Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Gogoa non dugu

2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Ez du zipitzik balio hitzak politikariaren ahoan. Atzo inoren ikur zena, gaur geurea da. Gaur zuria dena, bihar beltza izango da. Eta egunen ibilian, hiztegia bera da istil bilakatu dena. Hala, auzolanapolitika instituzionalari deitu nahi zaio orain. Iraultza, aurrezki kutxa baten eslogan bihurtu zen aspaldi. Hauteskunde gaueko apaltasunak harrokeria esan nahi du biharamunean, larderiaren lege zaharra.

Denborarekin ikasten den zerbait da. Eta hala gertatu zen, bozketa eguna atarian eta, Jaurlaritza normaltasuna zela nagusi zabaltzen ahalegindu zenean. Ergelenak ere ahoz gora zioena bete da, ordea, hurrengo egunetik bertatik: maskarak derrigorrezko egin dira, kutsadura esaten zena baino zabalduago dago eta ur lohiak, estolderia lehertuta, gainez du.

Nola ba normaltasuna. Kaleetan ikusten genuelako, iritzi zabaldua izan da ondo ez genbiltzalakoa. Bi egunetan igaro garela negutik udara, neurriak bete gabe ibili garela. Jakin dugu zer zekarren geroak. Geuk ere, politikariak bezalaxe, luze gabe mudatu dugu lexikoa, azkartxo ahaztu dugu zerk hunkitu gaituen itxialdian. Zein urrun zaharretxeak, txaloak eta laguntza batzordeak eta zein eskura bortxaz ukatutako guztia eta laineza adeitsua.

Eta hortxe gure porrota. Ibili garen bezala ibilita zer zetorkigun, jakin dugu, baina ez gara gai izan gizarte zibil gisa erantzunik emateko, hauteskundeak tarteko, interes partidista hutsez aritu direnei. Beste arlo batzuetan, harro zabaldu izan ohi dugu lau haizeetara komunitate gisa, kulturatik ekonomiara, historikoki erakutsi izan dugun ekimenerako grina. Heldutasunarena, parerik gabeko jendarte solidarioa garelakoa. Oraingoan, nago agintaritzaren esku utzi dugula dena. Ardura kolektiborako deiek ez dute arrakastarik izan eta instituzioen kudeaketaren kontra jarduteak ez gaitu inmunizatu.

Zein esaldi eder den «Zaindu dezagun elkar» hitzen bahitzaileen esku uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.