Bozak Euskal Herrian

EAEn nabarmen ugaritu dira posta bidez bozkatzeko eskaerak

Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde deialdia argitaratu zutenean, joan den maiatzaren 19an, Euskal Jaurlaritzak adierazi zuen uztailaren 12ko hitzordura begira posta bidezko botoa sustatuko zuela. Bada, azkeneko bi asteotan nabarmen ugaritu dira posta bidez botoa emateko egindako eskaerak. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak atzo nabarmendu zuenez, 2016an egindako bozetan halako zortzi dira eskaerak oraingoz. Dena den, iruditzen zaio oraindik ere «goizegi» dela esateko zein joera jarraituko duen molde horrek. Ohikoena izaten da hautesleriaren %3-5ek bozkatzea posta bidez. Uztailaren 2ra arte egin daitezke botoa posta bidez emateko tramiteak.

Jakinarazi zuen, gainera, Correos posta konpainia lanean ari dela botoa modu telematikoan eman ahal izateko neurriak ezartzeko. Izan ere, Espainiako Hauteskunde Batzordeak lehengo astean iragarri zuenez, botoa posta bulegora eraman beharrean, postariari eman ahalko zaio, etxean.

COVID-19aren izurriteak baldintzatutako hauteskundeetarako osasun jarraibideak aurkeztu zituzten atzo Beltran de Herediak eta Nekane Murga Osasun sailburuak. Osasun Sailburuordetzaren ebazpenak jaso du —Jaurlaritzaren gobernu kontseilua gaur da onartzekoa—, besteak beste, hauteskunde kanpainan «kontaktu pertsonala» saihestuko dela, baita liburuxkak, loreak, globoak eta «kanpainetako beste elementu ohiko batzuk» eskura ematea ere. Eremu itxietan egingo diren ekitaldietan, sarreretan gel hidroalkoholikoak jarri beharko dituzte antolatzaileek.

Hauteskunde egunari dagokionez, 741 hautesleku egongo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren uztailaren 12an: hau da, 2016ko bozetan baino 41 gehiago —beste sei Araban, 27 Bizkaian, eta zortzi Gipuzkoan—, Beltran de Herediak zehaztu zuenez. 714 horietatik, gainera, 100 berriak dira. Sailburuak azaldu zuen igoera hori «hainbat arrazoirengatik» izan dela: «Urruntze soziala bermatzeko, jende pilaketak saihesteko, hauteslekuetarako sarbideak hobetzeko...». Horrenbestez, Beltran de Herediak gomendatu die hautesleei begira dezatela Espainiako Estatistika Institutuak etxera bidaliko dien errolda txartela, egiaztatzeko ea aldaketarik egon ote den tokatzen zaien hauteslekuari dagokionean.

Bozen eguneko prozeduretarako 6 milioi euro inguruko aurrekontua du Segurtasun Sailak. Beltran de Herediaren arabera, segurtasun neurrien ondorioz antolaketa gastuetan izango den gorakada ez da %10era iritsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.