Albistea entzun

Koronabirusa

Jai eta asteburuetan Nafarroan etxeratze agindua jartzea onartu dute epaileek

Gutxienez uztailaren 30era arte iraungo du, eta 141 udalerriri eragingo die. Auzitegi Nagusiaren ustez, gobernuak frogatu du gaueko bilkurak direla «kutsatze gehienen sorburu»
<b>Iruñea.</b> Gauez, Estafeta eta Xabier karriken arteko bidegurutzea.
Iruñea. Gauez, Estafeta eta Xabier karriken arteko bidegurutzea. J. DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko uztailak 24

Hasieran kale, eta orain bale. Astelehenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen muturreko arriskua duten herrietan gaueko jarduera mugatzeko gobernuak proposatutako erabakia. Nafarroako Gobernuak moldatu egin du foru agindua, eta proposatu du etxeratzeko agindua ezartzea asteburuetan, jai egunetan eta tradizionalki festak izaten ohi diren garaian —bezperan ere bai—. Atzo, Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzietako aretoak baimendu egin zuen neurri hori, eta, ondorioz, gaurtik aurrera intzidentzia handiko tokietan ezingo da kalera atera 01:00etatik 06:00etara bitartean.

Zehazki, Nafarroako 141 udalerritan sartu da indarrean etxeratzeko agindua, eta, printzipioz, datorren asteburura arte iraungo du —dena den, gobernuak aurreratu du egoera aldatu ezean neurriari eutsiko diola. Salbuespenezko kontuetarako baino ezingo da irten etxetik: botikak, osasun produktuak eta oinarrizko beste gauza batzuk erostera, medikuarenera, albaitariarenera, lanera, zaintza lanak egitera eta beste salbuespen batzuetara.

Nafarroako Gobernuak argitaratu du zeintzuk diren azken hamalau egunetan 250 kasuko intzidentzia duten 141 udalerriak. Horien artean daude Zizur Nagusia (1.174,96ko intzidentzia tasa), Aranguren (1.114,28), Lizarra (1.093,41), Berriozar (1.045,46), Burlata (989,73), Noain-Elortzibar (985,57), Antsoain (969,26), Iruñea (927,83), Barañain (871,33), Berriobeiti (826,90), Baztan (797,22), Eguesibar (780,95), Atarrabia (725,20), Tafalla (566,30), Tutera (526,78) eta Altsasu (322,45).

Aipatutakoez gain, hiru nabarmentzen dira, hamalau egunetan 10.000tik gorako intzidentzia tasa dutelako: Azuelo (12.903,22), Orbara (12.121,21) eta Lesaka (11.601,60). Era berean, 5.000 eta 10.000 arteko intzidentzia tasan daude Igantzi (6.572,76), Urroz (6.010,92) eta Zubieta (5.280,52). Eta 3.000 eta 5.000 arteko tasa dute Saldias (4.918,03), Arantza (4.690,11), Ituren (4.500,97), Etxalar (4.059,04), Doneztebe (3.418,30), Lantz (3.378,37), Bera (3.292,29) eta Aresok (3.225,80). 1.000 eta 3.000 arteko tasarekin 43 udalerri daude, eta hortik behera, 84.

Gobernuak azaldu du gaitza «ekitaldi superkutsatzaileetan» ari dela hedatzen, «gauez, gazteen artean, baita kanpoan ere, batik bat tabernak ixten dituztenean». Argudio hori onartu egin dio Auzitegi Nagusiak.

Aipagarria da hori. Izan ere, alarma egoera kendu ostean, maiatzaren hasieran, etxeratzeko agindua ezartzea proposatu zuen gobernuak, baina epaileek atzera bota zuten neurria, kaleko edana eta antzeko topaketak legedi arruntarekin mugatu zitezkeela argudiatuta. Aldiz, bi hilabete geroago, auzitegiak irizpidea aldatu du, frogatutzat jo baitu 15 urte eta 30 urte artekoen bilkura horiek direla «kutsatze gehienen sorburua». «Polizia txostenek, batez ere Foruzaingoarenek, agerian uzten dute ekainean eta uztailean Nafarroa osoan, eremu publikoan, bilkura orokorrak, zenbaitetan masiboak, egiten direla, batik bat gauez eta tabernak ixten direnean», zioen atzoko autoak.

Auzitegiaren arabera, bilkura horiek ezin daitezke parekatu kalean edateko elkartzen diren jende multzoekin. «Gaueko aisialdi mota berri bat da, eta, polizia kopurua ikusirik, ezin dira horiek denak kontrolatu». Horregatik, maiatzaren 11ko autoan ez bezala, epaileek uste dute proposatutako agindua egokia dela eta «behar bezala egiaztatuta» dagoela.

