Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Kezka eta haserrea ez dira apaldu Zaldibarko inguruetan

Herritarrak arduratuta daude zabortegiaz emandako informazioak direla eta. Sutea berriro piztu da. Mobilizazioak egin dituzte Eibarren, Ermuan, Zaldibarren, Markinan eta Mallabian

Kezka eta haserrea ez dira apaldu Zaldibarko inguruetan.
gotzon hermosilla
Zaldibar
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun

Asteburuan Zaldibarko (Bizkaia) hondamendiaren inguruan iritsitako albisteek ez dute giroa askorik lasaitu inguruko herrietan: desagertuta dauden bi langileak topatzeko lanak bertan behera utzi behar izanak, Verter Recycling 2002 enpresaren zabortegiari iraganean egindako kontrolen informazioak —esaterako, Ingurumen Saila enpresa zigortzea aztertzen ari zela hondamendia gertatu zenean, hondakindegian piztutako suteak eta inguruetan asteburu osoan sumatu den sundak herritarren kezka eta haserrea areagotu dituzte.

Igandean, Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunek —hori da luizia gertatu den lekutik hurbilen dagoen auzoa— agiri bat plazaratu zuten kezka agertzeko. Desagertutako langileen senitartekoei dolua eta atsekabea adierazteaz gain, hainbat eskaera egin zituzten Eitzagako bizilagunek: langileak topatzeko lanekin jarraitzea, zabortegian gertatzen ari denaz «informazio zehatz eta gardena» ematea, airearen, uraren eta lursailen kontrolez gain herritarrei ere azterketa medikoak egitea, eta abar. Zabortegia ixteko, material toxiko guztia atera eta eremua zigilatzeko, eta dagokionak «erantzukizunak» bere gain hartzeko ere eskatu zuten auzokideek.

Astelehen goizeko albisteak ez ziren lasaigarriagoak izan. Igande gauean amataturik zirudien suteak indarra hartu zuen egunsentiarekin batera, eta hondakindegitik ateratzen zen ke adarra, Eitzagatik ez ezik, Ermutik (Bizkaia) eta Eibartik (Gipuzkoa) ikusten zen. Ermura sartzeko arazoak ere asteburuan baino handiagoak ziren: AP-8 autobideko lerro bat itxirik dago oraindik, Bilbotik Donostiarako noranzkoan, eta, saihesbidea atondu duten arren, autoak pilatu egiten dira tarte horretan.

Segurtasun Sailak iragarria zuen 09:00etan ekingo ziotela berriro ere desagerturiko langileak bilatzeko lanari. Hor ere, albiste txarrak nagusi: handik gutxira, bertan behera utzi zituzten lanak, eremua aztertzen ari diren geologoek aholkatuta, lur-jausi gehiago gertatzeko arriskua nabaria zelako. Agintariek ez dute zehaztu gaur lanei berriro ekiteko moduan egongo ote diren: teknikarien txostenen zain zeuden erabakia hartzeko.

Ke usaina

Asteburuan nabaria izan da ke usaina, batez ere Ermuko eta Eibarko zenbait lekutan: «Asteburuan kanpoan izan naiz, eta, beraz, ez dakit usain txarrik egon ote den», esan du Ander Cid eibartarrak, «baina gu Legarre [Eibar] auzokoak gara, eta han entzun dut ostiralean behintzat usaina bazegoela. Hainbeste gauza pasatzen direnez, honek jada ez gaitu harritzen. Ni handik igaro naiz inoiz, eta ikusita neukan igotzeko bidean pasatzea debekatuta zegoela, kamerak, zaindarien etxola eta abar. Zeure buruari galdetzen diozu: hori hondakindegia da, edo zer da?».

Antzeko iritzia du Kristina Revuelta eibartarrak: «Guk ez genekien hor zer zegoen, eta hau pasatu eta gero ikusi dugu zer daukagun. Gainera, egun hauetan ez dira horretaz ezer esaten ari, langileak oraindik ez dituzte topatu, eta abar».

Ermuan kezka ez da txikiagoa, Alazne Aiestaranek adierazi duenez: «Jendea oso kezkatuta dago, batez ere horrelako gauzak gertatzen direnean konturatzen garelako zer daukagun ondoan. Nik uste dut jendeak ez dituela seriotan hartzen kontu batzuk —erraustegiarena, esaterako—, batez ere alboko herrian denean eta norberak pairatzen ez dituenean. Baina orain denok ikusi dugu arazoa etxean daukagula».

Aiestaranek dioenez, larunbat gauean igarri zuen ke usaina airean: «Kiratsik edo usain arrarorik ez, baina erre usaina bai». Julen Maiora ermuarraren arabera, «plastiko errearen usaina» bezalakoa zen.

Juan Duranek ere aitortu du «kezkaturik» dagoela, «batez ere orain arte ez dugulako jakin amiantoa zegoela», baina badu konfiantza arazoa konponduko dela: «Tristeena langileena da; horrek ez du konponbiderik».

Zaldibarren ere bolo-bolo dabil gaia: «Betiko moduan, halako gauzak ezkutatu egiten dituzte eta ez dugu jakiten zer dagoen», azaldu du Teo Arteagak. «Hor edozer irten daiteke: amiantoa lehenengo, eta, gero, batek daki. Sutearena ere jakin nahiko nuke zelan sortu den, hara ez baita inor joan su ematera».

Mobilizazio jendetsuak

Zabortegiaren kudeaketan azaleratutako irregulartasunak salatzeko, instituzioen jarrera kritikatzeko, eta luiziaren ondorioz desagerturiko bi langileen senideei elkartasuna adierazteko mobilizazioak egin zituzten atzo iluntzean Zaldibarren, Mallabian, Markinan, Ermuan eta Eibarren.

Ermuan mila bat pertsona bildu ziren. «Ez, zabortegirik ez!» oihukatu zuten manifestaziora joandakoek, eta, udaletxearen paretik pasatzerakoan, txistu jo zuten eta aldean zeramatzaten kazolak astindu zituzten. «Zaldibar argitu. Langileak, osasuna, erantzukizunak» jartzen zuen mobilizazioaren buruan eraman zuten pankartan. Eibarren ere mila bat pertsona elkartu ziren, eta, oihu artean, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuari dimititzeko eskatu zioten. Eibarren bizi da Arriola. Mallabian ehunka lagun atera ziren kalera. Mobilizazio gehiago egitekoak dira herri horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.