Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Errege jendea

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Kokatu diote koroa buru gainean Charles Philip Arthur George Erresuma Batukoari, eta hala erakutsi zaio Ludiari gizona: Jainkoaren eta Westminsterreko artzapezpikuaren aurrean apalik; burgoi, hantuts eta furfuriatsu populu zoriontsuaren gaindi.

Eta nago eliteko futbolarekin bezala gertatzen zaigula errege jende honekin ere, alegia, ezin dugula gizarteko beste edozein irizpide logikoren arabera epaitu. Eta hala ikasi dugu hain dela nekeza eta alferrekoa begien bistakoa salatzea, ezen, espezien eboluzioaren hobe beharrez, hobe dugun manupeko zintzo agertu eta, bai baina ez, plantak eginez bizi.

Izan ere, dena da harpa jotze gaitza, izan Windsortar edo Borboi etxeko. Zer egin behar duten, sehaskan ikasia dakarte: Espainian, Fernando VII.aren alargun Maria Kristinak kauskada politak hartzen zituen Kubarako esklaboen salerosketatik eta trenbidearen obra publikoetatik; haren alaba Isabel II.ak estatuak bere ondaretik saltzen zuen laurdena boltsaratzen zuen; Espainiako II. Errepublikak «ez tituluagatik, baizik lapurra izateagatik» erbesterarazi zuen Alfontso XIII.a, Codorniu Kaiserra; Don Juanek, «Borboi pobreak», Suitzako kontuetan mila milioiko tranpala eginda laga zuen bere mundualdia; haren seme Juan Carlosek…

Gero, ustelkeriak eta abarrak luzaroago gorde ezin direlarik, polita da ikustea orain barregarri uzten ari diren horiexek berak, ez aspaldi ere, kritika guztietatik babesten delako errege edo erregina hori, zeru-lurren gaindi aupatzen eta nola ez, interes politiko edo komertzialetarako erabiltzen; izan ere, ondo luzitzen baitu koroadun eder batek… harik eta kakatzan harrapatu eta deseroso bilakatzen den arte. Fagorretik faborera, ez daukagu urruti joan beharrik.

Bizirik jarraitzeko jarrera ebolutiboa izango da, baina benetan ez dakit egokienak garen gero gizatasunaz, berdintasunaz eta justizia sozialaz mintzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.