Aste hasieran, intzidentzia handiko herrietan gaueko jarduera mugatzeko erabakiaren aurka egiterakoan, epaileek nabarmendu zuten informazioa falta zitzaiela neurriaren egokitasuna behar bezala epaitzeko. Hirugarrenean, ordea, onetsi egin dute: «Neurrizkoa da, ez baitu mugimendua erabat galarazten: salbuespenak daude; ez da Nafarroa osoan aplikatuko, ez eta asteko egun guztietan ere. Asteburuetan, jaiegunetan eta festen garaian aplikatuko da.

Maskaren erabilera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago etxeratzeko agindurik, baina ostegunean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «automugatzeko» eskatu zien herritarrei. Halaber, gaurtik tabernen eta jarduera ekonomiko guztien itxiera 01:00etan ezarri du Labik, eta, horrekin batera, ostalaritzaren, merkataritzaren eta bestelako instalazioen edukiera %35era murriztu du. Gainera, maskara derrigorrezkoa izango da «jendea ibiltzen den hiriguneetan».

Gero eta agerikoagoa da maskararen erabilerari buruz talka juridikoa dagoela Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artea. Barrualdean, erabilera derrigorrezkoa da, baina kanpoaldean, 1,5 metroko segurtasun tartea gordez gero, kentzeko aukera hobesten du Madrilek. «Maskarak gure artean jarraitu behar du, baina ez beti jarrita», esan zuen atzo Carolina Dariasek. Osasun ministroaren arabera, ez dago gatazkarik bi gobernuen artean, «ideia berarekin» bat egiten baitute.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako eledunaren arabera, Madrilen eta Gasteizen onartutako testu juridikoen artean «ez dago alde handirik», baina bai ñabardurak. «Modu desberdinean ikusi eta irakurri dira. Espainian onartutako arauei dagokienez, badirudi salbuespena maskara jartzea dela, eta guk onartutako testuetan, salbuespena ez jartzea izango litzateke, jende pilaketarik ez dagoen tokietan». Haren ustez, diferentzia horrek «nahasmena» eragin du, eta «euskal agintarien helburua izan da hori argitzea». Hala, Zupiriak zehaztu zuen onartutako dekretuan «derrigorrezkoa» dela erabiltzea, eta «ez erabiltzea, salbuespena».

Ziurtagiria, aurrerantz

Ipar Euskal Herrian, berriz, espero da abuztuaren hasieratik derrigorrezkoa izango dela osasun ziurtagiria. Iragan astean, Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak iragarri zuen legez COVID-19aren aurkako immunitatea erakusten duen agiria beharko dela garraio publikoa erabiltzeko edo jatetxe batean sartzeko. Zalantza handiak, arrangura eta kritika ozenak eragin ditu proposamenak, baina hura onartzeko tramitazioa aurrera doa.

Atzo, Frantziako Asanblea Nazionalak baiezkoa eman zion lege proiektuari: 117 diputatuk alde bozkatu zuten, eta 84k kontra. Orain, egitasmoa Senatuan da bozkatzekoa, eta aurrera aterako dela espero da. Hala, abuztuaren hasieran sartuko litzateke indarrean. Ziurtagiriarekin batera, osasun arloko profesionalak txertatzera behartzen ditu lege proiektuak. Macronek argudiatu du jendea era masiboan bultzatu nahi dutela txertaketara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Herritarrak paseoan, Hernaniko (Gipuzkoa) kale batean. ©JON URBE / FOKU

Intzidentzia tasa ehundik beherakoa da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 133 kasu detektatu dira Hegoaldean. EHUk, MUk eta Deustuk aurrez aurre emanen dituzte eskola denak urri erdialdetik aurrera
Haur bat, Donostiako ikastetxe batean artxiboko irudia. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Hasi dira legea ehuntzen

Arantxa Iraola Irati Urdalleta Lete

Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoak hasiak dira hezkuntza hitzarmena negoziatzen. Hizkuntza eredua eta finantzaketa dira eztabaidagai nagusiak, baina uste dute badirela ados jartzeko aukerak
Klima aldaketaren aurkako manifestazioa, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

«Neurri zorrotzak» eskatu dituzte klima aldaketari aurre egiteko

Oihane P. Ramirez

Fridays For Future plataformak mundu osoko greba deialdia egin du. Besteak beste, Donostian, Bilbon eta Iruñean egin dituzte mobilizazioak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna