Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Zarata karrankari bat

Urtzi Urrutikoetxea -

2021eko maiatzak 9

Madril gutxiago eta Eskozia gehiago» esanez sartu da nagusia erredakziora. Auzi ideologikoa ez eze, pragmatikoa ere bada: nekez egingo duzu Espainiako telebistek baino hobeto Madrili buruzko kobertura, haiek Euskal Herrikoa zuk baino hobeto egingo ez duten bezala (non eta ez den Ipar Euskal Herriko edozein bozketa, dena esan behar bada).

Asteartean alabaren bila joatean, ikastolako gurasoen hitz-aspertuko gaietako bat: zer gertatuko da gaur Madrilen? Ostegunean Eskozia ez zen hizpide. Madrilgo bozetan lehiatu diren hautagai guztiak zaizkio ezagun Hego Euskal Herriko herritar arruntari, hango biltzarrean sartu diren bost alderdietakoak, eta sartzerik lortu ez duenarena ere bai. Eskozian, Nicola Sturgeon edo Alex Salmond, gehien jota. Galesko egoera politikoaz hobe galdetu ere ez.

Edo Arlene Fosterri buruz, Ipar Irlandaren «sorreraren» mendeurrena baino astebete lehenago dimisioa iragarri behar izan zuena. Unionismoak brexit-aren ostean bizi duen ezinegonaren adierazle argia da. Britainiarretan britainiarren jokatu behar horrek aspaldiko zatiketa handiena azaleratu du Ipar Irlandan, baina baita Britainia Handian ere, eta Eskozia eta Ingalaterra dira horren adibide argienak. Iparraldeko nazioak herritarren babes soziala bermatzen duen programa aurrerakoi eta independentista bozkatu duen artean, Ingalaterrako udal hauteskundeen aurkako panorama erakutsi dute: geroz eta eskuindarragoa.

Aldeak alde, Madrilgo bozketak ere hori erakutsi du: Espainiarik eskuindarrenaren garaipena. Errealitate horren konstatazioak ekarri du askorentzat, brexit-aren eta ikuspegirik eskuindarrena daukan alderdi kontserbadorearen aurrean, Eskoziak independentea izatea beste biderik ez duela jabetzea (Galesen, konparaziora, askoz gehiago hazi da independentismoaren aldeko jarrera inkestatan, baina hauteskundeotan laboristak izan dira garaile nagusiak). Emaitza hauekin, ikusi beharko da noiz eta nola egin litekeen independentzia erreferenduma; Nicola Sturgeonek asteon egindako telebistako eztabaidan berretsi du ez duela Katalunian bezalako galdeketarik egiteko asmorik, eztabaida horrexetara, aldebakarreko erreferendumera, eraman nahi izan zuen ordezkari kontserbadorearen aurrean.

Badira independentismoaren baitan hori bera planteatzen dutenak, osterantzean Boris Johnsoni blokeoaren karta ematen zaiolakoan, galdeketari ukoan tematzeko, baina ezin uka hauteskundeotako gehiengo independentistak erraztu egiten duela, berehala ez bada, agintaldi honetan erreferendumaren deialdia gauzatzea, Downing Streetetik etorriko diren neurrien aurka.

Garrantzitsuena bozek agerian utzi duten borondate independentista hori baita, Ingalaterrako emaitzek ere hauspotutako polarizazioarekin: prozesu independentista arrakastatsuetan ohiko faktorea da, estatuko nazio nagusiaren eta lurralde independentistaren artean ezberdintasun etniko, erlijioso edo linguistikoaz gain, jarrera politikoak oso urrun egotea. Eskoziako bozek erakusten duten gizarte-ereduak oso urrun daude Ingalaterran nagusi den proiektu politikoarekin. Eta luzaroan bikote izan arren, bizitzako planteamenduak hainbeste urruntzen direnean, dibortzioa irtenbide zibilizatuena da.

Erresuma Batuan agerian geratu da hori, eta Espainian ere antzeko egoera dago: PSOEtik ezkerrera sintonia izan dezakezun ezker batek ilusioa piztu du azken urteotan, baina minoritarioa da. Pablo Iglesias presidenteorde egon izanak, eta euskal ordezkari batzuen isilpeko jardunak, zerikusia izan dezake azken hilotan askatzen ari den korapiloarekin (ezin aipatu gabe utzi horien guztien aurretik bakearen artisauen lan ordainezina. Agur eta ohore, Mixel Berhokoirigoin).

