urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Pantailak euskaraz

2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Urtea da gaur Hegoaldeko euskaldunoi etxeratzeko esan zigutela. Europako biztanle gehienok gogoratuko dugun aro berri baten hasiera zen. Tragedia handi baten abiapuntu, eta aldaketak, ohitura txikietan ere. Gure pantailetan, besteak beste.

Lehendik ari ziren indartzen streaming plataformak, baina etxeratzearekin goia jo zuten. Netflix da ezagunena, eta munduan harpidedun gehien dituena, baina Disney+ izan da gehien hazi dena: ehun milioi harpidedun lortu ditu hamabi hilotan. Bertan dugun fenomenoa da, gutariko askoren aisialdiko elementu garrantzitsu bihurtuta, eta ondorioak ere badituena.

Hizkuntzan ondorioak, esaterako. Asta Helgadottir izeneko islandiar batek bota zuen txioa otsail hasieran: kexu zen Disney Plus katea ingelesez baino ezin zelako ikusi Islandian. Disneyren filmak islandieraz estreinatzen dira zinema aretoetan (Islandian dena azpidazten da, umeentzako filmak dira salbuespena bikoizketan), baina ezin dira euren telebista katean ikusi. Antzeko egoeran dauden beste hizkuntza batzuetako herritarrek salaketarekin bat egin zuten.

Katalanak izan dira kexuaren anplifikatzaile nagusiak, eta oihartzun mediatikoaren ardunak. Etxeratzearekin batera iritsi zen Disney+ Espainiara, eta Plataforma per la Llengua elkarteak sinadura bilketa handia egin zuen berehala, katalana txertatu zezan plataforma berriak edukietan.

Islandiako Hezkuntza ministroak Disneyri zuzenean idatzi zion. Funtsean, galdera da: nola eutsiko diozu hizkuntzari, haurrek txikitatik marrazki bizidunak beste hizkuntza batean ikusten badituzte? Zein harreman izango dute ume horiek, gozagarri zaiena euren hizkuntzan ez badago? 80ko hamarkadan hazi ginenok, telebistako haur-eskaintzaren erdia euskaraz geneukan, ETBn, eta beste erdia TVEn zen, gaztelaniaz. Gaurko haurrek euskaraz dutena tanta bat baino ez da haurrentzako eskaintza itzel handi batean.

Parentesia eginez, utziko didazue esperientzia pertsonala ekartzen. Pantailetako gabezia horren ondorioak mugatu ala indartu, gurasoen esku ere badago, neurri handi batean. Gure etxeko telebistan ez da nahi beste euskararik izan azken hilotan, baina espainolari ere ez diogu lekurik egin. Ondorioz, egun, alabak lasai asko gozatzen ditu telesailak ingelesez, espainol bikoizketarik gabe. Sarritan esan dut: euskaltzaleak ezin du elebidun izan, etengabe «bere» erdararen morrontzan ibili barik.

Islandian eta Katalunian bezala, Euskal Herrian ere hasi dira Disney zein Netflix euskaraz eskatzeko sinadura bilketak. Katalanek zein islandiarrek bezala aldarrikatu behar dugu euskaldunok ere, noski. Gure hizkuntzak islandierak baino bizpahiru aldiz hiztun gehiago ditu baina Islandiak aski mekanismo ditu, multinazionala bere hizkuntzan emititzera behartzeko. Estatu independente izateak zure lurraldean emititzeko baldintzak arautzea ahalbidetzen dizu, esaterako: telebista kate arruntek, esaterako ezinbestean islandierazko azpidatziekin emititu behar dituzte atzerriko edukiak (edo bikoiztuta, umeen emanaldietan), baina streaming emisioak ez dituzte arautu.

Espazio erradioelektrikoa estatuaren menpeko eremua da Espainiaren kasuan. Baina hori gabe ere egin izan du lan Kataluniak, zinema aretoetan filmen erdia katalanez estreinatzea agintzen duen legearekin, esaterako. Generalitatearen borroka handiena Disneyrekin izan da, ordea, diru publikoz ordainduta ere, konpainiak ez zuelako katalanezko bikoizketarik egin nahi.«Estatu bakar batean ere ez ditugu bi bikoizketa egiten»argudiatzen zuten. Azkenean baina, multinazionalak men egin zuen; Oñatin zein Lekeition, erdaraz ez dakiten umeak Raya y el último dragón ikustera eroango dituzte gaur gurasoek, Bartzelonakoek Raya i l'últim drac ikusten duten bitartean.

Eusko Jaurlaritzak esana du eurak ere saiatu zirela Disneyrekin, filmak euskaratu zitzan, bikoizketa diru publikoz ordainduta ere, ezetz esan zieten. Disneyk ez duela halakorik nahi lehen ere bagenekien, horratik, Kataluniako esperientzia malkartsua izan baitzen. Han lortu zuten, ordea.

Disneyk, azkenean, onartu zuen katalana bere eskaintzan txertatzea. Islandian ere egin dituzte urratsak, eta litekeena da islandierazko bertsioa laster izatea. Alde batetik, presioa egon delako baina, nagusiki, eginda dauden islandierazko edo katalanezko audio-pistak gehitzea baino ez delako. Urteetan zinema-aretoetan egindako lana eta telebistan txertatzea da, azken batean. Euskal erakundeek, baina, etsi egin zuten multinazionalarekin lehian; eginda dagoena txertatzea baino askoz garestiagoa da berariaz bikoizten hastea orain.

80ko hamarkadako pizkundetik atzerantz etorri gara. Orain, aspaldi ez bezalako mugimendua sortu da, Netflix Euskaraz-en sinadura bilketa, esaterako. Horrek, berak bakarrik, ez ditu gure pantailak euskaldunduko, baina hori gabe, herritarrok aisialdia euskaraz izateko borondatea dela adierazi ezean, inork ez du gugatik egingo. Gure esku ere badago tren hau ez galtzea, hurrengo belaunaldientzat euskara ez dadin izan pantailetan guztiz arrotza zaien hizkuntza bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.