Hibai Arbide Aza.
LEKU-LEKUTAN

Ukraina eta desinformazioa

2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Beti kostatzen zait nire lan bidaietatik itzultzea. Nire buruaren zati batek lan egin dudan lekuetan jarraitzen du, nahiz eta nire gorputza eguneroko errutina, maitasun eta keinuetara itzuli. Normalean gertaera gogorrak gertatzen diren lekuetan egiten dut lan, non hedabide handiek ez duten arreta handirik jartzen. Adibidez, Nigerren esklabo izateko prestatzen ari zen mutiko bat elkarrizketatu ondoren, asko kostatzen zait normaltasunera itzultzea. Inork horretaz hitz egiten ez duen normaltasunera.

Ukrainan lan egin osteko itzulera zaila izaten ari da, baina alderantziz: han gertatzen dena etengabe entzun, ikusi eta irakurtzen dudalako. Nire lankideek eta lagunek han jarraitzen dute. Nik ezin dut deskonektatu. Eta gainera, Ukrainan ezin dut burutik kendu zein erraza den desinformatzea. Obsesionatu egin nau ideia honek azken astean.

Gutxitan izan da informazio hain zuzenekoa, hain azkarra eta ezberdina gizadiaren aurkako krimen bat ezagutzeko, Butxan bezala, Kieveko periferian. Normalean, horrelako sarraski kolektiboak gudu frontean gertatzen dira, eta, beraz, ez da erraza gertatu eta gutxira joatea. Mota horretako ikerketak pixkanaka egiten dira maiz, gehienetan, zer gertatu zen jakin nahi duten talde txikietan.

Butxan ohikoak ez diren hainbat egoera gertatu dira: tropak erretiratu egin dira eta, beraz, ez dago arriskurik, hiriburutik gertu da eta sarraskia aurreko asteetan gertatu da. Lehenengo egunean, sarbidea ireki zenean, kazetari gutxi sartu ziren. Santi Palaciosek 5W-n kronika beldurgarri eta magistrala egin zuen. Pixkanaka, ehunka kazetari iritsi ziren. Kieven taxi bat hartzea bezain erraza da. Kazetari talde bakoitzak Butxako hainbat biztanle elkarrizketatu ahal izan ditu, shocka gorabehera, haien senideak, lagunak eta bizilagunak nola hil diren azaltzeko beharra sentitzen baitute.

In situ jasotako testigantza guzti-guztiek diote sarraskiaren erantzulea Errusiako armada dela. Badira kronikak azaltzen dutenak, izen eta abizenekin, aita batek bere semea lorategian lurperatu behar izan zuela. Anaia bat hil zela egur bila irtetean. Hobi komuneko gorpuak errusiarren okupazioan lurperatu zirela. Testigantza oso gogorrak, espontaneoak, askeak eta sinesgarriak. Hitz batean: benetakoak. Ez genuen inoiz izan sarraski berri bati buruzko hain informazio zabal eta zuzenekorik.

Hala ere, jende askok uste du zalantzak daudela edo teoria desberdinak daudela Butxan gertatutakoaren inguruan. Harrituta uzten nau zein erraza den desinformatzea. Ez dago ezer azaldu beharrik, zalantzak sortu besterik ez. Kremlinen Telegrameko kanalak eta bere txiolari kohorteak —asko profil faltsuak dira, beste batzuk propaganda erreplikatzen duten ergel erabilgarriak dira, pentsamendu kritikoa erabiltzen dutelakoan—, aldi berean, esan zuten gorpuak mugitzen ari zirela, sarraskia aktoreekin egindako azpijoko bat zela, gorpuak ez zirela benetakoak, hildakoak errusiarren aldekoak zirela, sarraskia armada errusiarrak hil ondoren gertatu zela.

Informazio egiaztatua eta independentea zabaltzeko ahaleginaren aurrean, nahikoa da teoria sinesgaitzak hedatzea, askok pentsa dezaten ez dagoela hain argi zer gertatu zen. Ikuspegi desberdinekin hedabide desberdinentzat lan egiten duten dozenaka kazetariren lana gutxiesten da «NATOren bertsioa» etiketarekin. Desinformatzeko garrantzitsuena ez da ezer frogatzea, nahikoa da egia zirkulatzen duten bertsio ugarietako bat balitz bezala hautematea. Horren aurrean, ezer ez sinesteaz harrotzea jarrera erreakzionarioa da. «Mundu guztia gezurretan ari dela» esatea despolitizatzailea da.

Hain zuzen ere, desinformazioaren helburua horixe da: despolitizatzea. Ikusaraztea sarraskiek ez dutela erantzukizunik eta ez dagoela indartsuenaren legearen ordezko gizarte eredurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.