Nikaraguako hauteskundeetarako premiazko irakaspenak

2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Bihar Nikaraguan egingo diren hauteskundeen aurrean bi jarrera daude mundu «zibilizatuan» (aberastuan), Euskal Herrian, bakarrik itxuran kontrajarriak direnak. Asko sinplifikatuz, FSLNren aldeko jarrera bat dago, Daniel Ortega iraultzaile edo, behintzat, gutxieneko gaitz bezala hartzen duena; eta beste jarrera bat, FSLN eta herri nikaraguarraren zati nabarmen baten etika eta arrazoiketa ideologiko-politikorako gaitasuna inplizituki ukatzen duena, Daniel Ortega «diktadore eta bortxatzailetzat» hartuta. Lehenengoen artean 80ko hamarkadako Iraultza sandinista etsipenez oroitzen duten erromantikoak daude, baita geoestrategiaren ikastun handiak ere. Bigarrengoen artean hiritar aurrerakoi, sozialdemokrata, liberal eta eskuinekoen gehiengoa dago, hedabide nagusien eraginpean.

Bi alde hauek herri nikaraguar antolatuaren eta bere militantzien gainetik kokatzen dira, etika zein bertoko eta munduko errealitatearen analisi-gaitasunari dagokienez. Gainera, beren mespretxua ezkutatzen eta justifikatzen dute mota guztietako eufemismo, topiko eta gezurrekin, beren nagusikeria eurozentrista, kolonialista eta arrazista edota beren aitorrezinezko interesak ukatuz ala aldarrikatuz. Haien artean, bakar-jokoan tranpak egiten edota kapital handiarekiko duten konplizitatea jakinik hura ezkutatzen adituenak «distantziakideak» dira. Laburbilduz: alienazioa ala faxismoa, baina milaka gris-ñabardurak bananduta.

Nikaraguako errealitatea konplexua da (munduko edozein tokitako edozein prozesu politikoren edozein errealitate bezala). Konplexutasun horri analisia egiten duenaren subjektibotasuna gehitu behar zaio. Elkartasunezko internazionalismoaren materialismo zientifiko dialektikotik edozein errealitate analizatzeko, gure ohiko analisi teoriko-zientifikoaren alegiazko laborategi mugatu eta mugatzailetik atera behar dugu. Zentzu horretan, gure ahalbide murritzetatik, hauteskunde hauetan eta haien ondorioetan eragina daukaten faktore guztiak hartu behar ditugu kontuan, gure ezjakintasun eta irrazionaltasun subjektibo asko barne.

Horrek ez du konpontzen neoliberalismoaren esku zikinetan abandonatu genuen (behin eta berriz bortxatzen jarrai zezan...) Nikaraguaren inguruko interesen polarizazioa, ezta polarizazio ideologiko-emozionala ere; guretzat «la flor más linda de [nuestro] querer, abonada con la bendita sangre de Diriangén» izan zena. Beren porrotagatik, Iraultza, FSLN eta Nikaraguako herria beren porrotean abandonatu genituen, eta munstroaren urdailaren erosotasun berotsura bueltatu ginen, irritsu eta orientazioa galduta, samurtasun eta erreferentzia berriak nola erosi bilatzera.

Horrek ere ez du konpontzen elkartasunaren «zer egin» arazoa. Hala ere, «gizateriaren etsaia den yankiekiko» konplizitate inplizitua ekiditen laguntzen gaitu. Horretarako, sine qua non baldintza dira elkartasunezko kausaren erabilera proselitistatik askatzea eta besteen garaipenak gureak bezala hartzeko eta porrot komunetatik ihes egiteko joera baztertzea. Herri nikaraguarraren eta euskal ezkerraren arteko gaindiezinezko ezberdintasuna honako honetan datza: gutxieneko gaitzaren analisian (Ortega ala besteak) izandako errorea lehenengoek pairatuko dute, hemen ez ikusiarena egin dezakegun bitartean. Alderdi hau ez da bakarrik begirune eta autoritate kontu bat, behatzailearen hautematea eta balorazioa erabat baldintzatzen baitu, eta baita, hortaz, bere ondorioak ere.

Euskal elkartasun internazionalistaren gabezia larriak eta akats estrategikoak ez dira bakarrik agerian geratu 1990. urteko hauteskundeen ostean kausa sandinista alde batera uztean, baizik eta GKEen mugimenduaren kontrako estrategia beligerante eta eraginkorra ez izatean. Ezjakintasun interesatuaren eta kontrairaultzaren infernurako bidea asmo onez harriztatuta dago. GKE guztiak berdinak ez badira ere, guztiak «igeriketa sinkronizatuaren taldeko» kideak dira; neoliberalismoaren tresna, nazio errebeldeen kontrako bere borroka ideologikoan. Era berean, neokolonialismoaren laguntzaileak eta jendarte zibil onuradunaren diluitzaile eta alienatzaileak dira. Zabarkeriagatik edo aitor ezinezko interesengatik alde garrantzitsu hau zaintzen ez dugunean, elkartasuna ez da internazionalista, eta herrien arteko samurtasuna izateari uzten dio.

Nikaraguari ezarritako gerra, krimen, xantaia, lapurreta, kreditu, doitze, blokeo, txotxongilo... guztiak aintzat hartuz eta gure jendarte demokratak berak bozkatzen dituen politikarien maila kontuan hartuz, gaur egungo euskal ezkerretatik ez daukagu inolako autoritate moralik kritikatzeko edota aholkuak emateko etikari, garapen ekonomikoari, gobernagarritasunari, demokraziari edo justiziari buruz. Are gutxiago Ortegaren eta FSLNren alde edo kontra Nikaraguako hauteskundeak baldintzatzen saiatzeko.

Edozein kasutan, geure buruari egin beharko geniokeen galdera hauxe da: zer ez dugu egin orain arte eta zer egiteko prest gaude Europar Batasuna, Erreinua eta Errepublika, euskal erakunde, bertoko enpresari eta bankuen esku-sartze politiko, finantzario eta kultural kriminala ekiditeko? Ez gara gai Euskal Herria sozialismo eta independentzia gehiagorantz aurreratzeko baina epaile (eta parte!) izatera ausartzen gara hauteskunde, demokrazia, agintari, politikari, alderdi eta herri nikaraguarrari buruz kritikatzeko eta irakasteko. Apaltasuna ez da bakarrik eliza kristauaren itxurakeria, balio iraultzailea ere bada. Elkartasunetik «zer egin» jakin ezean, hobeto isilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.