Albistea entzun

Erretreten erreforma

Erretreten erreforma «injustu eta bortitza» salatu dute milaka jendek Baionan

Sindikatuen iritziz, gaur egungo sistema osasuntsu dago, eta erreforma ez da beharrezkoa. Frantziako Gobernuak gibel egitea lortu nahi dute
Manifestari gazte bat <em>«Eta nire erretreta, noizko?»</em> dioen afixarekin, atzo, Baionan.
Manifestari gazte bat «Eta nire erretreta, noizko?» dioen afixarekin, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko urtarrilak 20 - Baiona

Lehen manifestazioa markagailu bat izan ohi da mugimendu sozial batek izanen duen indarra neurtzeko. Euria goitik behera ari zuen atzo goizean Baionan; hotza, haizea. Hala ere, 9.000 eta 10.000 jende artean bildu zen Frantziako Gobernuak egin nahi duen erretreten erreforma «injustu eta bortitza» gelditzeko asmoz. Azken urteetan ikusi diren mobilizaziorik jendetsuenetakoa. Deialdia ere araberakoa zen: CDFT, CGT, FO, CFE CGC, CFTC, UNSA, Solidaires eta FSU sindikatuek osatu dute intersindikala, LAB eta ELB ere batu dira Baionako mobilizaziora, eta ezkerreko alderdi nagusiek ere mobilizatzera deitua zuten. Helburu bera aipatzen zuten guziek: karrikako presioaren bidez gobernua gibel egitera behartzea.

Erreformaren bidez erretiroa hartzeko adina 64 urtera gibelatzea da Emmanuel Macron Frantziako presidentearen asmoa, baina langile gehienek hori baino gehiago egin beharko dute pentsio osoa lortzeko 43,5 urte sari beharko direlako. Hori da Christophe Briseren kasua. 53 urte ditu, eta ekoizpen arloan lan egiten du Angeluko (Lapurdi) Dassault enpresan. Gaur egun, 62 urterekin hartuko luke erretiroa; erreformarekin 65 urte arte itxaron beharko duela erran du. «Berrogeita hamar urteko gibelapen soziala da, onartezina da», salatu du.

Frantziako Gobernuaren hitzetan, gaur egungo erretreten sistema defizitarioa izanen da hemendik urte batzuetara. Horrek justifikatzen du erreforma egiteko beharra. «Kutxa ez da hutsa, ez da zilorik. Ez zen batere presarik halako erreforma bat egiteko», Jean Pierre Etxeberri CFDTko kidearen hitzetan.

Ildo beretik jo du Argitxu Dufau LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak ere: «Langileei eskatzen diete beti faktura pagatzeko, alta, aberatsak ez dira nehoiz hain aberatsak izan. Erretretak pagatzeko dirua bada. Dagoen sistema bizirik da, eta osasuntsua da». Haren iritziz, erreformak ez du arrazoibide ekonomikorik. «Bere ideologia liberal eta kapitalistari erantzuten dioten helburu politikoak bete nahi ditu Macronek».

Haserre mintzatu da Peio Dufau trenbideetako langile eta CGTko kidea ere. Azken urteetan, behin baino gehiagotan mobilizatu dira erretreten harira; 2020an, ordura arte zuten erregimen berezia kendu zieten trenbideetako langileei. Erreforma honen bidez, erregimen berezi gehienak ezabatu nahi ditu Frantziako Gobernuak. «Erreforma honekin denek gehiago lan egin beharko dugu, diru gutxiago irabazteko. Haserrea orokorra da. Dirua bada, gero eta gehiago batzuentzat; baina, jende xumeenentzat murriztu nahi dute».

Irautea da gakoa

Sindikatuen batasuna da atzo abiatu zen mugimendu sozialaren berritasunetako bat. Aspaldi ez ziren CGTko eta CFDTko banderak elkarren ondoan ikusi. «Erreformak banaka aztertzen ditugu, eta hau bereziki bortitza da. Onartezina da», esplikatu zuen atzo CFDTko Etxeberrik. «Negoziazioak biziki gaizki pasatu dira, egin duten gauza bakarra izan da jadanik hartua zuten erabakia jakinaraztea. Hori ez da negoziazio bat. Horregatik erabaki dugu karrikara jaustea».

Peio Dufauren hitzetan, «aspaldi» ez zuen «hainbeste» jende ikusi Baionako karriketan. «Frantziako Gobernua oztopatu nahi badugu, mobilizazioa azkarra izan beharko da». Ikusteko dago zer bilakaera hartzen duen ondoko asteetan, bereziki sektore jakin batzuetan: garraioak, energia... aitzineko erreformen kontrako mugimenduetan horiek mobilizatu dira gehien.

Argitxu Dufauren ustez, «borroka molde berriak» ere asmatu beharko dituzte.«Badakigu greba egitea gure tresna garrantzitsua bada ere lansariak oso apalak direla eta gero eta zailagoa dela. Nahitara egina da hori. Gure ustez, mobilizazio dinamikak segitu behar du, eta borroka osagarri batzuk ere asmatu beharko ditugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Fagor Ederlaneko langile bat, Bergarako fabrikan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Azkenean, legean jaso gabe geratu da kooperatibisten kotizazio eredua

Aitor Biain

Pentsioen erreformaren tramitazioa baliatu nahi zuten eredu mistoa testuari eransteko, baina ezbaian geratu da legealdia eten denez. Bazkideek Gizarte Segurantzan eta Lagun Aron kotizatzen dute
Amazonek azpikontratatutako langileak protestan. ©ELA

Amazonen azpikontrata batek 61 langile kaleratu ditu Gipuzkoan

Iñaut Matauko Rada

Akordiorik gabe amaitu da enplegu erregulazio espedientea. ELAk erakunde publikoen permisibitatea salatu du.

Eguzki plakak Zumarragako etxe baten teilatuan ©Andoni Canellada (Foku)

Autokontsumo energetikoa sustatzeko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Jokin Sagarzazu

Eraikinetan eguzki plakak jartzeko eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioetarako ez da obra lizentziarik beharko.

Michelinek Lasarte-Orian duen lantegiko sarrera ©Jon Urbe (Foku)

Lasarte-Oriako Michelinen lau greba egun egingo dituzte

Jokin Sagarzazu

Soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzeko eskatu dute sindikatuek. Astelehenean manifestazioa egingo dute hiriko kaleetan. Gasteizko plantan ere deitu dute grebara, hurrengo astean.

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...