urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hizkuntzen eguna

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Alabak gosaria amaitu eta sukaldea batzen gelditu zara. Ikastolarako janzten ari dela, logelatik Pier Paul Berzaitzen Baratze bat kantuan entzun duzu. Zazpi urteko alaba bilbotarra zubererazko ahaleginetan. Pozezko eta harrotasunezko irribarrea marraztu zaizu aurpegian. Badira hiru aste Zuberoan azkenez izan ginela, senide batzuen bisitan maskaradan, eta helduei entzunez eta umeak elkarrekin olgetan, oharkabean mela-mela busti duen hizkuntza zirimiria dator alabaren kantuan. Arreba Bortzirietan bizi nuela, Arantzako euskararen imitazioetan zetorkigun haurra hurrengo egunetan. Eta Lekeitioko lagunekin astebete emanda, ez zen ipurdirik, dena popia gora eta popia behera. Orain asteburua Sakanan ematen ari gara, eta arbizuarrek eurek zein hara joandako beasaindar adiskideek ere nafarreraren eta Goierriko gipuzkeraren bernizen bat utziko diote. Aita burugogorrari «egia da» esango dio, baina ikastolako gelakideekin «da egia» erabiliko du besteak bezalakoa izateko. Guraso erdalduneko ume euskaldunak, euskalkidun gurasoak, eta duela hiru hamarkada ikastolan ikasi, luzaroan erabili ez eta egun ia ergatiborik gabe baina berriz ere euskarari heldu dioten gurasoak. Denek beren kolorea jarriko diote.

Herenegun 27 urte bete ziren erronkarierazko azken hiztuna hil zela. Irratian Fidela Bernaten grabazioa jarri zuten, zubereratik hain hurreko doinuekin. Gero bere birbiloba entzun genuen, egun Erronkarin irakasle, dotore euskara batuan. Batuak ez du sekula euskalkirik hil edo mehatxatu, hil diren euskalkietako euskaldunek espainola edo frantsesa transmititu zieten seme-alabei. Erronkariko familia erdaldundu haietako askok berriz ere euskararen alde egin dutelako eta horretarako berreuskalduntze esperientzia badagoelako —eta hori bideratu ahal izateko euskara batua dagoelako— entzun liteke berriz ere euskara ibarrean.

Kanpotik begiratzen digutenean berehala ohartzen dira. Duela lauzpabost urte Bilbon Euskararen Etxea bisitatzen ari ginela Norvegia, Suedia eta Finlandiako hogeita hamar idazle samirekin batera, euskalkietan eta batasunaren prozesuan zeukaten interesa. Miretsita zeuden zer-nolako arrakasta izan zuen 1968ko lanak. Ez dakit euskalkien arteko distantzia baino handiagoa ote dagoen han, baina sami hizkuntzez hitz egiten dute, dialektoez baino gehiago. Edozelan ere, samiera batua ezinezkotzat jotzen zuten, agian jarrera erosoena ere hala zitzaielako: hamar hiztunetik zortzik iparraldeko samieraz egiten dute eta gainontzeko samieretatik ia bakar batek ere ez du mila hiztun baino gehiago. Ter samierak bi hiztun baino ez ditu. «Laster gure samiera baino ez da geldituko», esan zidan batek.

Munduko herrialderik aberatsenetakoan eta estandar demokratiko altuenekin ere, hizkuntza-eskubideak aitortu eta ekonomikoki babestuta ere, iraganeko triskantzen ondorioei ezin izan diete atzera egin. Iparraldeko samiera izango da estandar batua, beste batzuk idatzizko adierazpenik gabe ere galduko dira. Beste muturrean, milioika hiztun dituzten hizkuntza askok antzeko errealitatea daukate: hizkuntza darabilten hiztunak badituzte, baina hizkuntza kolonialean idazten dute, diglosian sakonduz. Afrikan eta Indian ikusi dugu azken bi PEN bileretan.

Indiatik Bangladeshera jo nuen herrialde hartako PEN taldekoekin. Bengala zaharraren ideia erlijioarena baino indartsuagoa da han, sari koloretsuak janzten dituzte eta islam estremistaren aurkako jarrera irmoa dago. Bangladesh, azken batean, gerra odoltsu baten herrialde musulman batetik (Pakistan) bereizita sortu zen 1971n, estatu ez-musulman baten laguntzarekin (India) 70eko hamarkadan. Bi hamarkada lehenago, urdua hizkuntza bakar inposatu gura izan zuen Pakistanek, eta bangladeshtarrek protesta egin zuten bengaleraren alde. 1952ko otsailaren 21eko manifestazio haietan egondako hildakoen omenezko monumentua bisitatu genuen Dhaka hiriburuan. Data horren ondorioz izendatu zuen NBEk asteon gogorarazi den otsailaren 21a «ama hizkuntzaren eguna». Izendapena agian ez da egokia XXI. mendean, baina munduko hizkuntza-aniztasunaren eguna da azken batean.

Guk asteon, berriz, Egunkariaren itxieraren 15. urteurrena gogorarazi dugu. Astindu haren atzerriko elkartasun handiena Kataluniatik iritsi zen, eta haien bultzadaz sortu genuen 2004an Euskal PEN taldea. Eta beti gogoan dut PEN Internationaleko presidente ohi John Ralston Saul kanadarrak —Kanadako herri indigenen alde lan eskerga egiten du— behin eta berriz dioena: Ba ote da adierazpen askatasunaren urraketa larriagorik, zure hizkuntza galtzea baino?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.