Sindikatuek ez dute amore eman

2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Emmanuel Macronek badu jada sindikatuen erantzuna: ez. Pentsioen erreformen gaia itxitzat jo nahi izan zuen Frantziako presidenteak asteazkenean eskainitako elkarrizketan, eta hurrengo erreformei begira jartzeko galdegin zien sindikatuei. Lan baldintzei buruz mintzatzea proposatu zien, baina baita RSA gutxieneko diru sarreraren erreformari buruz ere.

«Neurri kosmetikoetarako bada, erantzuna ezezkoa da», esan zuen atzo Laurent Berger CFDT sindikatuko buruak, BFMTV telebistan. Kontuan hartuta CFDT dela sindikatuen artean handiena eta hari espresuki mintzatu zitzaiola Macron—negoziatzeko prestasun handiena izan ohi du—, argi dago Macronek nekez lortuko duela orain sindikatuekiko harremanak onbideratzea. Orokorra baita langileen ordezkarien kexua: Macronek ez du ezer negoziatzen. «Lausengatzaileak baizik ez ditu entzun nahi, haien alde daudenak besterik ez», ziurtatu du Phillippe Martinez CGTko idazkari nagusiak.

Sindikatuek oraindik ez dute itxi nahi pentsioen erreformaren atea. Bergerrek gogorarazi dio presidenteari Kontseilu Konstituzionalak duela azken hitza, eta gaineratu du ez daudela oraindik amore emateko.

Horren erakusgarri da atzo egindako manifestazioak orain arteko jendetsuenak izan zirela. Indarkeria ere handitzen ari da protesta horietan, hasierako manifestazio baketsuek gobernua mugiarazi ez dutelako. Protesta horietan Polizia izaten ari den jarrera gero eta kritika ozenagoak jasaten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.