LEKU-LEKUTAN

Hizkuntzen inposizioa

Urtzi Urrutikoetxea -

2020ko ekainak 7

Monica Oltra Valentziako presidenteordeak euskaraz egindako keinua genuen hizpide duela astebete. Eztabaida txiki bat ekarri zuen sare sozialetan, keinu hura interpretatzeko orduan: oro har, estimatzen dugu atzerritarrek euskarari keinurik egitea —Borboi familiak izan ezik, demokratek horiei onartuko diegun gutxienekoa euren talde kriminala desegitea, barkamena eskatzea eta armak eta ostutakoa entregatzea da—. Valentziarrak besterik iradokitzen zuen, ordea, Madrilek Hego Euskal Herrirako onartutako ustezko onurak beretzat eskatzeko zerabilen gure hizkuntza. «Ea euskaraz eginda jaramon egiten didazuen» edo «badirudi euskaraz egin behar dela Madrilen aintzat har zaitzaten» edo horrelako zerbait. Eskertzekoa da inozotasuna, euskal politikariek Madrilen —edo Bilbon edo Baionan— euskaraz egiten dutela sinetsita. Euskaldunoi espainieraz «r» gogorrez eta «pues» eta aditza aldatzen egin izan digute burla, astakilo itxura eman ere bai, baina euskaraz egiten irudikatzea, katalanak bagina bezala, nekez ikusiko duzu halakorik. Bada hori, Oltra anderea, horrela ez, baina eskerrik asko edozelan ere.

Alde ugari daude Kataluniako eta Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politiken artean, baina badago euskal erakundeak inoiz iritsi ez diren marra gorria: erakunde pribatuei hizkuntza-eskaerak ezartzea. Sustatu, bultzatu, lagundu, nolabait, badirudi erakunde publikoen betebeharra dena, merkatu pribatuaren «askatasun» bihurtzen dela, hizkuntza-eskubideak eremu publikoan amaitu eta gaizki ulertutako liberalismo linguistiko bat balego bezala. Udal batzuk bai, saiatu dira arautzen eurekin harremana daukaten konpainiek zerbitzua euskaraz eman beharra, baina hortik kanpo, ezer gutxi. Kontrakoa bai, aurreraxeago ikusiko dugun moduan.

Egia da Kataluniako eta Euskal Herriko egoera soziolinguistikoak desberdinak direla, eta eremu pribatuan neurriak zehaztu egin behar direla: ezin duzu arautu saltoki bateko langileek euskaraz jakin beharra, alemanez edo espainolez arautzen ez den bezala —nola neurtu langilearen «jakituria», gainera?—. Baina ondorio bera daukan araua bai, egin dezakezu: bezeroek hizkuntza ofizialean aritzeko eta atendituak izateko eskubidea legera eraman. Edo sinpleki, lege katalana euskaratu: «Atendre els consumidors quan s'expressin en qualsevol de les llengües oficials a Catalunya» (kontsumitzaileak atenditu Kataluniako edozein hizkuntza ofizialetan aritzen direnean, erreparatu katalan hizkuntza agertu ere ez dela egiten formulazio horretan). Baina hori baino errazagoa behar luke —eta mingarriagoa da ez gertatzea— errotulazioarekin: noiz arte izango da legezkoa Bilbo edo Donostiako leku turistikoetan menuak dozena erdi hizkuntzatan egotea eta euskaraz ez?

Kataluniarekin zorioneko gara euskaldunak, guk egin ez(in) dugun lanaren zati bat katalan hizkuntzaren aldeko mugimenduak egiten baitu. Besteak beste, estatuetako hizkuntza-araudiak ikertuz ondorioztatu dute herrialde gehienek daukatela merkataritza hizkuntza-legedia, eta Espainia dela espainierari buruzko legezko inposizio gehien dituenetako bat: 300 arau baino gehiagok behartzen dute gaztelania erabiltzera. Gasteizko Santa Barbara azokan produktuak ezin zituela euskara hutsez iragarri jakinarazi zion inspektore batek nekazari bati 2016an. Gainontzekoek gaztelania hutsez izatea erabat legezkoa da Gasteizen. Bartzelonan ez. Bartzelonan Kanpezuko nekazari horren postuak baino ez luke beteko legea, beste guztiek urratu egingo lukete katalanez errotulatzera betetzen duen araua.

Esan dut, Katalunia hor izatea luxua zaigu, bidea urratzen duelako: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak esana dauka legezkoa dela errotuluak, menuak eta antzekoak katalanez izatea derrigortzen duen legea. Egungo legebiltzarrean diren diputatuen %60 gutxienez horren aldeko dira. Baina Jaurlaritzan merkataritzaren ardura duela lau urte euskararen aurkako kanpaina etnizista egin zuen alderdiari eman zioten —«Euskara ez jakiteagatik ez dizute sarrera inon debekatzen. Inon... leku batean izan ezik: administrazioan. Bidegabeko egoera bat da eta konpondu nahi dugu»—.

Inoizko emaitzarik txarrenak lortu zituzten kanpaina harekin joan zirenek, baina Eusko Jaurlaritzan sartu ziren, baina ez PSCko Jose Montilla presidentearen bidea hartzeko, saltokiei katalanez errotulatu dezaten —jatetxeetan menuak fisikoki desagertu eta mugikorrean ikusi behar ei diren honetan, beste aukera paregabe bat euskarazko eskaintza egotea ere legez arautu dadin. Itzulpenerako laguntza emanda, hala behar izatera—. Bost aste barru hautatu behar dugun Eusko Legebiltzarrean lehen bi taldeak abertzaleak izango dira. Ondo legoke aurretiaz iragartzea euskaldunon hizkuntza-eskubideen alde hartu asmo dituzten neurriak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Basurtuko erietxearen kanpo aldean ostiralean hasi ziren PCR probak egiten. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255

Mikel P. Ansa

Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.

Emakume bat Zisjordaniako Bani Naim herrian maskarak saltzen, hil hasierako irudi batean. ©ABED AL HASHLAMOUN / EFE

Palestinako kasuek gora jarraitzen dute, neurriak gogortu arren

Ander Perez Zala

PANek 11.000 positibo baino gehiago baieztatu ditu, eta haren diru sarrerak %80 txikitu dira

Adinekoen aldeko mezua. ©L. J / FOKU

Eguneko zentroak berriz martxan ipiniko dituzte

Berria

Orain bi aste, COVID-19aren kasuen igoerak arduratuta, eguneko zentroak ixtea komeni zela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna