PP ia bakarrik geratu da Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearen eztabaidan, Eusko Legebiltzarrean; hain justu, diktadura frankistaren azken urteetako gidariek abiarazitako alderdia. PPren banaketa batetik sortutako taldearen, hau da, Voxen ordezkari bakarrak ere gerraren eta diktaduraren biktimen erreparaziorako legearen aurka bozkatu du; eta Ciudadanoseko bakarrak ere bai; edonola ere, 71 legebiltzarkideetatik 64k eman diote baiezkoa legeari, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUkoek; lau falta ziren ganberan.
Ikusi gehiago:Gakoak
Hala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste urrats bat egin dute 1936tik 1978ra arteko biktimen memoriaren erreparaziorako politika publikoetan, eta ganberan gonbidatu gisa zeuden memoriaren aldeko taldeetako kideek txalo zaparradarekin eskertu zuten onarpen hori atzo. Haren helburua da memoria historikorako politika publikoak arautzea, «erreparazio morala, memoria pertsonala, familiarena eta soziala» sustatzeko, «arrazoi politiko, sindikal, ideologikoengatik edota sinesmen erlijiosoengatik jazarpena edota indarkeria» jasan zutenen artean. Finean, gaur arte alor horretan egindako lana sendotu du lege berriak, askotariko ekinaldiak legez babestuz.
EAJko legebiltzarkide Joseba Diezek —atzo izan zuen azken eguna legebiltzarkide gisa— esan zuen «batzuk beti» egon direla «demokraziaren alde, historiaren alde onean», eta horri esker iritsi dela «lege garrantzitsu» hori. Orain arte memoria historikoan egin den lan handia nabarmendu zuen, Aranzadi eta Gogora institutua aipatuz, eta esplikatu lege berriak «beste esparru juridiko bat» emango diola lan horri. PPri ohartarazi zion «beste biktima batzuei buruz hitz egiteak» ez duela zertan ekarri «biktima batzuek ahaztea». Aurretik alderdi horretako Carmelo Barrio parlamentariak etengabe kontrajarri baitzituen ETAren biktimak eta frankismoarenak, eta ziurtatu ETArenak «ahaztu» eta, areago, «ezkutatu» ere egin dituela legeak.
«Lege hau ez da inoren aurkakoa», esan zuen EAJko kideak. Biktimei egia, aitortza eta erreparazioa emateko egina dela azaldu zuen, «gizartearen aldekoa» dela. Eta helburu horiek lortzeko «ikertu» egin behar dela erantsi zuen, «memoria ere gizartearen eskubideetako bat delako».
Oposizioaren zuzenketak
Legeak jasotako babes handiak lotura zuzena du hark biltzen dituen edukiekin. Eusko Jaurlaritzak duela bi urte baino gehiago onartu zuen lege proiektua, eta, aurten, ganberak ontzat jo ditu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako zuzenketak. Koalizio abertzalearen ekarpenez, lantalde zientifiko bat sortuko dute, 1936tik 1978ra bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatutako giza eskubideen urraketak ikertzeko. Julen Arzuaga koalizioko legebiltzarkideak gogoratu zuen «administrazioaren zerbitzu juridikoak» badutela zeregina, frankismoaren biktimek auzitara jo dezaten.
Izan ere, Gogora institutuak laguntza juridikorako baliabideak eskainiko dizkiete biktimei, salaketak tramitatzeko. «Argentinan irekitako bidea ireki dadila hemen ere», eskatu zuen Arzuagak. Horrez gain, «artxibategiak zabaltzera» deitu zuen, «egia finkatu ahal izateko». PPri buruz, berriz, esan zuen «mozorroak kendu» dituela ezezkora jo eta gero. Barrio legebiltzarkideari aurpegiratu zion PPren arazoa ez direla «ETAren biktimak», baizik eta «bide bazterretan jarraitzen dutenak», eta abisua eman zion: krimen horien erantzuleak epaitegietan ikusiko ei ditu, eta «zigorturik» ere bai. «Ez etorri gero amnistia eskatuz haientzat», gaineratu zuen.
Memoria Historikoaren Legeak biktimatzat joko ditu bonbardaketetan hildakoak, epaiketaz besteko exekuzioetan eta kartzelan hildakoak, desagertuak, torturatuak, erbesteratuak, gatibu lanetan aritutakoak eta kontzentrazio esparruetan edo heriotza eremuetan egondakoak. Sexu joeragatik, sexu nortasunagatik edo gutxiengo etniko bateko kide izateagatik jazarritakoak ere biktimatzat joko ditu.
EP-IUren ekimenez, 36ko gerraren eta diktadura frankistaren biktimen errolda abiatuko da. Gainera, emakumeek jasandako indarkeria «espezifikoa, orokortua eta sistematikoa» jaso du idatziak. Hala dagokienean biktimei kalte ordainak emateko aukera ere zabaldu dute. Gogora institutuak aztertu beharko du Espainiako legean jasotako kalte ordainak osatzea dagokien ala ez.
Biktimen erabilerari buruz
Iazko uztailean onartu zuten Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea, PSE-EEko buru Eneko Anduezak gogoratu duenez. Anduezak PPri argitu zion zer diferentzia dagoen 1936tik 1978ra alde batean eta bestean egon ziren biktimen artean: «Batzuk ahaztuta egon dira berrogei urtez, eta besteak goretsi egin dituzte 90 urtez. Batzuek heriotza, kartzela eta jazarpena izan dituzte, eta besteek, onura ekonomikoak». Horregatik, Anduezak uste du batzuekin «zorretan» zegoela gizartea eta besteei ez zaiela «ezer zor». Gogoratu zuen ETAren biktimek badutela beren legea, eta hura «euskal demokrazioaren habeetako bat» dela. «Utzi biktimak baliatzeari, are gehiago haien artean liskarrak sortzeko bada. Miserablea da», esan zion PPko legebiltzarkideei.
Zigor arautegi bat ere jarri du indarrean legeak: Frankismoa goratzeagatik 10.000 eurorainoko isunak egongo dira, baina 150.000 euro artekoak ere bai 36ko gerrako hilobiak suntsitzeagatik edota «ikerketarako eta egia argitzeko dokumentuak» ezkutatu edo suntsitzeagatik. Plakei, oroitarriei eta besteri erreparatzen die legeak, eta Gogora-k plan bat abiaraziko du memoriari kalte egiten dioten guneak eta kaleen izenak desagerrarazteko.
Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Jon Hernandezek PPri leporatu zion «frankismoaren oinordeko» izatea, «baina ez alderdia fundatu zutenak frankistak izateagatik, bazik eta gaur egun alderdi horrek egiten dituen politikengatik». Ohartarazi zuen nazioarteko legeen arabera frankismoaren krimenek ez dutela preskribatu, eta amnistia lege batek ez duela hori aldatuko.
PPko parlamentari Barriok, berriz, uste du legeak «biktima batzuk nahita ahaztu» dituela, eta ETArenak ez direla jaso. «Ez zen dena frankismoa izan. Gerra krimenak egon ziren, eta ez frankistek eginak denak. Ez dira totalitarismo guztiak jaso. Frankismoa ez ezik,beste proiektu totalitario bat egon zen urte batzuetan, ETArena, eta legeak ez die jaramonik egin haien biktimei».
Memoria historikoa
Frankismoaren biktimei erreparazioa emateko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak
PP, Vox eta Ciudadanos ez beste guztiek onartu dute Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea, Gasteizko ganberan. 1936tik 1978ra arteko biktimei eragingo die

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu