Izurri aroko baztertuen erretratua

Caritas eta Foessa erakundeek COVID-19ak eragindako krisiaren «erradiografia soziala» egin dute aurtengo txostenean. Adierazi dute muturreko bazterketa areagotu dela pandemiaren ondorioz.

Guraso bakar diren emakumeen artean, gizarte bazterketa %32koa da; batez bestekoa baino askoz ehuneko handiagoa da hori. FOESSA FUNDAZIOA.
Ion Orzaiz.
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Esan zuten inor ez zela atzean geratuko, baina geratu dira. Ez bat eta ez bi. Asko dira pandemiaren ondorioz lehen baino okerrago bizi direnak. Pobreenak pobreago dira orain, eta are egoera makurragoan dira lehendik ere gizartearen bazterretan bizi zirenak. Koronabirusak eragindako krisiak gogor jo ditu sektore zaurgarrienak, eta, azken ikerketen arabera, handitu egin dira gizartea banatzen duten arrakala sozial eta ekonomikoak.

Errealitate hori zurian beltz jarri du Bazterketa eta Gizarte Garapena Euskadin 2022 izeneko txostenak. Caritasek eta Foessa fundazioak argitaratu dute, eta «COVID-19ak eragindako krisiaren lehen erradiografia soziala» dela adierazi dute bi erakundeotako arduradunek.

Espainian eginiko inkesta handiago baten parte da Euskal Herrian aurkeztutakoa: Foessa txostena deritzona. Hamar unibertsitatetako 30 ikerlarik parte hartu dute horretan, 7.000 inkestaren bidez. Hor jasota daude Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako datuak, baina era bereizian: Nafarroakoak, txosten orokorrean; Hego Euskal Herriko gainerako herrialdeetakoak, xeheago, EAErako propio argitaratu duten ikerlanean.

SIIS ikerketa eta dokumentazio zentroa arduratu da lurraldekako txostenak ontzeaz, eta argi-ilun ugariko errealitatea atera du azalera. «Bi ondorio nagusi utzi dizkigu txostenak», azaldu du Joseba Zalakainek, SIIS zentroko zuzendariak: «Alde batetik, eutsi egin diogu integrazio maila orokorrari, herritarren %57,7 bizi baitira gabezia nabarmenik gabe; hala ere, ugaritu egin dira muturreko egoerak, eta, hortaz, gehiago dira orain bazterketa larrian direnak».

Lehen kolpean, kontraesana dirudi esatea bizi kalitate eta integrazio maila on bati eutsi zaiola, eta, era berean, muturreko bazterketa areagotu dela, baina gizartearen «polarizazio» bati erantzuten diola uste du Zalakainek: «Bazterketari buruzko ehuneko orokorrak ez dira gehiegi hazi, baina lehendik ere bazterrean zirenak okerrago daude orain. Seguru asko, bazterketa egoera moderatu batean zirenetako asko koska bat beherago daude orain, muturreko bazterketaren multzoan. Askorentzat, arazoak larriagotu egin dira azken urteetan».

Datuei erreparatuta, panorama kezkagarria da: Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, 199.000 dira «bazterketa larrian» direnak, eta bada egoera are makurragoan dagoen multzo bat ere: Kanporatutako gizartea izena eman diote txostenean: «Bazterketa larriaren barruan, egoera muturrekoenean direnek osatzen dute: 2018an, 20.000 ziren; 2021ean, berriz, 100.000».

Nafarroari buruzko kopuru absoluturik ez dago Foessaren txostenean, baina Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak duela hilabete argitaratutako Bizi Kalitateari buruzko Adierazle Multidimentsionala txostenean jasotako ondorioak bertsuak dira: herritarren %6,2 dira «gabezia material larriak» dituztenak (41.000 inguru), 2019an baino 3,2 puntu gehiago.

