urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Mendebaldeko kontuak

2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Ekialdera begira ari gara aspaldion. Kataluniara batez ere, Korsikara geroz eta gehiago. Euskal praxi politikoa gaur egun sagardoaren eremutik ardoarenetik baino gehiago egiten bada ere, ikuskera historikoan Ekialdeak badu presentziarik euskal iruditerian, Pirinioetatik. Mendebalderantz gauzak asko lausotzen dira; Enkarterri ez da Irati. Galizia bai, estimatu izan dugu, baina Asturies desberdina da: ezkertiarra eta borrokalaria bai, baina mugimendu abertzale indartsurik ez eta, hizkuntza eta politika ez nahastea esaten bazaigu ere, hizkuntzaren prestigioan eta haren aldeko borrokan beti izan du zerikusia. Xuan Belloren Paniceiros liburuekin liluratu ginen, baina handik aurrera sakontzeko borondate handirik gabe.

Eta, hala ere, beti oso hurbil sentitu dudan lurraldea da. Euskal Herritik kanpo egindako lehen kazetaritza lanak hara begira egin nituen. Asturiera: Portugaldik dator ofizialtasuna erreportajean aipatzen nuen zelan Portugalek bere kabuz onartu zuen ipar-mendebaldean dagoen Miranda'l Douru herriko hizkerari ofizialtasuna ematea. A la par de l Pertués, a partir de hoije, yê lhuç de Miranda, lhuç de Pertual (Portugesarekin batera, gaurtik aurrera, Mirandako hizkuntza, Portugalgo hizkuntza da). 1998ko azaroaren 19an onartu zuen Parlamentuak, eta 1999 hasieran sartu zen legea indarrean.

Ez da hutsala bi hamarkaden efemeridea. Asturleoneraren mintzairetako bat da mirandera. Mirandako zazpi mila hiztunen aldean, ehunka mila dira asturierak Asturiasen dituenak. Portugalen baino lehentxeago, 1997ko udan Bimenes udalerri txikiak ere asturieraren ofizialtasuna aldarrikatu zuen, eta beste hainbatek urrats bera hartu zuten jarraian. Gero Miranda eta Bimenes senidetu egin ziren. Gero Asturiasko Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen asturieraren ofizialtasun hori. Ordutik, urtero egiten dute ofizialtasunaren jaia herrian. Iazko jaian gogora ekarri zuten hogei urte lehenago egindako urratsa. Bazekiten hurrengoan ez zela udal mailan geldituko, orduan bezala abiapuntua herrietatik izan arren. Eta jabetzen ziren abagune historikoa daukatela aldarrikapenak aurrera egin dezan.

Bi hamarkada ditu asturieraren erabilera eta sustapenerako legeak, eta agerian utzi du arauak jasotzen dituen helburuak betetzeko ezintasuna. Orain, ofizialtasunerako benetako aukera dago. Izan ere, Asturiesko autonomia-estatutua erreformatzeko ekimena diputatuen laurdenek abiaraz dezakete. Orain arte, Espainian ohikoa izan den PSOE-PP bipartidismoak halakorik gertatzea eragotzi du. 2015eko hauteskunde autonomikoek baina, jokoa zabaltzea ekarri zuten, bi alderdi tradizionalen kaltetan. Horri lotuta, legeak aurrera egiteko baldintzen artean desagertu egin da, orain arte ez bezala, bi alderdi horietako biek halabeharrez erreformaren alde bozkatu beharra. Bestela esanda, PPren blokeatzeko gaitasuna amaitu da.

Irailean, Proyectu 2018 pola Oficialidá aurkeztu zuten, eremu akademikotik eta politikotik; Ezker Batuko, Ahal Dugu-ko eta PPtik bereizitako Foro Asturiasko hiru diputatu zeuden. PSOEren Asturiesko federazioak ere ofizialtasunaren aldeko jarrera hartu zuen azken kongresuan. PP ia bakarrik gelditu da asturieraren aitortzaren aurka, baina sozialki oso zabalduta dago gutxiespena. Uvieuko (Oviedo) Campoamor antzokian gertatu zen lehengo astean: ohiko ongi etorri mezua espainieraz eta ingelesez ez eze, asturieraz ere egitea erabaki du udalak, eta hura hasitakoan, txistuak eta zoruan ostikoak izan ziren, baita txaloak eta Puxa Asturies oihuren bat ere. Erreakzionarioak beti daude atezuan, baina bultzatzaileek diote ez dagoela atzera egiterik. «Orain ez da hitz egiten asturierak ofizial izan behar duen ala ez, aitortza noiz gertatuko den baizik. Proyectu 2018 bultzatzen dugunok argi daukagu, eta horregatik jarri diogu data gure kanpainari» zioen artikulu baten Xose Candel egitasmoaren koordinatzaileak. Estatutua aldatzeko proposamena amaitzear dute, asturiera eta Asturiesko galiziera «ofizial izendatzeko gaztelaniaren aldamenean, kontsentsurik handiena biltzen duen formulazioarekin», argi utziz ezingo dela «inor baztertu Asturiesen libreki komunikatzeko hautatzen duen hizkuntza dela eta».

Gero, herritarren ordezkarien txanda izango da, behingoz asturierak ofizialtasuna izan dezan. Asturiarrentzat izango da lehen aldaketa, Espainiarentzat hurrena, eta gure burua haren menpeko hiru nazio gisa antolatu dugunok ere, aldatu beharko ditugu behingoan gure eskemak pixka bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.