Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Betikoa

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Moderno airea dario Ainhoa Artetaren berbaldiari. Zein egoki lotu zaion estatu plurinazionalaren eztabaidaren erdian Gabriel Arestik Tomas Meaberen gorazarrez idatzitako poema haren hariari: «Cierra los ojos muy suave,/ Meabe,/ pestaña contra pestaña./ Sólo es español quien sabe,/ Meabe,/ las cuatro lenguas de España». Halatsu mintzatu da tolosar sopranoa Mirentxu operaren aurkezpenean: «bertan egiten diren hizkuntza guztiek aberasten dute Espainia, ergelkeria da hauek arma legez erabiltzea».

Esan bezala, Jesus Guridiren obraren aurkezpenean agertu du iritzia, Madrilen. Zarzuelako Antzokian euskaraz eman den lehenbiziko obra da Mirentxu. Bestela esanda, palmera bat 163 urteko basamortuan. Bai, aurreneko obra euskaraz mende eta erdi pasan. Franco mututzaileahil eta 44 urtera. Nabarmenkeria honetaz hitz erdirik ez, ordea. Zertarako garraztu elkarbizitza.

Gero, arrazoiketaren erroetara jota, dena kakaztu du. Izan ere, dio bertara doan euskaldunari erraz aterako zaiola malkoren bat Manu errotariaren alabaren amodio minak entzunda oholtza gainean, hain da euskara «goxua» eta «betikoa» obran egiten dena, «umetako hura», zerikusirik ez zirraren transmisiorako ezgauza den euskara batuarekin, «telebistako hori, nik ulertu ezin dudana». To Aresti.

Gazteleragatik halakorik adieraziko ez zukeela sinetsita, eta Artetaren beraren hizkuntza erabileran sartu gaberik, betazalak betazalen kontra bildu eta hasperen egin dut. Horra zertan den itxurazko modernitatea. Tubalismoaren bermea hil edo biziko praxi sozialaren kontra. Betikotasunaren izenean berriz ere; kasualitatea, norberaren haurtzaroraino heltzen den opari bibliko aldagaitza. Integrismo alarde bat.Amarekin egiten nuen nire euskara hartatik harago, zer? Kaosa, herri-nahasleen mintzoa eta mundu ulergaitza.

Horra 163 urteko zokoraketaren teoria politikoa, ahots zilarrez kantatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.