25erako grebara deitu dute hezkuntzako sindikatuek EAEn

ELAk, LABek, Steilasek eta CCOOk salatu dute langileen iritzia ez dela aintzat hartu. Zortzi aldarrikapen nagusi aurkeztu dituzte. Bildarratz sailburuak «greba prebentiboa» iritzi dio deialdiari

Lau sindikatuetako ordezkariak, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Gotzon Hermosilla - Irati Urdalleta Lete
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
ELA, LAB, Steilas eta CCOO ez datoz bat Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko den hezkuntza akordio berri baterako oinarrien zirriborroarekin. Ez dute bat egiten edukiekin, ezta eduki horiek finkatzeko erabili den prozedurarekin ere: salatu dute hezkuntza komunitatea osatzen duten langileen iritzia ez dela kontuan hartu. Haien hitza entzunarazteko, mobilizazioak antolatuko dituzte: martxoaren 25ean greba egingo dute hezkuntza sistema osoan, publikoan eta itunpekoan, haur eskolak barne, eta martxoaren 18an eta 28an elkarretaratzeak egingo dituzte Eusko Legebiltzarraren aurrean.

ELAko Miren Zubizarretak, LABeko Irati Tobarrek, Steilaseko Nagore Iturriotzek eta CCOOko Julen Llanosek nabarmendu dute «historikoa» dela lau sindikatuok desberdintasunak alde batera utzi eta elkarrekin partekatutako irakurketa bat egitera iritsi izana. Zirriborroaren inguruan egin duten proposamenaren ardatzetan ere bat datoz: hezkuntza sistema «publiko, euskaldun eta propioa» aldarrikatu dute, eta, horretarako, zortzi puntuko agiri bat aurkeztu dute.

«Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea» proposatu dute, gaur egungo sistema duala gainditu eta itunpeko eskolak publiko bilakatzeko esparru orokor bat ezarriko duena; «lege propioa» ere aldarrikatzen dute, horretarako EAEko hezkuntza sisteman eskumen guztiak eskuratu eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotuko duena; eta «euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jarriko dituen hezkuntza lege baten alde» egiten dute: euskararen murgiltze eredua orokortzearen alde egiten dute, eta oinarri horiek diru publikoa jasotzen duten eskola guztiek bete beharrekoak izatea proposatzen dute.

Inbertsioen arloa, segregazioaren kontrako borroka, langileen enplegu eta lan baldintzak eta «hezkuntza lege parte hartzaile baten beharra» ere jaso dituzte aldarrikapenetan.

Sindikatuek adierazi dutenez, antolatutako mobilizazioekin «eragitea» dute helburu, ardatz horiek oinarrien zirriborroan txerta daitezen. Gero, zirriborro horretan oin hartuta, lege egitasmoa egin eta eztabaidatzeko garaia iritsiko da. «Prozesu luzea izango da, baina, aldaketarik ez badago, ez dugu baztertzen mobilizazio gehiago egitea», esan du ELAko Miren Zubizarretak.

Bildarratz, «harrituta»

Greba deialdia ikusita, «harrituta» dagoela esan du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Azaldu duenez, oraindik behin betiko testurik ez dago mahai gainean, ehun zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkioten «oinarrizko testu bat» baizik. Nabarmendu du testu hori ehun eragile baino gehiagoren iritziak bildu ostean ondu zuela hezkuntza akordioa lortzeko Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldearen presidenteak, eta, gainera, talde parlamentarioak zuzenketak eztabaidatzen ari direla oraindik. «Zaila da elkarrizketa eta adostasun mezu horren kontra doan greba deialdi bat ulertzea», esan du.

Gainera, azpimarratu du testuan ez dagoela langileen eskubideen inguruko aipamenik. Horregatik, greba «prebentiboa» iruditzen zaio. Edonola ere, nabarmendu du talde parlamentarioetan «akordiorako jarrera positiboa» ikusten duela.

UGT sindikatuak adierazi du ez datorrela bat greba deialdiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.