Euskara sustatzeko bideak, talkan

Xabier Erize soziolinguistak ikerketa bat egin du gaztelaniaz bizi diren Nafarroako herritarrak euskarara hurbiltzeko gakoen inguruan; hala nola euskal nortasunaz, hizkuntzen politizazioaz eta erakundeen ekinaldiez mintzo da.

Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak jardunaldiak, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Nola erakarri erdaldunak euskarara? Galdera horri erantzuna eman nahian, ikerketa bat egin du Xabier Erize Soziolinguista eta Filologian doktoreak. Gaztelaniaz bizi diren Nafarroako herritarrek euskararekin zer harreman duten aztertu du, eta, hortik abiatuta, euskarara hurbiltzeko lagungarriak izan litezkeen proposamenak egin nahi izan ditu. Ekainean eta uztailean egin zuen ikerketa, eta atzo aurkeztu zuen jendaurrean, Iruñeko Kondestablearen jauregian, Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Nafarroan euskararen aldeko jarrerak indartzeko aukerak jardunaldien barruan.

Idatzizko elkarrizketa kualitatiboen eta etnografikoen bidez, gaztelaniaz bizi diren 39 herritar anonimoren iritzia jaso du Erizek. Kontuan hartu ditu zenbait aldagai: «Nafarrak izatea, euskaraz ez jakitea, euskaratik urrun bizitzea, eta adin, genero eta jatorri geografiko desberdinak izatea». Zenbait galderari «askatasunez» erantzuteko eskatu zien; hala nola euskarekin zuten harremanari, hizkuntzarekiko sentitzen zuten hurbiltasuna edo urruntasunari eta erakundeen eta alderdien jardunari buruzkoak.

Gaztelaniaz bizi diren nafarrek euskarara ez hurbiltzeko dituzten motiboen sintesia aurkezteko, ikerketan jasotako aipu bat nabarmendu zuen: «Euskara ideologia eta politika jakin batzuekin lotu beharrean, erakundeen mezua izango balitz euskara nafar guztiena da, eta soilik denon artean normaldu dezakegu, agian nire seme-alabak ikastolara eramateko gogo handiagoa izango nuke, eta euskaldunen belaunaldiak handituko ziratekeen». Jendea hasperenka entzun zitekeen, haserre, entzuleen artean.

Ikerketan jasotako emaitzen arabera, «nortasunari» garrantzia eman zioten hainbatek inkestan. «Euskara Nafarroako kulturaren parte da, eta bizirik eustea garrantzitsua iruditzen zait», esan zuen batek. Beste batek «herrian» jarri zuen arreta: «Euskara begiko dut. Hizkuntza berezia iruditzen zait, erakargarria eta nire herriko, Nafarroako, sustraien parte da». Erdaldunen iritzia jasotzeko beharra azpimarratu zuten beste batzuek: «Helburua euskara eta belaunaldi berriak sustatzea bada, inklusiboa izan behar da; ezin dira utzi albo batera ezagutzen ez dutenak». Aholkuak ere eman zituzten batzuek: «Erakundeek indarra jarri beharko lukete euskaraz jakin ez baina hizkuntzaren inguruko iritzi positiboa dugunon sektorean».

Ikerketaren ondorioei dagokienez, alde batetik, aurreko lanekin antzekotasunak daudela azaldu zuen Erizek; hala nola gaztelaniaz bizi diren nafarren motibazioak kontuan hartu behar direla, euskara dela Nafarroako kultur ondarea, babestu beharrekoa, eta euskararen sustapena «borroka politikotik atera» behar dela. Bestetik, azterketa honetan lehen aldiz azaleratutako iritzien artean, inkestan parte hartu zuten zenbait erdaldunek euskararen sustapenari eginiko kritikak nabarmendu zituen Erizek: «Ideologia eta politika jakin batzuetatik egiten dela, nagusitasun morala erakusten dutela euskara ez dakitenen aurrean eta euskaraz ez dakiten nafarrak ez dituztela kontuan hartzen».

Politika mahai gainean

Azalpenaren ostean, euskararen politizazioaren gaiarekin desadostasuna eta sumina adierazi zuten zenbaitek. Esate baterako, gizon batek denbora luzez horren inguruan hitz egin ostean, proposamen bat bota zuen: «Interesgarria iruditzen zait aztertzea, adibidez, Altsasun eta gisako herrietan, euskara gertu izanda zergatik hainbestek egiten duten gaztelaniaz».

Politizazioaren afera mahai gainean jarri zuten parte hartzaileek behin baino gehiagotan. «Oso zabalduta dago euskara politizatuta dagoela, baina aztertu beharko genuke alderdi eta hedabide batzuek zer propaganda egin duten». Hala ere, Erizek erantzun zuen datuak jaso besterik ez duela egin, eta, haren irudiko, testigantzak jasotzea «oparia» dela, eta «zenbait bide» irekitzen dituela euskara sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.