Katalunia. Diada. Elisenda Paluzie. ANCko presidentea

«Diadak gehiago interpelatu behar gaitu gu geu, Espainia baino»

Herri mobilizazioa instituzioei presio eginez agenda politikoan eragiteko gai izatea nahi du Paluziek. Independentismoak «hausturarako» baldintzak sortzen segitu behar duela uste du.

DANI CODINA.
Julen Aperribai.
Bartzelona
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Gaurko manifestazioa «autozentratua» izan dadin nahi du Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak (Bartzelona, 1969), eta autodeterminazio eskubidea praktikara eramateko eta ondoren defendatzeko gai izango den mobilizazio ziklo baten abiapuntu izatea. Gidatzen duen erakundeko presidente gisa azken Diada izango du aurtengoa.

 



Aurrekoei baino kutsu aldarrikatzaileagoa eman nahi izan diozue gaurko manifestazioari. Hala eskatzen du garaiak?

Azken urteetan, ohitura egon da ekintza sinbolikoak egiteko, baina aurten erabaki dugu manifestazio klasikoago bat antolatzea, jendeak ez dezan sentitu norbaitek zuzentzen dituela. Hori baino espontaneoagoa izatea nahi dugu: jendeak eraman ditzala eraman nahi dituen kartelak, eta nahi duena oihukatu dezala.

Politikariei kritika egiteko ere balioko du?

Urte askotan izan du aldagai hori; batez ere, 2012 inguruan egindako mobilizazioetan. Kritika bainoago, presioa, esango nuke.

ANCk berak ere jaso ditu kritikak, transbertsalitatea galdu duela diotenengandik?

ANCk beti planteatu izan du prozesu independentista alde bakarreko prozesu moduan, autodeterminazio eskubidea gauzatzeko. Horretan ez da aldaketarik izan. Barne erreferendum bat egin zuen 2016an, justuki, bide orrian alde bakarreko independentzia erreferenduma txertatzeko. Eta puntu hori garai hartako Generalitateak ere onartu zuen. 2012tik 2017ra, [Carme] Forcadellek Artur Masi «jar itzazu hautetsontziak» esaten zionean, ez zion eskatzen Espainiarekin erreferendum baterako akordioa egiteko. Estrategia, beraz, berbera da, eta hori da prozesua autodeterminazio prozesu moduan hartzea. Izenak dioen bezala, autodeterminatzeak esan nahi du zuk zeuk erabakitzea, ez besteei erabakitzeko baimena eskatzea.

Uste duzu badagoela baldintzarik alderdien arteko ika-miketan trabatutako prozesua herritarrek desblokeatzeko?

Herritarren lidergoak badu gaitasuna agenda politikoa aldatzeko. Uste dut oraingoan zailagoa izango dela, eta horregatik, hain zuzen, eskatu nahi diegu herritarrei ez daitezela desmobilizatu. Bestalde, zenbait alorretan egin dugu hobera. Kataluniako gatazkak ikusgaitasuna eta aitortza irabazi ditu, eta autodeterminazioaren aldekotasuna hazi egin da, hain justu, hori kriminalizatzeko Espainiako Estatuak egin dituen giza eskubideen urraketengatik.

Eskubide bat delitu bihurtzeko, eskubide horrez gain, beste hainbat eskubide urratu izanak nabarmen kalte egin dio estatuaren irudiari, eta autodeterminazioaren ideia indartu du. Hori baliatzen badugu estatuarekin borroka demokratiko bat egiteko fronte guztietan, are gehiago indartuko gara. Horregatik, uste dut proiektu propio bat izan behar dugula, eta agenda propio bat sortu, estatuaren kontzesioen zain egon beharrean.

Aldebakartasunak konfrontazioa dakar, eta konfrontazioak, errepresioa. Halako prozesu bat abiatzeko nahikoa indar badu egun independentismoak, jakinda Espainiako Estatua zertarako gai den?

Inork ez zuen espero Espainiako Estatuaren errepresioa hainbestekoa izan zitekeenik, baina, aldi berean, Kataluniako herriak erakutsi zuen adinako kuraia izan zitekeenik ere ez zuen inork espero. Indar erakustaldi handi bat izan zen urriaren 1ekoa, adibidez. Indar hori sinkronia momentuetan baliatzen da, ikusten duzunean mundu guztia dagoela arriskua hartzeko prest, eta agintariak ere horretarako prest daudela. Horrek ematen dio indar gehien indarkeriarik gabeko estrategia bati.

Epaiaren ostean ere indar handia erakutsi zen, ohituta ez geunden mobilizazio ereduen bidez. Arazoa da mobilizazio hori lidergorik eta erantzun politikorik gabe geratzen bada indar erakustaldi huts bat besterik ez dela. Eta horrek frustrazioa sortzen du.

Guk uste dugu aldebakartasuna ez dela nahastu behar desobedientzia zibilarekin. Autodeterminazio prozesu batek, desobedientzia zibilaz gain, desobedientzia instituzionala ere eskatzen du. Batzuek egozten digute aldebakartasuna aldarrikatu bai baina ez garela ari errepideak mozten edo herrialdea paralizatzen. Hori kontzeptuak nahastea da. Herrialdea paralizatu beharko duzu independentzia adierazpen baten bidez edo erreferendum baten bidez gauzatu duzun autodeterminazio eskubidea defendatzeko. Hala egin dira alde bakarreko independentzia prozesu gehienak.

Alde bakarreko prozesua ez duzue ikusten negoziazio bat behartzeko tresna gisa, beraz.

