Vox: testosterona eta dominantzia

Julen Orbegozo Terradillos
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Badugu ikerketarako fenomeno berria». Horixe idatzi nuen Whatsapp talde batean abenduaren 2an, Andaluziako hauteskundeak izan ziren egun berean, iluntzeko 20:54an. Harrituta nengoen Vox alderdiaren emaitzekin. Smartphone-aren bestaldean zegoen ikerketa-kide batek erantzun zidan: «XXI. mendean gatazka-ardatz garrantzitsuena eskuin muturraren eta feminismoaren arteko tentsioa da, eta horixe nabarmentzen jarraituko da». Soziologoa da hausnarketa hori egin zuen kidea, eta sare sozialetako elkarrizketak eta harremanak aztertzen ditu.

Testuinguru horretan, gogo berezia nuen Vox-en erretorika aztertzeko. Helburu horrekin ikusi nuen iragan asteartean eta asteazkenean egin zen Andaluziako presidentea aukeratzeko inbestidura saioa, bereziki erreparatuz eskuin muturreko ordezkariaren interbentzioari.

Izen eta erreferente ugari aipatu ziren Sevillako ganberan, baina gehien aipatu ziren horietako bat Antonio Machado izan zen. Moreno Bonillak (PP), Serranok (Vox), Diazek (PSOE) eta Rodriguezek (Adelante Andalucia) aipatu zuten, Marinek (Ciudadanos) ezik, guztiek, alegia. Hasteko, bada hori eskuin muturraren garaipen bat, Machado baita «bi Espainien» kontzeptuaz hitz egin zuenetako bat. Hain zuzen ere, bi Espainien konfrontazio horren erretorikak eraman duela Vox dagoen tokira.

Ezker eta eskuin, zahar eta berri, progresista eta kontserbadore, nazionalista eta zentralista... esparru publikoan hegemonia izateko bi izaera antagonikoen arteko dialektika etengabekoa izan da historian zehar. Eta, badirudi, feminismoek ere, testuinguru garaikidean duten indarra izanda, behar zutela lubakiaren beste aldean oposizioko indar bat. Feminismoak eta emakumeak baitira, dudarik gabe, XXI. mendean emantzipaziorako eta aldaketarako subjektu nagusi.

Testuinguru horretan, Vox alderdia lehen aldiz igo zen estatu espainoleko parlamentu bateko atrilera. Gorbata berde arin batez, alderdiaren pina paparrean zuela, serio, solemnitate puntu batekin, Francisco Serrano bozeramaileak «bi Espainia» irudikatu nahi izan zituen. Vox jarri zuen partidaren alde batean, demokraziaren irudi; eta aurrez aurre, «diktadura eta totalitarismo ideologikoaren paradigma diren feminismoak». «Gugan konfiantza jarri dutenei ez diegu iruzurrik egingo», agindu zuen. Badaki, berez, esaldi hori ez dela soilik euren boto emaileentzat.

Eta, bada, nola irudikatu zuen Vox, bere alderdia, Francisco Serranok, antagonismo horren alde bateko protagonismo nagusi gisa? Espainol (oso), demokrata, konstituzionalista gisa. «Oso harro gaude hori guztia izateaz, eta moderazioz, errespetuz jokatuko dugu, elkartasuna bilatuz, tinkotasunez eta leialtasunez». Tarteka, bazirudien Jimenez Losantos, Eduardo Inda eta Bertin Osborneren arteko hibrido bat zegoela hizketan, nagusi sentitzen den horren jokositate paternalistaren erretorika behin baino gehiagotan erabiliz. «Gure oinarri-oinarrian maitasuna dago», bota zuen, San Juanen ebanjelioaren pasartea aipatuz, txisterik egiteko intentziorik gabe.

Jakina da inbestidura saioetan gobernu-programa baino gobernu-balioak transmititzen direla: zure balioak goraipatu, zure errelato, misio eta bisioa eraikitzen joateko. Ez da erreza, kontuan izanda aurrean gainontzeko indar politikoak dauzkazula, gehienak eta gehienetan ez oso talante kooperatzailearekin. Hain zuzen ere, zu zurea eraikitzen saiatzen zaren bitartean, besteek ere zure errelatoan esku hartu nahiko dute. Kasu honetan, Serranok aukera aprobetxatu zuen Adelante Andaluciako ordezkariei begira (Podemos, ezker eraldatzaile, subjektu emantzipatzaile, feminismoak eta horietaz guztietaz hitz egiten zuenean beraiei zuzentzen zitzaien) kontribuzio gisa, bere ziztada botatzeko: «muturreko ezkerra zarete, supremazistak, Stalinen eta Guevararen jarraitzaileak... demokratez mozorrotutako faxista berriak, totalitarista eta sektarioak». «Ezker intrusista eta totalitario batek inposatutako diktadura ideologiko batean» bizi omen gara Vox-en iritziz eta PPren ezkerrera dagoen guztiaren erruz.

Himnoa, bandera, zezenketak, gurutzea, jabetza pribatua, ehiza, flamenkoa, familia, Nazareteko Jesucristo, Frantzisko Asiskoa... aipatu zituen. Alegia, patriotismoaren, katolizismoaren eta... testosteronaren, bai, testosteronaren irudi nagusiez jabetu zen. Testosterona barrabiletan sortzen dugu gizonezkook eta obarioetan emakumeek... eta berez, ez da txarra; gaizki konbinatuta, ordea, «dominazioaren hormona» bihur daiteke (izen horrekin ezagutzen da) eta jokaera menperatzaileekin zerikusia izan dezake, ikerketa askok frogatu dutenez. Hala, badirudi feminismoen aurkako gudari aurre egiteko testosterona gehiago behar duela Vox-ek eta Espainiako gizartearen zati handi batek. Abascalek bezperan Serranori esango omen zion: «Testosterona gehiago, Francisco, botererik eta dominantziarik ez galtzeko».

Finean, Serranok tentu handiz irakurri zuen interbentzio haren nobedadea, hain zuzen, nobedade handirik ez zela egon izan zen. Moderaziorik, matizaziorik, atzera-pausorik ez. Aldiz, testosterona barra-barra. Ustezko sasi feminokraziaren aurrean sortzen den beldur egoerari aurre egiteko, beraz, «más madera» hartatik «más testosterona» berrira pasatu gara.

Badirudi beldurraren aroa dela politikagintzan... eta, hain justu, beldurra hauspotzeko mamu bitxiak topatu dituzte XXI. mende honetan politika sanorik egin nahi ez dutenek: migratzaileak, emakumeak... Bai, historia errepikatzen da. Eta historian beste aldi batzuetan egin duzuen bezala, «testosterona gehiago!» horri erantzuten ari zaretenoi, zorionak eta animo, ez baita erronka makala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.