Parke eolikoak

Gainerakoen «traktore»

Norvegiako Statkraft enpresa publikoak Euskal Herrian eraiki nahi dituen parke eolikoek lehen lerroan jarri dute energia eolikoaren afera. Mikel Oterok dio «aukera bat» sortu dela bestelako eredu baterako

Iberdrolak eraikitako Elgea-Urkillako parke eolikoko haize errotak, Araban. ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA.
Edurne Begiristain.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ika-mika politikoan korapilatu da gaia, eta zurrunbilo mediatikoan lokaztu da eztabaida. Baliabide energetikoen krisia mundu osoa astintzen ari den honetan, Statkraft Norvegiako enpresa publikoak Euskal Herrian bi parke eoliko eraikitzeko iragarri asmoa zeresana ematen ari da oraindik. EH Bilduk begi onez hartu du Statkraft enpresaren proiektua, energia eredu aldaketa berritzailea proposatzen duelako, eta koalizioaren jarrerak hauspotu egin du eztabaida politikoa.

Norvegiako enpresaren proiektuak eta koalizio subiranistak agertutako aldeko jarrerak lehen lerrora ekarri dute energia berriztagarriei buruzko eztabaida. Are: gaiaren gaineko fokua zabaldu egin da, eta energia eredua bera jarri da eztabaidaren erdigunean. Izan ere, «eredu aldaketa» bat ikusi du EH Bilduk Statkraften egitasmoan, «eskema berritzaile» bat proposatzen duela iritzita. «Bestelako energia eredu baterako aukera bat sortzen du», azaldu dio BERRIAri Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak.

Statkraft Europako ekoizle nagusia da energia hidroelektriko eta berriztagarrietan.Joan den astean Barbara Flesche enpresaren Europako presidenteordeak eta Jose Miguel Ferrer konpainiak Espainian eta Portugalen duen zuzendari nagusiak egitasmoaren berri eman zioten Iñigo Urkullu lehendakariari. Inplikatutako udal gehienek ere badute egitasmoaren berri; Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak jakinarazi duudala enpresarekin bildu dela, eta aurki enpresak azalpenak emango dituela herri batzar batean. Proiektua «berritzailea» dela iritzi dio alkateak, eta begi onez hartu du. Herritar asko, baina, uzkur agertu dira, eta proiektu eolikoaren aurka antolatzen hasiak dira. Gaur iluntzerako deitu dute batzar ireki batera herrian.

Norvegiako enpresak Azpeitian, Errezilen eta Zestoan eraiki nahi ditu parke eolikoak (Gipuzkoa), eta Aramaio eta Eskoriatza artean (Araba eta Gipuzkoa). Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean eraiki nahi duen parke eolikoak, Piaspe izenekoak, 32 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du. 32 megawatteko potentzia izango du, eta urtean 84,7 gigawatt-ordu produzituko ditu. Gai izango da 24.000 etxe ingururi energia emateko. Bigarren parkea Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko mugan eraiki nahi dute, Itsaraz izenarekin. 52,8 megawatteko potentzia izango du. Urtean 153,8 gigawatt-ordu sortuko ditu parke horrek, eta 44.000 etxe inguru hornitzeko gauza izango da. 60 milioi euro inguruko inbertsioa beharko du, 92 milioi euro bi proiektuek. 2027an martxan jartzea espero dute.

Hiru ardatz ditu Statkraft enpresaren proiektuak: energiaren sozializazioa, industriarentzako «zero kilometroko» argindar hornidura, eta lankidetza publiko-pribatua. Gainera, parte hartze soziala sustatzeko formulak erabiltzen ditu enpresak; esaterako, tokiko komunitate energetikoak sustatzen ditu.

«Beste modu bat»

Estrategia energetikoaren eztabaidari elementu «berritzaileak» eransten dizkio Norvegiako enpresaren proiektuak, Oteroren ustez. Batetik, enpresa erabat publikoa da, eta, bestetik, «irekia» dago proiektuaren jabetzan eragile publikoak, pribatuak, komunitarioaketaherritarrak barne hartzeko. «Kode etiko indartsua du», azpimarratu du. Orain arteko proiektuekin alderatuta, beraz, bada alderik:«Gauzak beste modu batez egiteko asmoa erakutsi dute, hasieratik. Orain arte ezagutu duguna besterik da: enpresek leku bat aukeratzen dute negozioa egiteko, ez dute herritarren iritzia aintzat hartzen, eta energia horren kontrola inbertsiogileen eta enpresa handien eskuetan geratzen da».

Statkraftek Euskal Herrian egin asmo dituen parke eolikoen letra txikia ezagutzeko dago, baina EH Bilduk uste du proiektuak «zimenduak» jar ditzakeela trantsizio energetikoaren ibilbide orria finkatzeko. Izan ere, Oterok azaldu duenez, Norvegiako enpresaren proiektua publiko-pribatu dikotomiaz harago doa, herritarrei jabegoan zuzenean parte hartzeko modua eskaintzen dielako. Eta hor dago, haren iritziz, trantsizio energetikoa modu egokiago batean garatzeko gakoetako bat: «Guk gidatzeko gaitasuna izango dugu, ala beste batzuek erabakiko dute gure ordez? Ematen du proiektu honen onurak gizartearekin partekatzeko asmoa dagoela».

Oteroren ustez, «energia sozializatzeko eta demokratizatzeko» aukerari ate bat irekiko lioke proiektu berriak, eta orain arte ikusi ez den «eskala handi batean», herri edo eskualde oso baten kontsumo elektrikoa betetzeko moduko energia ekoitzita. Gainera, «trakzio lana» egin dezake abian dauden beste proiektu eoliko batzuekin: «Bertako udalek, biztanleek eta enpresek erabaki ahalmena izateak aurrekari bat ezar lezake bestelako energia eredu baten alde egiteko».Hala ere, Oterok argi du bi parke eolikoek bidea marraztu bai baina trantsizio energetikoa definitzea «arnasa luzeko bidea» dela, eta «elkarrizketa sozial eta politiko sakona» eskatzen duela. Azken egunetako zalaparta politikotik aldendu eta gutxieneko adostasunak lortzen saiatzearen alde egin du EH Bildukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.