Noiz sortua: 2018-07-08 00:30:00

LEKU-LEKUTAN

Errusiako beste jokalekuak

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko uztailak 8

Azken txanpan sartu da gizonezkoen Munduko futbol Kopa. Europako lau taldek izango dute jokoan nor lehiatuko den gaur zortzi Moskuko final handian, eta nor geldituko den askorentzat partida tristeena den hirugarren eta laugarren lekua ebazteko lehian San Petersburgon.

Jekaterinburg, Kazan, Sotxi, Saransk, Kaliningrad, Nizhni Novgorod, Samara, Volgograd eta Rostov izan dira gainontzeko jokalekuak. Konigsberg prusiarra izandakoa bata, Stalingrad zaharra bestea, Gorki handiaren jaioterria hurrena. Badira, alabaina, aurpegi ilunagoa ageri duten hiriak. Sotxi esanguratsuena, zirkasiar nazioaren arragoa baita Vladimir Putin Errusiako presidentearen hiri kuttuna.

2014ko Neguko Olinpiar Jokoak tsarraren konkistaren eta zirkasiarren genozidioaren 150. urteurrenarekin bat etorri ziren: eskualdeak zituen biztanleen %90 galdu zituen 1864 hartan, eta oraindik ere gogorarazten dute urtero maiatzean, bai Itsaso Beltzaren ertzean, bai Ekialde Hurbileko diaspora jendetsuan. Olinpiar Jokoekin auzi historikoa itxi eta Kaukasoren errusiartasuna azpimarratu gura izan bazen, Siriako gerrak horren aurka jokatu du, eta Moskuren joko bikoitza agerian utzi: teknikoki, zirkasiar zein errusiarrek jihadisten aurka borrokatuta ere, Kremlinek ia ezinezko bihurtu du arbasoen lurraldera «itzultzeko» gogoa duten Ekialde Hurbileko zirkasiarren lekualdatzea.

Antigoaleko kontuak direla pentsa liteke, Errusiak barne mehatxurik izatekotan Kaukaso ekialdean izan duelakoan, ez mendebalde subtropikal eta turistikoan; zirkasiar abertzaletasuna hawaiiar mugimendua bezain exotikoa izan liteke hala, Moskuren edo Washingtonen begietara. «Hemen inguruko toponimo guztiak zirkasieraz dira, baina ia ez dago zirkasiarrik; bertakoak hil edo kanporatu, eta lekuok zer esan nahi duten ez dakiten kanpotarrez bete ziren», ziostan lagun batek Sotxin.

Baina gero bada Kazan. Tartariar errepublikako hiriburua eta Errusiako hiri handienetakoa da, baina Txetxeniaren bide bertsua hartu zuen Sobietar Batasuna desagertzean, independentzia-aldarrikapen eta guzti, azkenean Errusiako Federazioarekin negoziatutako estatusa onetsi bazuten ere. Urrun dira errepublikek egiazko nazio aitorpena zekarten eta horrekin haien hizkuntzetan bizitzeko eskubidea aitortzen zitzaien sasoia —orduan ere, estatu handi guztietan legez, errusiartzea etengabea izan arren—. Aspaldikoa da errusiar nazionalismoaren igoera, eta iaz Moskuk uko egin zion Tartariar Errepublikaren estatus berezia zehazten zuen ituna berritzeari. Urte amaieran, berriz, hitzez zehaztu zuen Vladimir Putinek errusiartze horren oinarrietako bat: «Onartezina da inori ama-hizkuntza ez duen hizkuntza bat ikasaraztea, eta onartezina da halaber errusierazko eskola-orduak murriztea. Oso adi nago gai horrekin». Bistan da esaldian ama-hizkuntza errusiera dutenak baino ez zituela gogoan; haiei bizi diren errepublikako hizkuntza irakastea inposizioa omen —zeinen ezaguna zaizkigun argudio horiek—, baina era berean, errusierazko eskola-orduak bermatu beharra dago, ama-hizkuntza bestelako hizkuntza bat baldin badute ere.

Azaro amaierarako fiskal nagusiaren txostena eginda zegoen, eta futbol kopa hasteko bezperan egin zuen lehen tramitea Duman, ordura arte errepublika nazionalek kurrikulumean zeuzkaten hizkuntzak ez zitezen aurrerantzean derrigorrezko izan. Horrelakoetan ohi denez, Tartaria eta beste zenbait errepublikatako gutun bat agertu da legearen alde, hizkuntza indigenak irakastea «Errusiaren segurtasun eta batasunerako mehatxua» dela argudiatzen. Baina Putinek ondo zekien zeri buruz ziharduen iazko azaroko hitzaldian. Mari-El errepublikan egin zituen adierazpenak, errusiar uniformizazioa eta bertako hizkuntzaren jazarpena gehientsuen sufritu duen Volga ertzeko errepublikan: haur-eskolak errusieraz dira orain, bideko seinale elebidunen lekua errusierazkoek hartu dute, eta 2002ko zentsutik 2010ekora mari hiztunen kopurua 254 milatik 204 milara jaitsi zen.

Txapelketa hartu duen hiri txikiena Saransk da. Mordovia Arenak finlandiar eta estoniarren ahaide diren herri fino-ugriarraren errepublikatik hartzen du izena. Bertako biztanleek mokxa eta erzya elkarren antzeko bi hizkuntza egiten dituzte, eta, azaleko kristautasunaren azpian, paganismoak indar handia dauka oraindik. Mordovian legez, fino-ugriarrak dira mariak ere, eta ez dute tartariarrek besteko indarrik —tartariera Errusiako bigarren hizkuntza da, bost milioi hiztun ditu gutxienez, eta babesa gainontzeko turkiar errepubliken artean ere, bai Errusian, bai Asia Erdialdean zein Turkian—. Mari-El hizkuntza indigenak txikitzeko laborategia izan da azken urteotan, eta esperimentua herrialde guztira zabaltzeko unea iritsi da nonbait.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Guardia bat pertsona bezero bati tenperatura hartzen, saltoki baten sarreran, Panama Hirian. ©Bienvenido Velasco / EFE

Munduan sei milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu birusak

Berria

375.000 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez. Horien artean 105.000, Ameriketako Estatu Batuetan.

Gallartako agerraldiaren irudia, Josu Erkorekaren Twitter kontuan agertua ©@Jerkoreka

Urkulluk Euskal Herri osoan ibiltzea baimentzeko eskatu die Frantziari eta Espainiari

Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak espero du astelehenetik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasera pasatuko direla.

Baionako ostatuetako terrazak, artxiboko argazki batean. ©/ ISABELLE MIQUELESTORENA

Ipar Euskal Herrian bigarren fasean sartu dira

Berria

Besteak beste, ostatuak eta jatetxeak ireki ahal izango dituzte; baita kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna