Eva Blanco hautagai izango da EAko idazkari nagusi izateko

Ramirezek gaur aurkeztuko ditu abalak, Iruñean. Kritikoek salatu dute zuzendaritzak entzungor egin nahi diola Berme Batzordeari

Eva Blanco, Eusko Legebiltzarrean, iazko azaroaren 15eko saioan. J. F. / FOKU.
jon olano
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Eusko Alkartasunak urriaren 25ean egingo ditu idazkari nagusia aukeratzeko hauteskunde primarioak, eta hautagaitzak aurkezteko epea gaur amaituko da; bi kide lehiatuko dira idazkarigai nagusiak izateko: asteazkenean, Maiorga Ramirezek jakinarazi zuen bere burua aurkezteko asmoa, eta, atzo, beste horrenbeste egin zuen Eva Blancok, beharrezko abalak lortu eta gero. Alderdiak ezohiko nazio batzarra egin zuen atzo arratsaldean Gasteizen, eta Blancok bertan eman zien alderdikideei bere asmoen berri.

Blanco (Amurrio, Araba, 1973) EAko Kontseilu Nazionaleko kidea eta Eusko Legebiltzarreko presidenteordea da, eta EH Bilduren alkategaia izan zen Amurrion 2015eko udal hauteskundeetan. Atzo, Radio Euskadin esan zuen EAren proiektua «indartzeko» garaia dela: «Egoera zailean gaude, eta alderdi honek premiazkoa du kohesionatzea eta denek norabide berean lan egitea».

Ramirez (Iruñea, 1976), berriz, Nafarroako Parlamentuko bigarren idazkaria da, eta gaur 13:00etan aurkeztuko ditu abalak, Iruñeko alkartetxean. Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak asteburua izango du bi hautagaitzek baldintzak betetzen dituzten aztertzeko, eta astelehenean izendatuko ditu balekoak direnak. Hauteskunde kanpaina asteartean hasiko da, eta gaur hamabost egingo dute bozketa.

Orain arte, ildo kritikoak esana zuen primarioen prozesuak ezin zuela aurrera egin Berme Batzordeak, uztailean, bertan behera utzi zuelako prozesu hori erregulatzen duen araudia. Ostiralean, ordea, Berme Batzordeak primarioei buruzko araudiaren zenbait atal moldatu zituen, «barne demokraziaren parametroetara» egokitzeko, Ramirezen esanetan. BERRIAk jakin duenez, hautagai bakoitzak aurkeztutako abalen baldintzen aldaketan dago gakoa: ekainean onartutako araudiak zioen hautagaiek bost abal behar dituztela gutxienez herrialde bakoitzean, eta 50etik gora Euskal Herri osoan; ostiraleko aldaketak ezabatu egiten du herrialde bakoitzean bosna abal lortzeko baldintza, herrialde bakoitzeko afiliatu kopurua oso ezberdina delako.

Ebazpen horrek, ordea, bi ildoen arteko arrakala txikitu beharrean, handitu egin du. Kritikoek salatu dutenez, zuzendaritzak atzoko batzarrean proposatu zuen Berme Batzordearen azken ebazpena aintzat ez hartzea eta ekainaren 13an onartutako bertsioa erabiltzea. Horren aurrean, 39 kidek agiri bat sinatu zuten, ohartaraziz Batzar Nazionalak bete egin behar dituela Berme Batzordearen ebazpenak eta hala ez egiteak «erantzukizun judizial larriak» izan ditzakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.