Diru sarreren banaketan «desoreka» bat antzeman du SIIS zentroko zuzendariak: «2008ko krisi finantzarioa bukatu zenez geroztik, handitu egin dira herritar gehienen diru sarrerak, baina %10-20 inguruk okerrera egin dute. Hortaz, ondoriozta dezakeguna da bi abiaduratan mugitzen ari dela gizartea; gero eta okerrago banatuta daudela soldatak, errentak eta diru laguntzak. Aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa da».

Diru sarrerez harago

Zalakainek azpimarratu du bazterketa «pobreziaz harago» doala eta «dirudiena baino hedatuago» dagoela: «Bazterketa aipatzen dugunean, burura datorkiguna da etxegabe bat kalean lo egiten, baina ez da hori bakarrik. Gisa honetako ikerketei esker ikus dezakegu bazterketa askotarikoa dela, ez dela muturreko egoeretara mugatzen, eta uste duguna baino askoz jende gehiagori eragiten diola: herritarren %15i, gutxi gorabehera». Foessa txostenak «argazki osoago bat» eskaintzen duela uste duSIISeko buruak, beste ikerketatik at geratu ohi diren faktore batzuk ere neurtuta.

Hala, bazterketa neurtzeko tenorean, hainbat dimentsio hartu dituzte kontutan ikerlariek, ez soilik diru sarrerena. «Desorekak antzeman daitezke diru sarreren arteko arrakalan, noski, baina baita osasun egoeran eta hilkortasun tasan ere, aisialdian, hezkuntzan, parte hartze politikoan, teknologia berriak erabiltzeko aukeran...», esan du Zalakainek.

Lan merkatua da Foessa txostenak aztertu duen aldagaietako bat. Egun, diru iturri bakarra prekarioa edo egonkortasunik gabea da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 115.000 etxebizitzatan. Nafarroan ere, behin-behinekoa da lau kontratuetatik bat, eta halako lan bat dutenen %45ek nahiago lukete lanaldi luzeago bat izan.

Izan ere, SIIS zentroko zuzendariaren esanetan, kontratu bat izateak ez du ongizatea ziurtatzen: «Garai batean, lana zen bizi kalitatea eta bazterketa neurtzeko faktore ia bakarra: lana izan ala ez izan, horrek baldintzatzen zuen integrazio maila. Gaur egun, hori ez da nahikoa: lan egoki bat behar duzu. Ez soilik soldatagatik, baita erretiro adineko pentsioengatik ere. Lan txarrak, prekarioak, behin-behinekoak eta egonkortasunik gabeak dituztenak, adibidez, gero eta egoera makurragoan daude».

Generoa eta jatorria

Generoaren aldagaia ere aztertu dute ikerlariek Foessa txostenean. Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko arrakala «oso nabarmena» da datuetan: «Genero desoreka larria da guraso bakarreko etxebizitzetan: gizarte bazterketa egoeran dira talde horretako emakumeen %32», ikerlanean irakur daitekeenez: «COVID-19aren krisiak eragin handiagoa izan du sektore feminizatuenetan».

Jatorria eta adina faktore erabakigarriak dira ere: bazterketaren intzidentzia bost bider handiagoa da migratzaileen artean (%60), langabezia tasa askoz handiagoa dute, eta etxebizitzari lotutako arazo gehiago dituzte. Adinari dagokionez, berriz, 30 urtetik beherako gazteen bazterketa tasa batez bestekotik gora dago.

Azkenik, bazterketa faktore berri bat ere atzeman dute Foessa eta SIIS erakundeetako ikerlariek aurtengo txostenean: arrakala digitala. Gizarte bazterketa pairatzen duten familia unitateen ia erdiek nabaritu dute «itzalaldi digitala». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 64.000 etxebizitzatan, esaterako, «ohiko» fenomeno bihurtu da, eta «arazo larriak» eragiten dizkie 24.000 familiari. 65 urtetik gorakoei eta bakarrik bizi direnei eragiten die arazo horrek bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.