urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Newroz berriz ere

2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Goizeko 7:13ean irten da gaur eguzkia, eta 19:25ean sartuko da; gaurko egunak hamabi ordu eta hamabi minutu iraungo du. Joan den asteazkenetik, eguna gaua baino luzeagoa da Euskal Herrian, eta atzo izan genuen udaberriko ekinokzioa. Mundu osoko kulturetan data berezia da martxoaren 21a, baita inguruko egunak ere. Eremurik zabalenetako batean Newroz edo Egun Berri izena hartzen du, Asiako zati handi bateko herrietan: ia Mediterraneo ertzetik Asia Erdialdera eta Txina eta Mongoliako mugalderaino pizten dute sua, antigoaleko sineskera zoroastrikoek eguzkia gurtzeko darabilten elementua.

Kurduen kondairak dioenez, Dehak asiriar tiranoak gauero hiltzen zituen umeen garunekin elikatzen zituen hura babesten zuten bi sugeak. Bederatzi ume galduta azken alaba hil aurretik, ardi-garunak eman zizkion Kawa errementariak; berdin egin zuten denek, eta Zagros mendietan babes hartu zuten haurrek. Han trebatu eta hazita, etxerantz itzuli ziren, herriz herri jendea batzen zitzaiela; Dehaken gazteluan, Kawak burua moztu zion tiranoari, eta teilatura igo zen sua piztera eta denei askatasuna iragartzera. Ez da harritzekoa Newrozen kurduek berpizkundearekin eta matxinadarekin egiten den lotura.

Jatorri irandar zein turkiarreko herrien jaieguna izanda ere, Turkiako estatuak behin eta berriz zapaldu izan ditu Newroz eguneko ospakizunak, 90eko hamarkada hasieran batez ere: sarraskiak eta lur errearen taktikarekin herriak hustuta, PKKren gerrilla kolpatuko zuelakoan. Baina Newroz ospatzen jarraitu zuten kurduek, Turkiaren menpekoek legez Irakekoek ere. 1988ko Halabjako sarraski kimikoa Newrozen bezperatan gertatu zela gogoratu dute asteon.

Halaxe piztu zen duela astebete, estatu sakonetik urrun ez dauden iturrietatik, Abdullah Ocalan PKKren sortzaile eta buruzagi historiko espetxeratua hil zela zioen zurrumurrua. XXI. mendeko Ekialde Hurbila ulertzeko figurarik garrantzitsuenetakoak 23 urte daramatza Imrali uharteko espetxean preso, guztiz bakartuta. Iazko apiriletik ez du ez senideen, ez abokatuen bisitarik jaso, eta komunikazioak erabat etenda dauzka. Astelehenean, ezinegona zen nagusi Kurdistanen, diasporan eta kurduekin lanean diharduten guztien artean. Asteartean zabaldu zuen Fiskaltzak lasaitasuneko mezua, ezinegona zerbait baretu bai baina kezka itzaltzerik lortu ez duena, atzo orrialdeotan irakur zitekeenez, Orsola Casagrandek Serbay Koklu abokatuari egindako elkarrizketan: «Fiskaltzak adierazpen hori egiteko beharra sentitu zuen, zurrumurruen aurrean izandako berehalako erantzun demokratikoagatik [...] Hala ere, zeharkako adierazpen horrek ez gaitu asebete, eta Ocalan jaunarekin elkartzeko dugun eskubidea errespetatzea eskatzen dugu, hark zuzenean informatu gaitzan bere osasun egoeraren inguruan».

Biharamunean, estatuak HDP (Herrien Alderdi Demokratikoa) kurduen alderdi ezkertiarra eta Turkiako Parlamentuko hirugarren indarra legez kanporatzeko ekinari heldu zion. Recep Tayyip Erdoganek gidatutako estatuan botere banaketa aspaldi hil zen (Estrasburgoko auzitegiak Selahattin Demirtas HDPko buru ohia baldintzarik gabe askatu behar dela aginduta ere, estatuak berak sinatutako akordioen kontra dauka buruzagi kurdua giltzapean).

2014-2015ean eten zuen Erdoganek mugimendu kurduarekin lantzen ari zen bake-prozesua. Kurduei oinarrizko eskubideak aitortzea ezinbesteko urratsa da Turkiaren demokratizaziorako, baina Erdoganen helburua bestelakoa zen: bera buru izango zuen sistema presidentzialista. Hala leherrarazi zituen itxaropenak, Kobani blokeatu eta jihadistei opari utzita Siriako mugaren beste aldean, eta Cizre eta beste hiri batzuetako sarraskiari ekinez. MHP Alderdi Nazionalistarantz jo zuen orduan, eta islamismoa eskuin mutur arrazistarekin ezkonduta dabil ordutik. Azkena, herenegun bertan, emakumeen indarkeriari buruzko Istanbulgo konbentziotik erretiratzea izan da, «familia balioak» higatzen dituela argudiatuta. 2021eko lehen 78 egunetan 77 emakume hil izanak ez du baliorik kaltetzen nonbait.

Pentsa zitekeen yazidien genozidioak edo Nadia Muraden Nobel sariak, itxura pixka bat zaintzera eramango zuela Turkia, jihadismoa horren esplizituki babestu gabe, Sinjar yazidien eskualdea okupatzeko mehatxua horren nabarmena izan gabe.

Baina 2018ko Afringo okupazioan erakutsi zuten bost axola zaiola; %90 kurduak ziren eskualdean garbiketa etnikoa egitea, eta arabiar jihadistez betetzea doan irten zaio, baita herrixka yazidiak txikitzea ere. Errusiak bidea libre utzi zion konplizitatez, Trumpek ez zuen hatzik mugitu, eta Sirian gerrarik ikusi ez zuen eskualdea, YPJ emakumeen defentsa unitateak sortu ziren lurraldea, Turkiako banderak astintzen zituzten jihadisten esku geratu zen. Kurduerazko eskolak amaitu ziren, ez arabierazkoak itzultzeko, turkierazkoei ekiteko baizik. Afrinen sartu bezain laster kendu zituzten kurduerazko seinaleak, turkierazkoak jarri, eta hiri erdian zegoen Kawa errementariaren omenezko monumentua txikitu zuten. Baina gaur berriz ere sua piztuko dute Kurdistanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.