Katalunian baino onura handiagoa izan da Euskal Herrian, gurean bakegintzarako urratsak behar zirelako lehendabizi; badago zer landu Madrilen eremu horretan. Katalunian, aldiz, prozesu independentistarekin ziharduten buru-belarri, eta hor, gobernurik ezkertiarrenak ere ez du ahalbidetuko ez independentzia, ezta galdeketa demokratiko bat ere. Espainiako Estatuaren mugak aspaldi zaizkigu ezagun, Kataluniako beste sektore independentistak salatu izan duenez. Euskal Herritik begira, Pedro Sanchezek hauteskunderik ez aurreratzea ere onerako izan liteke, hasitako urratsak ez eteteko. CUPeko ordezkari batek Arnaldo Otegiren duela bost urteko bideo bat zabaldu du, Podemos inguruko jendeari esanez ezker independentista prest zegoela laguntzeko Estatuaren demokratizazioan. «Baina zintzotasuna eskatzen dizuegu; ezinezkoa dela ikusten duzuenean, zatozte independentismora». Espainiako estatu errepublikano eta ezkertiarra izateko, egungo estatua bera apurtu beharra nabarmentzen zuen Otegik.

Antzerako idatzi du The Guardian-en George Monbiot idazle ingelesak egunotan, «Hots karrankari hori? Erresuma Batua da, apurtzen hasita» izeneko artikuluan (That creaking sound? It's the United Kingdom starting to break apart): «Iruditzen zait berpizkunde politikoa batasuna apurtuz soilik egin ahalko dela. Handi izateko ahalegina uzten dugunean baino ez gara izango on».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Israelgo soldaduak atzo erasoa izan zen sinagogaren kanpoaldean. / ©ABIR SULTAN, EFE

Israelek 42 pertsona atxilotu ditu Jerusalemgo ustezko erasotzailearen etxean eta inguruetan

Jon Ordoñez Garmendia

Besteak beste, Jaire Alkam gazte palestinarraren gurasoak atxilotu ditu. Guztiak horren bizikideak edo bizilagunak dira. 13 urteko haur palestinar bat hil dute bi israeldarrek, ustez horrek beste bi lagun zauritu ostean.

Jende andana Eskoziako trans legearen proiektuaren aldeko protestan, joan den astean, Londresen. ©ANDY RAIN / EFE

«Blokeoaren atzean asmo politikoak daude»

Maddi Iztueta Olano

Erresuma Batuko Gobernuak trans legea blokeatzeak hautsak harrotu ditu Eskozian. Florence Oulds ekintzailearen arabera, prozesu demokratiko bat eten dute. Uste du trans komunitatea ez ezik beste herritarrak ere «oso haserre eta minduta» daudela.

Tyro Nichols, Poliziak hil aurretik, bart zabaldu den bideoaren irudi batean. / ©Memphisko Udala

Bost poliziak Tyre Nicholsi eman zioten jipoiaren irudiek haserrea eta protestak eragin dituzte AEBetan

Jon Ordoñez Garmendia

Memphisen bizi zen 29 urteko gazte afro-amerikarra uztailaren 7an geldiarazi zuen Poliziak kontrol batean, bortizki kolpatu zuten, eta hiru egun geroago hil zen ospitalean. Jipoiaren bideo irudiak publiko egin zituzten atzo.

Israelgo larrialdi zerbitzuetako langileak eta Polizia, atzo, erasoa gertatu zen lekuan, Jerusalem ekialdeko sinagoga batetik gertu. ©ATEF SAFADI / EFE

Pertsona batek gutxienez zazpi lagun hil ditu Jerusalemgo sinagoga batean

Mikel O. Iribar Mikel Elkoroberezibar Beloki

Israelgo armadak ustezko egilea hil du, eta erasoa «terroristatzat» jo. Hamasek ekintza goratu du, bere gain hartu gabe. Palestinak bost suziri jaurti ditu Gazatik Israelera, eta Israelek Gaza bonbardatu du

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.