Beste mundu bat oraindik ere posible da

Iñigo Odriozola eta Gema Hierro - Donostiako Zero Pobrezia plataforma

2020ko urriak 17

Asko dira gizarte gisa ditugun erronkak, eta are gehiago egungo osasun-larrialdiaren testuinguruan. Hala ere, pobreziak, zoritxarrez, pandemiarik mingarriena, justifikaezinena eta toleratuena izaten jarraitzen du, gure premiazko ekintza sozial eta politikoa eskatzen duena. Hain zuzen ere, duela hamabost urte, pobreziarekin eta desberdintasunekin kezkatuta zeuden hainbat gizarte-kolektibok ekintzara pasatzeko erabakiarekin, Donostiako Zero Pobrezia plataforma eratzea erabaki genuen. Nazioarte mailako kanpaina bat zen, 2000n Nazio Batuen Erakundeak adostutako Milurteko Garapen Helburuen harira jaioa.

Egindako ibilbide honetan zehar, erakutsi ditugu pobreziaren eta bazterkeriaren hainbat adierazpen, bai gure ingurune hurbilenean, bai munduko beste leku batzuetan; eta haien kausak ere identifikatu eta salatu ditugu. Ulertu dugu pobreziaren aurkako borroka asistentzialismoaren eta ekintza humanitarioaren logika aplikatzetik harago doala, eta gizartea aldatzeko borondate politiko eta herritarra behar duela, zuzentasunaren, justiziaren eta giza eskubideen balioetan sendo oinarrituta.

Helburu hori jomuga izanda, eta pobreziak dimentsio asko dituenez, txirotasuna desagerrarazteko ezinbesteko zenbait arlo jorratu ditugu urte hauetan. Lehendabizi, azaleratu ditugu emakumeek sistematik jasaten dituzten bazterkeriak zenbait arlotan eta munduko zoko guztietan. Bigarrenik, hezkuntzaren edo osasunaren antzeko eskubide guztiak mundu osora hedatzea aldarrikatu dugu. Hirugarrenik, migratzaileen aurkako politikak salatu ditugu, kriminalizatzen baitituzte segurtasunaren bila ari diren pertsonak edota bizitza duina lortu nahi dutenak. Azkenik, agerian jarri dugu natura zaintzearen garrantzia pobrezia desagerrarazteko, adibidez, klima aldaketa geldituz edo ekoizpen eta kontsumo ereduak eraldatuz, azken horiek oinarritzen baitira baliabide naturalen xahupenean eta pertsonen esplotazioan.

Baina protesta ez ezik, plataforman proposamenak ere egin ditugu. Horretarako, zenbait alternatiba eta benetako ekimenak partekatu ditugu aldaketak lortu nahian, esate baterako, bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua eta gertukoa, edota finantza etikoak, besteak beste. Horiek guztiak, hain zuzen ere, oinarrituta daude lankidetzan, guztion ongizatean eta eredu bidezkoago eta solidarioago batean, betiere tokian tokiko esparrutik giza garapen iraunkorra lortzeko.

Irakaspen horiekin guztiekin, hamabost urteren ondoren eta mundua astindu duen pandemia baten erdian, gaur, urriaren 17an, oroitzen dugu Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Hala ere, osasun-larrialdi honek ezin ditu ezabatu atzo arte munduan gertatzen ziren bidegabekeriak. Gizarte askotan giza eskubideak larriki eta behin eta berriz urratzeari osasun-krisi bat gehitu behar zaio, eta horrek egoera larriagotu egingo du, desberdintasun eta prekaritate handiagoa sortuz, batez ere pertsona eta herri ahulenetan. Hala ere, COVID-19a hedatzea aukera ere bada, arazo globalen aurrean konponbide eta politika globalak adostu behar ditugula gogorarazten jarraitzeko, eraldaketa pertsonal eta kolektibotik, inor atzean utzi gabe.

Horregatik, Beste mundu bat beharrezkoa eta posiblea da: desberdintasunak ezabatu! lelopean, pobrezia ekidin daitekeela eta horretarako borondate politikoa behar dela aldarrikatzen dugu. Baita irauli dezakegula ere egungo eredu ekonomiko eta instituzional global eta neoliberala, horren sorreraren eta betikotzearen arduraduna delako. Era berean, uste dugu herritarrek pobrezia eta desberdintasunak amaitzen lagun dezaketela salaketaren, mobilizazioaren, gizartearen parte-hartzearen edo egunerokotasunaren bidez.

Bestalde, erakundeek erantzun ausartak eta premiazkoak eman behar dituzte egungo larrialdi-egoera eta horren ondoriozko krisi ugariak arintzeko. Elkarrekin, orain inoiz baino gehiago, premiazkoa da bizitza erdigunean, ingurumenarekiko errespetuan, genero-ekitatean eta, azken batean, pertsona guztientzako bizitza duinean jarriko duten bizi-eredu berrietarantz aurrera egitea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Debatea

Debatea

Kirmen Uribe

Trumpen eta Bidenen arteko lehiari begira jarri da Kirmen Uribe ere, aste honetako New Yorkeko munduak podcast-ean.

 ©Malen Amenabar Larrañaga / Txakur Gorria
Itziar-Ondarroa
Hamabostaldia Mexikon

Hamabostaldia Mexikon

Kirmen Uribe

Berezko dudan baikortasun, ezen ez xalotasun, honek traizionatu egiten nau batzuetan. Gaztetan maite nuen Emil Cioran-en ezkortasun beltza, baina orain, zer esango dizuet, nahiago dut Bertrand Russell-en inkonformismo bizizalea. Uste genuen abuztuaren bukaeran gauzak hobeto egongo zirela Covid-aren kontuarekin, Europa eta Estatu Batuen arteko mugak zabalduko zituztela eta ez genuela arazorik izango New Yorkera itzultzeko. Baina ez da izan horrela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna