Noiz sortua: 2020-06-26 00:30:00

Irailerako baliabide eske

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datorren ikasturtean murrizketak egin nahi dituela salatu dute sindikatuek, EHIGEk eta Heizek. Ikastetxeek azpimarratu dute baliabideak behar dituztela irailetik aurrera dituzten erronkei erantzuteko, baina murrizketa batzuk nabaritu dituzte proposamenetan.
Haurren motxilak eta mantalak esekita, ikastola batean, artxiboko irudian.
Haurren motxilak eta mantalak esekita, ikastola batean, artxiboko irudian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2020ko ekainak 26

Ikasleek ikasturtea amaitu berritan, irailera begira jarrita dago hezkuntza komunitatea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari murrizketak egin nahi izatea egotzi diote ELAk, LABek, Steilasek CCOOk eta UGTk. «Baliabide ekonomikoak eta pertsonalak handitu beharrean, murrizketak egitea inposatzen dute». HHko eta LHko behin-behineko lanpostu zerrendak ikastetxeetara iristen hasi direla diote, eta murrizketak ezartzen ari direla jangela orduetan, eskola txikietan, espezialistetan, pedagogo terapeuten zerbitzuetan eta IBTetan. Ikastetxe publikoetako zuzendarien eta familien elkarte Heizek eta EHIGEk ere «kezkaz» ikusten dute ez dagoela ikastetxeetarako baliabide gehiagorik. «Hori gutxi balitz, murrizketa nabariak ezarri nahi ditu Hezkuntza Sailak». Datorren ikasturterako behin-behineko lanpostu zerrendak iristen ari dira eskoletara, eta, orain, alegazioak aurkezteko aukera dago. Baina nola bizi dute egoera ikastetxeek? BERRIAk batzuekin hitz egin du haien eskaerak, ezinegonak eta baldintzak ezagutzeko.

Ikastetxe guztietako kasua izan ez arren, batzuek murrizketak pairatu dituztela diote. «Gure eskolan ere nabaritu da murrizketak agindu direla». Argi mintzo dira Alkizako (Gipuzkoa) eskolan. 53 ikasle izan dituzte aurten, eta 49 izango dira datorren ikasturtean, baina, ziurtatu dutenez, hori ez da izango aldaketa bakarra: «Eskola txikia izanik, zorrotz jo dute aurtengoan arauen aplikazioarekin: orain arte bost talde onartzen zitzaizkigun, eta datorren urteari begira lau izatea jaso dugu, horrek dakarren irakasle murrizketarekin, noski». Ziurtatu dutenez, ia bi irakasleren galera ekarriko du horrek. «Irakasle guztien %20 murriztea proposatzen dute».

Hori «astakeria galanta» dela diote Alkizako eskolakoek. Izan ere, uste dute datorren egoera «ezegonkorrean eta ezezagunean» malgutasun handiagoz jokatzea aurreikusi beharko dutela ikasleak talde txikiagoetan jartzeko, eta, gainera, gomendatzen dutela naturaren eta kanpoko espazioen erabilera areagotzea. «Baliabide pertsonal gehiago behar dira horretarako».

Alkizan, argi dute: orain arteko langile kopuruari eutsi nahi diote. «Berriro ere, hezkuntzan inbertsioak egin behar direnean, ez da ulergarria horrelako planteamenduak jasatea».

Zeberioko (Bizkaia) Zubialde eskolan, berriz, hezkuntza bereziko PT irakasleak arduratzen ditu gehien. «PT osoa tokatzen zen, eta erdia eskaini digute». Proposamen hori jasota, haserre daude: «Murrizketak egon dira, eta haserre gaude». Gainera, uste dute ez dela euren arazoa soilik, orokorra baizik. «Alegazioak egin ditugu, eta ea zer pasatzen den; esperantza gutxi daukagu». Erabaki horrekin, umeen eskubideak jokoan jartzen direla uste dute: «Lantaldea murrizten bada, guk ezin diegu umeei eskaini benetan merezi duten eta behar duten kalitatezko hezkuntza».

Eskola txikia izanik, zikloka egiten dute lan Zeberion; hau da, hainbat adinetako haurrak elkartzen dira ikasgelan. Azaldu dutenez, urte batzuetan, matrikula gehiago badaude, aukera eman izan diete ziklo batzuk banatzeko. «Topera egonda, batengatik ez dira bi ziklo banatuko, eta hori bi tutore gutxiago dira». Ratio aldetik tokatu ez arren, uste dute datorren urteko erronkei aurre egiteko beharrezkoak izango direla baliabide pertsonal gehiago. «Gauden egoeran egonda, jakinda nolako laguntza behar den, zenbait ume COVID-19a dela-eta etxean apur bat esekiago geratu direla eta errefortzuak eman behar direla irailetik aurrera...». Beraz, PT osoa izatea da Zeberioko eskolaren eskaera, eta irakasleen euskara maila hobetzeko beharra ere ikusi dute: «Euskal Herriko umeek euskara maila onarekin atera behar dute eskoletatik, eta, horretarako, irakasleok euskara maila ona izan behar dugu».

Nafarroan, beste egoera bat

Nafarroan egoera bestelakoa dela esan daiteke. BERRIAk hitz egin duen ikastetxeetan, behintzat, ez dute murrizketarik espero datorren ikasturterako. Iruñeko Iturrama institutukoek esan dutenez, Nafarroan lantaldeak itxita daude, eta aste honetan atera dira lekualdatzeetarako esleipenak, aurreko ikasturteetako irizpideekin. «Datorren ikasturterako ez dago aldaketarik; ez dago murrizketarik». Berriozarko (Nafarroa) Mendialde IItik azaldu dutenez, esaterako, jangeletarako begirale gehiago kontratatzeko asmoa erakutsi dute.

Dagoeneko, hurrengo ikasturtea prestatzeko lanean ari dira. Horretarako ere ez dute arazo handirik ikusten Berriozarko ikastetxean, baina hainbat aldaketa egin beharko dituzte: «HHn, adibidez, zirkulazio librea dugu, eta LHn ere hainbat tailerretarako nahasten dira. Hori, momentuz, bertan behera geldituko da, eta bakoitza bere erreferentziazko gelan egongo da». Iturraman, berriz, sektoreka blokeatzeko ikusten dute arazo gehien, ikasleek aukerazko gai gehiago dituztelako ikasketetan aurrera egin ahala.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Ordiziako positiboekin lotutako 48 kasu zenbatu dituzte dagoeneko

Arantxa Iraola - Jon Ordoñez Garmendia

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da Gipuzkoako herri horretan, eta tabernetako jarduna mugatuko dute. Beste taberna bat itxi dute, langile batek «positibo ahula» eman ondoren.

Urkullu mitin batean, Zornotzan, ekainaren 27an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Urkulluk ez du Ordizian bozketak atzeratzeko asmorik

Igor Susaeta

Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariaren ustez, bozkatu ahal izateko baldintzak «guztiz» bermatuta daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna