat hil zen atzo, eta 188 positibo daude.

Hogei milioi dosi

Pfizer botika etxeak herenegun jakinarazi zuen lantzen ari den txertoak %90eko eraginkortasuna duela. Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak, berriz, atzo aitortu zuen «etorkizun handikoa» dela txertoa. Haren arabera, espero dute maiatzerako txertoaren hogei milioi dosi eskura izatea, eta horietatik hamar milioi pertsona immunizatu ahal izatea. Izan ere, txertoa eraginkorra izan dadin, bi dosi jarri behar dira. Nabarmendu zuenez, urte honen amaieran edo hurrengoaren hasieran txertoa jartzen hasteko moduan egongo dira ziur asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.