urtzirrutikoetxea
Kataluniako erreferenduma. LEKU-LEKUTAN

Bi erreferendum aste berean: Kurdistan eta Katalunia

2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Astea joan astea etorri, Kurdistango erreferendumaz idatziko nuela niotson neure buruari, baina Kataluniakoak tarterik ezin utzi. Bagdaden mehatxuren bat edo beste egon da, baina arabiar militarrak gaur-gaurkoz ez dira gai pexmergei aurre egiteko. Hau da, katalanek ez bezala, kurduek beren lurraldearen kontrola daukate: bai Kurdistan autonomoa osatzen duten probintziena, baita horietatik kanpo egon arren kurduak nagusi diren beste eremuetan ere, Kirkuken esaterako. Petrolio putzu erraldoi baten gainean dagoen eremu horri «gure Jerusalem» deitu izan diote kurduek. 2014an Irakeko armadak jihadisten aurrean hondoa jo zuenean kurduen esku gelditu zen hiria erabat.

Masud Barzani Hego Kurdistango presidentearen jokaldia izan da, eta ondo samar irten zaio: sistema tribala erreproduzitu duen gobernu klientelista baten buru izan da, petrolioaren prezioaren jaitsierak eragindako krisiak protesta ugari ekarri ditu, eta duela bi urte utzi behar zuen agintea. EIren gerraren aitzakian hortxe segitzen du, parlamentua geldirik dela. Testuinguru horretan deitu du Barzanik erreferendumera, badakielako edozein kurduri oso zaila zaiola ezetz esatea. Gorran oposizioko mugimenduak, esaterako, independentziaren alde dagoela nabarmendu du, baina oraingoz ez botoa eskatu du. Aski mezu konplikatua independentziaren promesaren aurrean; PKKren inguruko mugimendu iraultzaileak ere gaitzetsi du jokaldia: Barzanik Erdogan Turkiako presidentearekin aliantza dauka, Iraketik kanpoko kurduekin daukan jarrerarekiko ezaxola. Irakeko kurduek Turkia behar dute petrolioa ateratzeko, baina Ankara ere petrolio horren menpeko bihurtu da halaber.

Sirian horren ausart borrokatu eta mundu osoan miretsi den Rojavako esperientziak daukan oztoporik handienetakoa da Barzani, muga blokeatuta baitauka (Kobane berreraikitzeko materialik ia ezin da sartu Siriara). Baina plano teorikoan Barzaniren erreferenduma gaitzetsi arren, Ankararen biktima diren kurdu asko, bai Turkian bai Sirian, ilusioz ari dira biharko erreferendumaren prozesua jarraitzen.

Lurraldearen kontrola dutenez, independentzia-erreferenduma arazorik gabe egingo dute; Kataluniarekiko beste aldea emaitza da: inork ez du zalantzan jartzen baietzaren gehiengoa. Baina horrek ez du inolaz ere berehalako independentzia-aldarrikapenik ekarriko, nazioartean inork ez diolako aitortuko. Bagdadekin negoziazioan indartu gura du Barzanik; petrolioaren mozkinen kontrol handiagoa eta Kirkukek eta beste lurraldeek Kurdistanekin bat egitearekin aski sari izan liteke (Sinjar eskualdean beste arazo bat dauka: bertako yazidietako askokPKKren inguruko milizia eratu dute, PKK-ko gerrillariek askatu baitzituzten 2014an, pexmergek abandonatu zituztenean. Eta Barzanik erabateko kontrola nahi du bere eremuan).

Aitortu behar zaio Barzaniri, gutxik espero zutela nazioarteko presioei eutsiko zienik («geroratzeko» esan diote, baina kurduek badakite «gero» horrek «inoiz ez» esan nahi duela), eta, azken orduan galdeketa bertan behera uzteko aukera hor egon arren oraindik, orain argiago dirudi egin egingo dutela. Independentziaren alde bozkatuko dutela ez dago dudarik. Asteartetik aurrera zer gertatuko den, hortxe koska.

Astea erreferendum batekin hasiko den legez, beste batekin amaituko da, demokrazia eta katalanen borondatea gailentzen badira behintzat. Baina Iraken berehalako ondoriorik espero ez den legez, Katalunian, Espainian eta Europan mugimenduak geroz eta argiagoak dira. Astebete galdeketarako, eta 10-20 egun independentzia-adierazpenerako (inork ahaztu balu ere).

Reutersen erreportajeak Europako hainbat herrialdetan zabaltzen ari den kezka azaldu du asteon erreportaje baten —Vilaweb-en diotenez, Angela Merkelek filtratuta—. Espainiatik hartutako azken neurriak ANC eta Omniumen aurkako salaketa eta mossoak Espainiako Gobernuaren aginduetara jartzea izan dira. Eta Joaquim Forn Barne sailburuaren ezetza. Horixe bera: Kataluniak uko egin dio bere Polizia Espainiaren menpe jartzeari.

Historia gure begien aurrean ari da idazten egunotan: estatu-kolpeetan ohi denez, badakigu edozein independentista atxilotu dezaketela datozen orduetan edo egunetan, baita Carles Puigdemont presidentea bera ere. Katalanek badakite zer duten jokoan, baina Rajoyk ere bai: partida amaitzen ari da, eta Espainiak historikoki egin duen legez, ez dago lekurik win-win estrategietarako, etsaia umiliatuz behar du garaipena. Kataluniak irabazten badu, Espainiako erregimenarenak egin du, agur Rajoyri («bere agintaldian hautsi zen Espainia»), 78ko monarkiari eta, inori ahaztu balitzaio ere, erkidego autonomoen estatuari. Egunotan esan eta egiten direnak luzaroan gogoratuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.