Baliabide gehiago eskatu dituzte Osakidetzako lehen arretarako

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Lehen arreta indartu egin behar da kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko». Berriro eskaera hori atera zuten kalera atzo ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, Osakidetzako lehen arretan aurten eginiko hirugarren greba egunean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, %14,4k egin zuten lanuztea, baina beharginen ordezkariek erantzun zuten «greba egin dezaketenen %50ek» hartu zutela parte. «Arrakasta bat da, kontuan hartuta gutxieneko zerbitzuak nolakoak diren; eta langileen nekea adierazten du», esan zuen CCOOko ordezkari Iñigo Garduñok Bilbon, manifestazio aurretik eginiko adierazpenetan.

«Lehen arretaren egoera bereziki larria da, eta okertu egingo da neurriak hartu ezean», berretsi zuen ELAko bozeramaile Esther Saavedrak. «Zuzeneko harremana dago lan zamaren eta grebaren jarraipenaren artean; Osakidetzak irakurketa hori egin behar du», erantsi zuen Amaia Mayor SATSEko kideak. Zerbitzuez ere jardun zen Garduño: «Etengabeko arretaguneetako ordutegiak berreskuratu behar dira; Gabonetan, Jaurlaritzak esan zuen mozketa koiunturala izango zela».

Udara begira jarri zen Ana Vazquez UGTko osasun arduraduna: «Beste urte batez, udan zentroak itxi eta ordutegiak murriztuko ditu; beraz, arazo horiek aurreikusi eta konpontzeko eskatzen diogu». LABeko Ana Tere Alvarezek, berriz, oroitu zuen Osakidetzako garbitzaileak ere greban direla egunotan: «Zerbitzuak pribatizatzeari utzi behar diote».

Horrez gain, negoziatzeko eskatu zioten behin eta berriro Osakidetzako zuzendaritzari, eta mahai sektoriala edukiz betetzeko. Izan ere, otsaileko grebetan eginiko plantoaren ostean, apiril hasieran bilerara itzuli ziren sindikatuak, baina batzarra amaitu baino lehen altxatu egin ziren. Mayorrek azaldu zuen atzo bertan jaso zutela hilabete amaieran mahai sektorialean biltzeko deia: «Argi dago mobilizatu ezean Osakidetzak ez duela hitz egiteko borondaterik». Maiatzaren 16rako beste greba egun batera deitu dute sindikatuek: ospitaleetan eta buru osasuneko sarean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.