urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Errege berria Espainian

2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Nire adineko lapurtar batek bost estatu buru ezagutu ditu bizitzan zehar. Nik aldiz, bigarrena dut; gure aitak ere, hirugarrena. Hirurak militarrak, hirurak ere herritarren bozik gabe gabe hautatuak.

Dena presaka eta korrika gertatu da, ospakizun handirik gabe, egonkortasunaren izenean. Espainiako Estatua gidatzen duten indarrek sumatuko balute bezala aldamioaren hauskortasuna, eta haren gaineko figura aldatzeak, edozein aldaketak egiaz, dena hankaz gora bota dezakeela. Eta hori, ez dela monarkiaren aurkako mugimendu erraldoirik sortu. Bai, errepublikano asko mobilizatu dira, kalera irten dira milaka lagun, baina ez dirudi Estatu-egitura astintzeko besteko mobilizazio kolektiborik izan denik. Bestela esanda, estatuburuaren aldaketa pentsatu zuenari ondo samar atera zaiola jokaldia.

Ez da nazioarteko agintaririk izan Madrilen, hiriburuak berak oso hotz hartu du Felipe Borboikoa errege izendatzea, hainbat iruditan ikusi den legez. Baina ez ote da hori izan gura zutena? Ahalik eta profil txikiena eman egun berezi hauei, inor aztoratu ez dadin, sare sozialak sutu ez daitezen —edo, sua hartzekotan, sare sozialetan gera dadin jendea, eta ez kalean—, eta Estatuko alderdi nagusiek bat egin dezaten sistemari eusteko.

Plano teorikoan, suma zitekeen azken aldian errepublikanismo puntu bat Espainiako eskuinean eta eskuin muturrean, PSOE eta PPtik kanpoko indarretan, baina egiaren ordua iritsitakoan, argi geratu da errepublikazaleak ezkerrean daudela oraindik ere, artikulugile edo teoriko antimonarkiko ultraren bat edo beste kenduta.

Badira zantzuak Espainiako sistema agortu dela erakusteko, baita espainiar herritarren artean ere. Baina hari eutsi dioten bi alderdiek erronka nagusia, are bakarra, nazio-egituran izan dute, nortasun plurinazionala ezin onartuan eta Espainiaren ideia uniformea inposatzeko tradizio historikoan.

Pentsa liteke, beraz, alderdi sistema hori higatuta eta usteltzen balebil ere, Katalunian pentsatzen egin dela 2014ko ekaineko operazio hau. Mediterraneoko nazioak data eta erronka jarrita baititu, eta gizarte sendoa ageri badu ere horren atzean, muskuluak tinkatuta daramatzan herri mugimendua, pitzadura txiki batek kalte handia egin lezake halaber.

Bai, oraingoz pitzadura unionismoak ageri du, PSC erabat zatituta uzten ari da eta. Baina Felipe VI.ak edo hark ordezkatzen duen estatu-ereduak, itxura hutsez balitz ere, planteamendu berritzaileren batekin CDC independentismora ekartzea lortuz gero, garaipen handitzat izango lukete.

Ziur aski horrek CDCren suizidio politikoa ekarriko luke, agian prozesua atzeratzea baino ez luke eragingo, baina argi dago herri bat ezin duzula betiko esprintean izan. Eta gol parrastaz galtzen ari zarelarik, berdindu eta luzapena lortzea, amaiera atzeratzea, garaipentzat jo liteke.

Adi egon beharko da, beraz, betikoak iraun dezan egin duten aldaketa honen ondorioetara. Horrelakoak, helbururen batekin egiten baitira beti. Eta 90 egun, hiru hil baino gutxiago falta dira udagoieneko zurrunbilo zororako: Eskozian baietza ehuneko 48raino iritsi da inkestetan, hamabi aste bada denbora sobera, falta dituzten puntu biak eskuratzeko. Laborista ugarik baietzaren aldeko kanpainarekin bat egin du, unionismoak autonomia gehiago agindu du, gehiagorik zehaztu gabe, beldurraren estrategiak porrot nabarmena ekarri duela ohartuta. Eta, lehen aldiz prozesu sezesionista batean, jarrera kontserbadoreak izan ohi dituzten gutxiengoek —etorkinek esaterako—, independentismoaren alde egin dute Eskozian: Erresuma Batu atzerakoi horren aurrean askoz proposamen zabalagoa eskaini diete Estatu berria eratu nahi dutenek.

Beste horrenbeste ari da gertatzen Katalunian. Estatu berriaren ilusioa pizgarri itzela ari da bihurtzen erregimen zaharra oso ondo ezagutzen dutenentzat, izan jatorriz katalan, Espainiatik etorriak zein beste edonondik. Susmoa dut Felipe VI.aren trikimailua ere hortik joan beharko dela, Espainian estatu berri bat sor daitekeela agintzea, denok lekua izango dugun estatua eta hori guztia. Baina hor ere, osasuntsuena eta ziurrena, nork bere estatua eratzea. Gero ere egongo da elkartzeko aukerarik, nahi izanez gero. Bruselan edo New Yorken, Nazio Batuen Erakundean esaterako, nork bere aulkia daukala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.