21. Korrika. Helduen euskalduntzea. Esti Amorrortu. Deustuko Unibertsitateko irakaslea

«Erabiltzeko aukerak sortu behar dira»

Euskara etxetik kanpo ikasi dutenak erabileran nola sartu, bi gako nabarmendu ditu irakasleak: jarrera proaktiboa hartzea euskaraz egiteko, eta autokontzeptu ona izatea, «legitimo» sentitzea.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko apirilak 14
Euskaldun berriei buruzko azterketa ugari egin ditu Esti Amorrortuk (Bilbo, 1969). Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, Euskal Hizkuntza eta Kultura Graduan. Ikerketa batean murgilduta dago orain ere: euskara etxetik kanpo ikasi duten gazteekin ari da. Euskaldun berriak erabilerara ekartzeko giltzarriei buruz jardun du.

Bi faktore gutxienez gakoak dira euskara erabiltzeko: gaitasuna eta ingurua. Euskaldun berrien kasuan, badago beste gakorik?

Bi faktore horiek oso inportanteak dira, baina, horiez gain, badaude beste bi oso garrantzitsuak. Batetik, jarrera proaktiboa izatea, konpromisoa: euskara hizkuntza gutxitua da, eta jarrera proaktiboa ez badaukagu, gaztelania edo frantsesa nagusitzen da. Bestetik, autokontzeptua: hiztun berria legitimo sentitzen den, eta beste euskaldunek zelan ikusten duten.

Euskaldun dentsitate txikiko lekuetan bizi dira euskaldun berri gehienak; Bilbo izan liteke adibidea. Badago aukerarik erabilera areagotzeko, gehienek etxean erdaldunak izanik eta kalean erdara nagusi izanik? Euskalduntzeko ahalegina ito egiten da?

Nahikotxo itotzen dira, bai. Orain ikerketa bat egiten ari gara gazteekin, eta ikusten ari gara askorentzat oso-oso zaila dela Bilboren moduko leku batean aukera izatea euskaraz egiteko. Gazteen kasuan, askotan, lagunak ere euskaldunak izaten dira, baina euren modukoak: zailtasunak dituztenak, eta ohituragatik oso zaila egiten zaienak harreman hizkuntza aldatzea. Ez daukate beste aukerarik, batez ere hezkuntza utzita. Hortaz, oso inportantea da aukerak sortzea: hiztun berriek behar dituzte leku eta egoera babestuak, non euskara lasai erabil dezaketen, sozialki zigortuta egon barik. Oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko aukerak sortzea testuinguru erdaldunetan.

Euskaldun berrien autokontzeptua aipatu duzu. Euskara mailarekin dago lotua hori, edo haragokoa da? Alegia, jariotasuna, erregistroa, euskalkia jakitea...

Ez dira ari bakarrik zuzentasunaz edo gutxi gorabeherako gaitasun mailaz, ez: inportanteagoa da nolako gaitasuna daukaten, eta ea balio dien. Alegia, izan dezakezu oso gaitasun ona maila akademikoan, aurkezpenak eta halakoak egiteko, baina lagunartean ibiltzeko egokia ez dena. Askotan aipatzen dute ez daukatela ahozko jariotasunik, erregistro kolokialik eta lekuan lekuko aldaerarik.

Horrekin lotuta, uste duzu aldaketarik egin behar dela euskara irakasteko moduan, eta ahozkoari garrantzi handiagoa eman?

Ahozkoak badauka garrantzia, kontuan hartzen da, baina gehiago landu beharko litzateke, bai helduen irakaskuntzan, bai umeen hezkuntzan. Hizkuntza bat, azken batez, ahozkoa da beti; pentsatu ohi dugu idatzia dela lehenengoa, baina ez da egia. Ahozkoari garrantzi handiagoa eman behar zaio. Euskalkia edo tokian tokiko hizkera dagoen tokietan, horri ere lekua egin behar zaio; horrekin ez dut esan nahi orain bat-batean batua alde batera utzi eta pasatu behar dugunik dena euskalkian egitera, baina hiztun berriek, inguruan tokiko aldaera bat badaukate, gai izan behar dute aldaera ulertzeko behintzat, eta apur bat hurbiltzeko. Bestela, izan ere, autokontzeptu arazo horiek sortuko dira: legitimatuta ez sentitzea, bertakoen aldean oso diferente hitz egiten dutela eta.

Aldatu egin da heldutan euskara ikasteko motibazioa: gehiago da nahi instrumentala, lanerako ikastea. Hori bada oinarria, espero daiteke euskara erabiltzea, jarrera proaktibo hori izatea?

Motibazio instrumentala baino ez badago, eta gainera murrizten bada lanpostu bat lortzeko behar den akreditaziora, jai dago. Oso inportantea da lan eremuan euskarak berezko balio instrumentala irabaztea, eta hori oso leku gutxitan dauka gaur egun. Lan eremuan pauso bat eman behar da. Kasu horretan bakarrik segurtatuko da erabilera lan eremuan bermatzea, Katalunian bermatzen den bezala. Horrez gain, inportantea da barneko motibazioa garatzea; hiztun batzuek bigarren hizkuntza bezala ikasi dute euskara, agian motibazio instrumentalak bultzatuta, baina, gero, beren hizkuntza egin dutenean eta barneko motibazioa garatu dutenean, erabilera hori zabaldu dute lan eremutik harago. Inportantea da motibazio hori barneratzea.

Aurtengo Korrikak Klika izan du leloa. Kontzientziazio lan horretan ari da behar adina egiten?

Kontzientzia soziolinguistikoa berariaz landu behar dugu gehiago. Ikerketetan ikusi dugu euskaldun eta erdaldun askoren artean zabaldu dela euskararen arrosa koloreko etorkizunaren ideia. Erdaldunen artean ikusi genuen, baina gazte euskaldunen artean ere hedatua dago: pentsatzea euskarak nolabaiteko babesa duenez, ikasleek euskaraz ikasten dutenez, euskara salbu dagoela, egina dagoela. Inportantea da horri buelta ematea, pentsamendu hori indargabetzea: euskaldunei eta erdaldunei jakinaraztea euskara hizkuntza gutxitua dela, oraindik arriskuan dagoela, eta kontzientzia soziolinguistikoa garatzea. Irakaskuntzan landu behar da hori, baina gizarte mailan ere bai.

Zuen ikerketetan sumatu duzue beste joera bat: gazte askok asmoa dutela bi hizkuntzak transmititzeko beren seme-alabei. Joera arriskutsua al da hori?

Batez ere hiztun berri gazteekin nabaritu dugu: askok agertu dute hizkuntza biak transmititzeko intentzioa. Kontuz ibili behar dugu horrekin. Ez berez elebitasun goiztiarra txarra delako —ez baita txarra—; gertatzen dena da hizkuntza biak ez daudela maila berean. Egoera ahulagoan dagoen hizkuntza ez baduzu lehenesten, ez baduzu bermatzen erabiltzeko aukera asko egotea, oso erraza izan daiteke ahulen dagoen hizkuntza behar bezala ez garatzea. Familian bi hizkuntzak transmititzeko intentzio hori lotu dugu arrosa koloreko etorkizunaren ideologiarekin, eta, batez ere, kontzientzia soziolinguistiko faltarekin. Gazte askok ez dute gogoeta egin, eta geratzen dira gizartean dauden diskurtsoekin: elebitasuna ona dela, bi hizkuntzak ikasi behar direla... Oso ondo. Baina kontzientzia soziolinguistikoa eduki behar dugu: jakin behar dugu zein den aukera gutxiago dituen hizkuntza, lehenesteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna