AP-1aren loturak, Arabako Errepide Planaren lehentasunen artean

Aldundiaren 2027ra arteko asmoek 406,84 milioiren aurrekontua dute. Etxabarri Ibiñako AP-1eko muturrari jarraipena ematea iradoki du
Etxabarri Ibiñako AP-1 autobideko bidesaria.
Etxabarri Ibiñako AP-1 autobideko bidesaria. JUANAN RUIZ / FOKU

Jon Rejado -

2018ko uztailak 6
2027ra arteko Arabako Errepide Planaren lehentasunen artean, AP-1ak eragin argia du. Bide horren bi muturretan obrak egitea aurreikusi du Arabako Foru Aldundiak: batetik, Armiñongo muturrean, A-1 errepiderako lotura errazteko; bestetik, Etxabarri Ibiñako muturretik Gasteizerako zatian ere hobekuntza lanak proposatu ditu. Obra horiez gain, Josu Lopez Ubierna Arabako Bide Azpiegituren diputatuak iragarri du aipatu autobidea eta Arasur plataforma logistikoa lotzeko proposamena egingo diola Espainiako Sustapen ministroari.

Lopez Ubiernak 2016-2027 urteetarako Arabako Errepide Planaren aurreproiektua aurkeztu zuen atzo, Batzar Nagusietan. Plan horretan, 290 esku hartze daude jasoak, eta 406,84 milioi euroren aurrekontua aurreikusi dute lan horiek egiteko. Esku hartze horietako batzuk, esan bezala, AP-1 autobideak eraginda egingo dira. Urte honen amaieran bidesaria kenduko diotela-eta, Armiñongo lotura hobetzeko hainbat lan jaso ditu planak.

Etxabarri Ibiña eta Gasteizko sarreraren arteko N-622 errepidearen zatia hobetzea ere lehentasunen artean jarri dute. Hain zuzen, errepide horrek lotzen ditu AP-1 eta A-1 bideak, eta, gaur egun, Araban ibilgailu gehien hartzen duenetako bat da: 30.000tik gora egunero. Hori dela eta, aipatu autobidearekin eta autobiarekin dituen loturak hobetzeko asmoa agertu du Lopez Ubiernak.

AP-1a luzatzea iradoki dute

AP-1 errepidea, lehentasunetan ez ezik, etorkizunera begirako asmoetan ere agertzen da. Hain zuzen ere, aldundiak iradoki du zerbait egin beharko litzatekeela Etxabarri Ibiñako AP-1 muturrarekin. Hiru aukera jaso ditu planean: N-622 errepidea zabaltzea eta beste bide bat gehitzea; Etxebarri Ibiñako errepidea Forondako aireportutik luzatzea Langraiz Okaraino; edo Armiñongo muturrarekin lotzea. Azken bi horiek Arabako Lurralde Sektore Planarekin bat datozela gaineratu dute planean.

EH Bilduko batzarkide Iñaki Ullibarrik kritikatu egin du ibilgailuen zirkulazioaren gorakadari errepide gehiago eginez erantzutea, eta ez zirkulazio hori baretzen saiatuz. «Oraindik ere aurreko planeko lanak egiteko daudela, aldundiak indarrak jarri nahi ditu errepideak egiteko asmoetan». Jose Javier Bizarro Orain Arabako batzarkideak beste kezka bat agertu du gune horretan egiten den edozein lanen inguruan. «Kontuan hartzekoa da inguru horretan uholdeak izaten direla maiz», ohartarazi du.

Lopez Ubiernak nabarmendu du aurreko planaren jarraipena dela atzo aurkeztutakoa. «Planean berritasunak egoteak ez du esan nahi lehentasun direnik. Aurreko planeko lan batzuk egiteko ditugu». Horren harira, nabarmendu du lehentasunezko bi obra nagusi daudela oraintxe, aurreko planean jasotakoak. Horrez gain, azaldu du atzo aurkeztutako plana aurreproiektu bat dela. Beraz, 45 egunez, abuztua salbu, zuzenketak aurkezteko aukera egongo da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: