Martxoa hilabete berezia da leku askotan, eta kurduentzat ere hala da. Udaberriko ekinokzioarekin Newroz edo egun berria ospatzen dute, euren aberri eguna ere badena. Neguaren amaierarekin batera, bizitza berriaren sinbologia berreskuratzen da, kolore gehiago dator, argia, egunak luzatzearekin batera… baina berotasun hori suhartasun ere bihur liteke, baldintzak hartara jarrita: negurako biltegian gordetakoa ere agortzen joaten zen, prezioak gora, matxinadetarako eta gerezi denborara hurbiltzen gara, Iñigo Aranbarrik Apirila eleberrian jaso zuen legez. Neguan gerrak eten egiten zirela zioen Ismail Kadare albaniar idazleak, elurrak pasabideak eteten zituelako, eta udaberriak, urduritasunak, gerra zurrumurruak pizten zituela atzera ere.
Kurduei ospakizuna eta hondamendia ekarri izan die martxoak, Saddam Hussein menpeko Halabjako sarraskia, kasurako. Udaberria piztetik udaren erdialdera loturarik dagoen ezin asma; agian kurduen patua baino ez da: milioika lagun dituen herri handia dira, indarkeria eta itsukeria erlijiosoak indarra eta babesa daukan eskualdean, eta kurduak ezabatzeko direnak eta ez direnak egin dituzten estatuetan bizi dira.
Edo izan liteke kurduek egutegi guztia daukatela euren aurkako sarraskien oroimenez beteta. Atzo Hego Kurdistango Gobernuak omenaldia egin zion Saddam Husseinen al-Anfal kanpainako krimenik ankerrenetakoari: zortzi mila lagun etxetik atera, Irak hegoaldera eraman, eta basamortuan hil zituzten. Handik gutxira Halabjako eraso kimikoa ekarriko zuen genozidio-kanpainaren baitan izan zen hura ere.
Ez dira 80ko hamarkadan iltzatuta geratu diren gertaerak, kurduek noizbait autonomia eskuratu zutela eta. Hain justu ere, kurduek autonomia daukaten estatu horretan izan zen azken genozidioa, yazidien aurkakoa zehazki. Etzi beteko dira zazpi urte, Sinjarren eta munduko beste hainbat lekutan gogoraraziko dituzte egun gutxian Estatu Islamikoko jihadistek hildako milaka mutil eta gizonak, abuztu betean kriminal erlijiosoei ihesi beroak eta egarriak itotako umeak, eta bahituran esklabo hartutako emakumeak. Kalifa herria amaitu zen, baina bi mila lagun falta dira; genozidiotik zazpi urtera, oraindik ere bahituran diren ehunka emakumetatik bat edo beste askatzea lortzen dute oso noizean behin. Bai, 2021ean, orain eta hemen gertatzen ari da.
Horregatik du garrantzia gertatutakoari izen-abizen jartzeak. Karim Khan buru duen Nazio Batuetako ikerketa talde bereziak zalantzarik gabe jakinarazi zituen bere ondorioak: genozidioa izan zen 2014ko abuztuan yazidien aurka egindako sarraskia. Hala hasi dira aitortzen mundu osoko parlamentuak; Belgika eta Herbehereetakoak izan dira azkenak uztailean bertan, eta mereziko luke Euskal Herriko legebiltzarrek ere antzeko aitortzaren bat egitea.
Arrazismoaren eta integrismo erlijiosoaren muturreko diskurtsoen ondorio izan da milaka lagunek bat egitea erakunde islamo-faxistekin. Irak edo Sirian ikusi eta sufritu dute hori, noski, baina baita Turkia NATOko aliatuaren lurraldean bizi direnek ere.
Milioika dira Kurdistandik kanpo, Turkia mendebaldean, bizi diren kurduak. Batzuetan Anatoliako aspaldiko komunitateak dira, beste batzuk 90eko hamarkadako operazio militarretan su emandako milaka herrietatik ihesi joandakoak eta haien senideak dira. Azken hilotan, aspaldi ez bezalako kriminalizazio kanpaina arrazista bizi dute. Hauspotuta dabil faxismoa Turkian (ezin ahaztu Recep Tayyip Erdoganen alderdi islamistak gobernu-koalizioa daukala MHP alderdiko eskuin muturrarekin), eta geroz eta eraso larriagoak egiten militante zein herritar kurdu arrunten aurka. Azkena, ostiralean iritsi zen: Konya probintzia kontserbadorean 24 urtez bizi izan zen familia oso bat hil zuten tiroka, zazpi lagun, etxean zirela, eta eraikinari su eman zioten segidan.
Denbora zeraman Dedeogullarõ familiak gertatzen ari zena salatzen, maiatzean sekulako jipoia eman zieten harri, makila eta labanekin, «kurduak kanpora» eta antzeko leloekin. Salatu zuten, baina Ankarak egin dituen urrats bakarrak HDP alderdi kurdua legez kanpo uztea izan dira. Eta, azkenean, gertatu da. Zazpi lagun, familia oso bat, eta izua errepublikako bazterrik bazter. Ekialde Hurbilean beste edonon izatera, protesta eta elkartasun deialdiak berehala izango genituzke. Berandu baino lehen zerbait egiteko unea dela esango nuen, baina ez, berandu da dagoeneko ere.

LEKU-LEKUTAN
Kurduen uda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu