urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Zorionak, Finlandia

2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
XX. mendeko gertakari garrantzitsuenaren mendeurrena genuen hizpide duela lau aste: Petrograden Neguko Jauregia hartu eta Errusiar Iraultzak Sobietar Batasuna eratzea ekarri zuenekoa. Boltxebikeen garaipenetik astebetera, autodeterminazio eskubide orokorra aldarrikatu zuten, erabateko sezesiorako eskubidea barne, «Errusiako herrientzat». Azaroaren 15 berean Finlandiako Parlamentuak —tsarraren inperioaren zati izanda ere, autonomia zabala zeukan— beretzat aldarrikatu zuen ordura arte Finlandiako dukearengan (hau da, Errusiako tsarrarengan) zetzan subiranotasuna. Eta handik hiru astera Finlandiako dukerri zenak Errusiatik independentzia deklaratu eta errepublika gisa estatu berri bat sortu zen.

Etzidamu, bai, Durangoko Azokak atea irekitzen duen egunean, Espainian 1978ko konstituzioa omentzen duten egunean, eta 1990ean 53 urteko hutsunea betez euskaldunok berriz ere egunkaria izan genuen urteurrenaren data berean, finlandiarrek euren independentzia ospatzen dute. Aurten, ehun urte izango dira tsarraren Errusiaren eta Suediako monarkiaren artean zegoen fino-ugriar nazioak estatua eratu zuela. Urte osoan banatu dituzte ospakizun-ekitaldiak, baina etzi eta etzidamu ospatuko dute bereziki. Ez zaie motiborik falta.

XIX. mende hasieran bereganatu zuen Errusiako inperioak Finlandia. Aurretik, Suediaren menpe egon zen, eta haren arrastoa eslaviarrena baino sakonagoa da. Besteak beste, kostaldeko eremu handi bat suediera-hiztuna zen 1917rako, eta suediera zen elitearen hizkuntza. Mende bat beranduago, hizkuntzen berpizkunderako inspirazio-iturri garrantzitsuenetakoa da suomieraren historia. Aldeak alde, bistan da, baina hizkuntza gutxitu baten normalizazioaz—normal hitzak zer esan nahi duen eztabaidan sartu barik— aztertu gura duenak finlandieraren kasuari erreparatu beharko dio. Une egokian asmatu zuten hizkuntza nazional bihurtzen, XIX. mendeko nazionalismoen pizkundean; ordurako ia bost finlandiarretik bat suediera hiztun zen garaian, hiriburuetako eliteak ere suomierarantz itzuli ziren. Historiaren apeta ere izan zen, Errusiako inperioak beste lurralde batzuk konkistatzen ziharduen artean, Kaukason edo Asian, begi onez ikusi zuen Suediaren eragina ahultzeko balioko zuen hizkuntza hura hauspotzea. Edozer dela ere, independentzia lortzerako suomiera estatu-hizkuntza zen, hirietako eliteen zati handi batek suedieraz eginda ere.

Ordurako bazeukan indar horri esker, elebitasunaren bidean asmatu dutela erakutsi dute finlandiarrek. Gehienetan okerrerako da: nekez irteten da hizkuntza gutxitua minorizazio-egoeratik, eta hizkuntza hegemonikoak bere nagusitasun rola indartzen du. Finlandian, baina, praktikan suomiera normalizatuta dago, eta suediera da gaur egun hizkuntza gutxitua —samierak baino eskubide gehiago eta nabarmen indar handiagoa izanda ere—. Ezin ahaztu, horratik, biztanleen ehuneko bost baino ez izan arren suediera-hiztunak, hizkuntza-eskubide guztiak aintzat hartzen zaizkiela. Helsinkiko zinemetan filmak azpidatzi bikoitzekin emateraino. Orain begiratu egunkari honetako karteldegian, ea zein den panorama euskararen egun honetan biztanleen erdiek euskaraz dakiten Donostian... edo Ueman diren Lekeitio, Azpeitia, Tolosa edo Bermeoko zinemetan.

Ez dakit zein neurritan dugun Finlandia erreferente Euskal Herrian. Batzuek izan dugu, hori ziur. Zer esanik ez hezkuntzan, baina ez hor soilik. Joseba Ossaren eta Mia Rissanenen eskutik, bi herrialdeak lotzen lan eskerga egin duen euskal-finlandiarren talde txiki bezain finak harribitxi ugari utzi ditu azken urteotan. Hortxe dugu Joxemari Iturralderen Izua Hemen eleberria, 1936ko gerra Euskal Herrian eta Stalinen Finlandiako inbasioa lotzen, hortxe Joseba Ossaren lanak (Sofi Oksanenen Garbiketaren itzulpena, esaterako, edo Inari, Laponiako lorea eleberria), eta hortxe, aurten bertan Maia Ossa Rissanen alabak ekarrita, Tapio Koivukariren Ariasman nobela, ezinezko zirudiena txirikordatzen: Euskal Herria, Finlandia eta iparraldeko gure beste erreferentea, Islandia, euskal baleazaleen historia duela lau mendeko gertaera tragikoetatik abiatuta —«historian beti biktima izan gara, ez gaude borrero izatera ohituta»—, esan zigun Reykjaviken Sjon idazleak, Björk aurkeztu aurretik—. Egiaz, Islandiak ere, duela 99 urte, abenduan eratu zuen estatua, artean Danimarkako koroaren baitan egon arren; 1944ra arte ez zituen lotura guztiak eten eta errepublika aldarrikatu. Ostegunean, urteurrenaren bezperan, Ezkerra-Berdeak alderdiko emakume bat Islandiako gobernuburu bihurtu zen: Katrin Jakobsdottir. 2014an Bilbon elkarrizketatzeko zoria izan nuen (Zuzeu-n duzue irakurgai), eta txunditu ninduten gauzen artean, euskararen hiztunen erdiak dituen islandierak hain osasuntsu egoteko daukan errezeta izan zen: itzuli, itzuli eta itzuli, hizkuntza handiagoen makulu eta zubiak onartu gabe.

Euskararen egunean badugu nora begiratu. Eta Durangok etzidamu atea zabaltzean, egin topa Finlandiaren omenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.