Ekosistemaren arnasari entzungor

Mexikoko Tren Maiaren bosgarren zatian eraikuntza lanak behin-behinean etenda daude ingurumen kalteak direla medio. Greenpeacek gobernua salatu du legea «urratu» duelako.

Ekosistemaren arnasari entzungor.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Bazterrean geratzen den bizitza ikusten duzu: zenoteak, jaguar bat ezkutatzen ikustea, haitzuloak, bertako hegaztiak...». Hitz horiek ahoskatzean begirada galdua du Aleira LaraMexikokoGreenpeaceren kanpainako zuzendariak. Nostalgiaz mintzo da Quintana Roo estatuko Carmen eta Tulum hondartzen artean eraikitzen ari diren Tren Maiako bosgarren zatiaz, izan denaren eta izango denaren arteko alderaketa irudikatzen duen bitartean bere burmuinean.

Andres Manuel Lopez Obradorren gobernuak bultzatutako proiektuaren bosgarren zatian egon zen Lara, iragan martxoan —eraikuntza lanak hasita zeudenean—, eta hori ikustea «gogorra» izan zela esan du: «Eraikuntzako zatiak ikusten zoazen heinean, zuloak ikusten dituzu; batzuk beste batzuk baino sakonagoak dira. Aditu askok ohartarazi zuten lurzoruaren zaurgarritasunaz, eta hori berrets dezaket: lurzoru karstikoa oso porotsua da».

Tren Maiak 1.525 kilometro zeharkatuko ditu, eta Mexikoko bost estatutatik igaroko da: Chiapas, Tabasco, Campeche, Yucatan eta Quintana Roo. Egun, eraikuntza lanak geldituta daude Quintana Roo estatuan eraikitzen ari diren bosgarren zatian —zazpi dira guztira—. Izan ere, Yucatango epaile batek agindua eman zuen, hilaren 2an, eraikuntza lanak behin-behinean geldiarazteko. Epaileak adierazi zuen herrialdean eraikuntzak egiteko ezinbesteko baldintza dela ingurumen baimenak betetzea, eta trenaren zati horretan tramite horiek ez zirela bete.

Trena eraikitzeak hango ekosisteman eragin ditzakeen kalteez galdetuta, Greenpeacekoak irmoki ohartarazi du litekeena dela ingurumenaren gaineko eragina «konponezina» izatea. Horren inguruan, Larak azaldu du hasieran trena errepidearen ondoan eraiki behar zutela, zeinak jada lotzen zituen Cancun eta Tulumeko hondartzak. Baina, urte honen hasieran, gobernuak plana aldatzea erabaki zuen, hango hoteletako jabeek kexa adierazi zutelako haien hoteletako luxuzko sarbidea oztopatuko zuelako trenaren eraikuntzak.

Aldaketa horren ondorioz, orain oihanean barrena eraikitzen ari dira trena, ibaian gora, eta hori da Larak salatu duena: «Trenaren eraikuntza lanak hor egiteak ez dio soilik ibai horri eragiten, baita Karibe itsasoari ere. Yucatan penintsulako [Yucatan, Quintana Roo, eta Campeche estatuek osatzen dute penintsula hori] estatu bateko eremuaz ari gara, zeinak nahikoa presio duen turismoaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreetatik». Greenpeacekoak azpimarratu du Yucatan penintsulak lehentasunezko eremu izan beharko lukeela herrialdearen biodibertsitatea kontserbatzeko. Baita Maiako oihanak ere —Yucatango iparraldea hartzen duena—: «Maiako oihanari kalte egiten badiogu, turismoaren sektoreari eragingo dio. Izan ere, jende asko etortzen da Mexikora kultura maiaren aberastasun biokulturalarengatik», esan du Larak.

Agintarien irregulartasunak

Auzi honetan, Larak gobernuari leporatu dio eraikuntza lanak beharrezko ingurumen baimenik gabe egin izana. Alabaina, Larak salatu du Mexikoko Gobernuak Oreka Ekologikoari eta Ingurumena Babesteari Buruzko Lege Orokorra urratu duela: «Lege horrek exijitzen du Ingurumen Eraginaren Adierazpen bat osatzea, eta, hain justu, eskatzen du eraikuntza lanak egin baino lehenagoko ikerlan bat egitea, ziurtatzeko lanek betetzen dituztela ingurumenari kalterik ez egiteko arauak».

