Harresiak edo zubiak hizkuntza politikan: udal euskaltegietako dekretua noizko?

Alfonso Rios eta Santi Martinez
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Joan den azaroaren 19an, Euskadiko CCOOk Klase-arrakalarik gabeko herri eleaniztunaren alde: euskara, bizikidetza eta euskal gizartearen kohesioaren aldeko hizkuntza-politikarako proposamenak txostena aurkeztu zuen. Dokumentu horretan ohartarazi genuen langabezian dauden biztanleen %90 ez dela euskaraz moldatzen, horren aurrean, euskaltegien doakotasuna, enpresa pribatuetan publikoki finantzatutako liberazio-sistema eta euskara ez dakitenak, belarriprestak zein erredakzio azterketak gainditu ezin dituzten euskaldunak integratu ahal izateko profilen sistema malgutzearen (agrafoak) aldeko gara.

Egun horretan bertan, Eusko Jaurlaritzak Udalen hizkuntza-politikari buruzko Dekretua onartu zuen, Dekretu bidez, 1982ko Euskararen Legean adostutako koofizialtasun-erregimenetik aldentzen dena.

Gure euskal irrati-telebista publikoaren estaldura ez zen orekatua izan. Eusko Jaurlaritzaren dekretuak aipamen zabala izan zuen teleberriaren hasieran. Urteetan ezezaguna izan den langabezia eta euskarari buruzko datu soziolinguistiko kezkagarri bat bistaratzen zuen txostenak, ordea, ez zuen inolako aipamen informatiborik eduki euskal gizarte osoari erreparatu beharko lioketen hedabide publikoan.

Euskal enpresa, eta ondorioz, langileentzat eragin handia izango duen Dekretuak eragiten duen aldaketa bat nabarmendu behar dugu. Orain arte, logikoa denez, zeharkako kudeaketa zuen zaharren egoitza batek bere egoiliarren hizkuntza-lehentasunei erantzun behar zien, berme eta proportzionaltasun osoz (printzipio horiek, bide batez, ez dira beti errespetatzen). Hemendik aurrera araudi berriak planteatzen du udal batek eskatu ahal izango diola, adibidez, azpikontratatutako iturgin bati, obraren ardura duen funtzionarioarekin euskaraz harremanetan jartzea.

Benetan pentsatzen al du (euskaltzale pluralista den) Zupiria sailburuak administrazioko enpresa azpikontratistetako milaka langileri eragiten dien erregulazio horren inguruan adostasunik badagoela? Eta hori dekretu bidez egin du, gizarte-eragileak aintzat hartu gabe.

Bestalde, deigarria da EAEko PPk, oraingoan, hizkuntza-aukeraren askatasunaren alde egitea, urte askoan administrazio zentrala gobernatzen aritu denean, ez duenean erraztasunik eman (ikasteko liberazioak) Euskadiko estatu-zerbitzuek aukera-askatasun horri behar bezala erantzun ahal izateko.

Nolanahi ere, EITBk luze eta zabal islatzen duen polemika gurutzatu honetan, betoa jarri zaio, hain zuzen ere, Euskadiko CCOOk defendatzen duen ikuspegi alternatiboari. Gure ikuspuntutik, udaletatik euskara sustatzeko ideiak udal-euskaltegien sare txikiari buelta ematea ekarri beharko luke. Zergatik utzi da ikasleen %80 ikasturte bakoitzeko 800 euro inguru kobratzen duten euskaltegi pribatu azpifinantzatuen esku?

Baina ez EAJk eta Bilduk 2016an hitzartutako Udal Legean, ez dekretu honetan ere, ez da 39 udal euskaltegien sare txikia zabaltzean pentsatu (zenbat udal musika eskola mantentzen dituzte bitartean 253 udalek?). Era berean, ez zitzaion inori bururatu finantzaketa handitzea lehenestea matrikula eskuragarriagoa eskaini ahal izateko, hizkuntza-eskolen kasuan bezala (80 euro). Horrela, argi geratzen da harresiak nahiago dituztela (eskakizun berriak), euskararen hedapenerako zubiak bigarren maila batean utziz (ikaskuntzaren doakotasuna).

Azkenik, ahaztuta geratu den beste ideia bat iradokitzen diegu euskal udalei. Dekretu horrek zazpi artikulu eskaintzen dizkio toponimiari. Ondo legoke hizkuntza politikako aurreko talde baten (EAJ) proposamenari berriro heltzea. Plazak eta kaleak «euskaldun berriari» eskaintzea, ahalegin ekonomikoa eta urteak euskara ikastera bideratu dituzten milaka horiei. Euskararen garapenari eta hizkuntza-bizikidetzari egiten zaion ekarpen esanguratsu horrek aitortza merezi luke, gure herriko kaleetan, baita gure agintarien dekretuetan eta lehentasun politikoetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.