Espainiako Estatuak bere porrot gisa hartzen ez duen oro aurkariaren ahuldade moduan hartzen du, eta umiliatzeko erabiltzen du, ez negoziatzeko. Uste dut egun batean lortu genuela garaitzea, eta berriz lor dezakegula. Horrek ez du esan nahi bihar bertan hori egin ahalko genukeenik. Aurrez gauza asko egin behar ditugu.

Gainerako eragile independentistekin ados jartzea, besteak beste?

Noski. Gehiengoari dei egiten badiozu, gehiengoa atzean izan behar duzu, batuta. Ezberdintasunak eta pluraltasuna errespetatuta noski, baina helburu berarekin. Rol banaketa ere egin beharko litzateke, eta jakin zer-nolako ekintzekin egin diezaiekeen aurre independentismoak bidean agertzen diren harriei.

Errepublikaren Kontseiluak izan dezake funtzio hori?

Hori defendatu izan dugu guk. Bokazio horrekin sortu zen. Gainera, babes legala du Espainia ez den herrialde batean, eta hori abantaila bat da; diru enbargoetatik-eta babesteko garrantzitsua da, besteak beste. Eztabaidarako gune bat izan behar luke, adostasunak lortzekoa eta gauzak egitekoa, baina gaur-gaurkoz ez da hala. 2017ko zatiketek pisu handia izan dute, eta guztiok egin ditugu akatsak.

Biharko [gaurko] manifestazioa Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera baino astebete lehenago izango da. Mobilizazioa baliatuko duzue elkarrizketa mahaiari presio egiteko?

ANCk irailaren 11n mobilizaziora deituko duela gauza jakina da. Kataluniako Gobernua izan da irailaren 11tik astebetera elkarrizketa mahaia berriz elkartzea erabaki duena.

Pere Aragones izan daiteke, orduan, Diadako mobilizazioa baliatu dezakeena mahaira indartsu joateko.

Ez dakit, baina Diadako leloa ez da hitz egin dezagun. Leloa da borrokatu eta irabaz dezagun independentzia. Diadak gehiago interpelatu behar gaitu gu geu, Espainia baino.

Elkarrizketa mahaian Generalitateak jasoko dituen ezezkoak balio dezakete alde bakarreko posizioa indartzeko?

Aukera horri buruz hitz egiten da, baina, egia esan, 2012tik daramagu adostutako erreferendum bat eskatzen.

Baina ez ordutik PSOE buru duen gobernu bati.

Ez. Beste kolore bateko gobernu bat da, baina berdin-berdin ezezkoa emango diona autodeterminazio eskubideari. Arazoa da elkarrizketa mahai bat eratu dela independentziarako akordio estrategiko bat lortu baino lehen. Mahai bat dago, bai, baina independentismoak ez dauka ezer horrek huts egiten dionerako. PSOEren gobernua gabezia hori bere alde erabiltzen ari da. Aurrerapen gisa saltzen dituen eskaintzak egiten ari zaio Generalitateari, jakinik hark ez dituela onartuko, ez delako mahai horretara joan horretaz hitz egitera. Dinamika hori nahi du PSOEk, pentsarazteko Generalitatea uko egiten ari zaiela bere baliabideak eta inbertsioak hobetuko lituzketen eskaintzei. Dinamika horrekin indartuko litzatekeena PSC da. Sozialistak ez dira leloak.

Independentisten barne liskarrak areagotzea ere bada helburua? Hala gertatu da Prateko aireportuko aferarekin.

Bai. Autogobernua hobetzeari edo nazioa aitortzeari begirako eskaintzak egingo balituzte, tentu handiagoz aztertu beharko lirateke, baina oraingoz ez dira horretara iristen. Prateko kasuan, enpresa publiko baten [AENA] inbertsioa berreskuratzea zen proiektua, enpresa horrek berak egindako inbertsioa berreskuratuko lukeelako, terminal bat eraikitzeak emango dizkion etekinekin.

Azkenean, Espainiako Gobernuak berak baztertu du proiektua. Zer erakusten du horrek?

Lehenik eta behin, Espainiako Gobernuak aurkaria umiliatu egiten duela, ahul ikusten duenean. Eta, bigarrenik, Katalunian adostu gabeko proiektu baten inguruko erabakia hartu dela elkarrizketa mahaian.

Urriaren 1aren osteko prozesua bururaino eramatea aldarrikatu duzue. Orduan hori egitea eragotzi zuten elementuak desagertu egin al dira?

Proiektua burutzea eragotzi zuen akats nagusia izan zen ez zela aprobetxatu urriaren 1aren bultzada hurrengo egunetan. Orduantxe zuen independentismoak indarrik handiena, eta orduantxe zegoen estatua ahulen. Prozesua geratu eta negoziaziora bideratu ziren indarrak, eta estatuak negoziazioari uko egin eta indarra hartu zuen: 155. artikulua prestatu zuen, unionismoa mobilizatzen hasi zen, enpresarien presioa handitu egin zen...

Hortik atera beharreko irakaspena da halako indarra dagoenean ez dela frenatu behar. Eta, elementu objektiboagoei begiratuta, uste dut gehiengo demokratikoak geroz eta solidoagoak direla. Presio ekonomikoen alorrean ere Kataluniako zenbait instituzio garrantzitsutan ez daude orduan zeuden pertsona berberak, eta sozioekonomiaren alorrean jarduten duten erakunde askotan indartu da independentismoa; sindikatuetan, kasurako. Gauza askotan egin dugu aurrera, baina prestatzen jarraitu beharra dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.