Horren inguruan, «segurtasun nazionaleko» eraikuntza bat zela argudiatuz, eta dekretu baten bitartez —joan den urteko azaroan indarrean sartu zena—, gobernuak traba burokratikoak saihestu zituen eraikuntzaren prozesua azkartuz. Eta hori da Greenpeacekoak salatu duena. Haren ustez, dekretuak «baliogabe» uzten ditu hainbat eskubide konstituzional: informatua izateko eskubide konstituzionala, parte hartzekoa eta ingurumen gaiei buruzko legezkotasunarena.

Legezkotasunik ezari erantzun bat eman nahian, Mexikoko Greenpeacek eta Dibertsitate Biologikorako Zentroak babes errekurtsoa ezarri zuten Ingurumen eta Natur Baliabideen Idazkaritzaren aurka iragan hilabetean. Helegite horretan salatu zuten trenaren eraikuntzaren bosgarren zatia hasi aurretik gobernuak ez zituela bete Ingurumen Eraginaren Adierazpenak ezartzen dituen baldintzak. Lararentzat «tamalgarria» da ingurumen afera bat bide judizialetik eramatea: «Horrelako gaiak gobernuaren eta gizarteko eragile guztien arteko komunikazio eta elkarrizketa irekian jorratu beharko lirateke».

Lopez Obradorrek, hainbat erakunderen kexak baretzeko ahaleginean, esan zuen eraikuntzak eragiten dituen baso mozketa guztiak konpentsatuko zituela 200.000 hektareako oihaneztapen programa batekin eta 18.000 hektareako hiru parke naturalekin. Lararen ustez, Mexikoko presidentearen proposamena arazoari irtenbide «aringarri» bat ematea besterik ez da. «Oihaneztapena saihestu behar dugu, aldez aurretik deforestazioa saihestuz», aldarrikatu du Greenpecekoak, eta gaineratu eremu hori ekosistema bat dela, eta hori ez dela ordezkatzen zuhaitzak lekualdatzen edota parke berriak sortzen. Larak honako hau galdegin die agintariei: «Agintariei eskatzen diet erabaki egokiak hartzeko, herritarren eta indigenen eskubideak errespetatuko dituztenak». Baita ingurumenari dagozkion eskubideak ere, gehitu duenez.

Etorkizun ziurgabea

Trenaren bosgarren zatiaren eraikuntza lanak behin-behinean geldituta daude, Yucatango epaimahaiak arazoari erantzun bat eman arte. Epaileek erabaki behar dute eraikuntza lanak behin betiko geratzea edo horiekin aurrera jarraitzea. Erabaki hori jada birritan atzeratu dute. Lehena, apirilaren 22an, eta bigarrena, hilaren 12an. Orain, datorren ostiralean emango du erabakiaren berri epaimahaiak, berriro ere atzeratzen ez badute ebazpena. Larak bi eskakizun egin dizkie epaileei: lehena, gizartearen eta ingurumenaren «ongiaren alde» egiteko, eta bigarrena, eraikuntza lanak behin-behinean geldiarazteko epaiketak irauten duen bitartean.

Ez da lehen aldia trena eraikitzeko lanak behin-behinean eteten direla. Trenaren lehen, bigarren eta hirugarren zatietan ere behin-behineko etenaldi bat egon zen hilabetez, baina trena eraikitzeko lanek bere horretan jarraitu zuten. Penintsulako talde indigenek eta Indignacion erakundeak bultzatu zuten lanak geldiarazteko epailearen ebazpena. Baina maila handiagoko auzitegi batek ebatzi zuen aurretik trena eraikitzeko lanak geldiarazteko epaileak hartutako erabakia lehengoratzea, eta bide eman zuen epaiketa ebazten zen bitartean lanek aurrera jarraitzeko, gobernuak ingurumen baimenak betetzen ez bazituen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.