Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hazilean

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Lurra aski tolesten denetan, ez da aukerarik galdu hilerriak bizidunengandik aparteko gainetan egiteko. Eta bertan nabilela, orain ez aspaldi arte kalean ondoan izan ditudanen izen-argazkien artean, historiak arrastaka eraman dituen urteek naute zafratzen. Hemen dago gozo zaindu izan nauen herria; hemen bihotz-begietaraino amorrarazi izan nauena, balio batzuk eman eta beste batzuk gorrotarazi dizkidana. Hemen urteetako bizikizunak eta gatazkak lurpetik hizketan, ohean bakean hil direnak eta odoletan kalean edota fabrikako zoruaren gainean, lorez jantzita gehienak egunotan.

Hemen diren denek sentitu dute nola astindu dituen bizitzea egokitu zaien garaiak. Berak ere izan ziren inoiz tarteka zoriontsuak estimatu izan zuten jendearekin, berak ere goibeldu egin zituen ezbeharrak, artegatu beldurrak. Funanbulista izan ziren nekearen eta seguru bizi-nahiaren harian. Batzuek, beren buruari gehiegi begiratu gabe, jendarte hobe baten alde eman zuten zirena. Askok, beren buruari begiratuta ere, ingurukoak zaintzen xahutu zuten bizialdia. Ezagutu ditut, haiek maitatzen ikastea ere bada bizitzen jakitea. Ez da museo bat hilerria, baina hutsa behar du aldian behineko bisitariak barruak inarrosita heltzeko kanpoko atera. Hazilean gaude, euria dakar haize epelak.

Nahiezta ere, ezinezkoa zait hostoz jantzitako maldan behera noala, belaunaldietan ez pentsatzea, zikloetan, ixten diren eta zabaltzen ditugun leihoetan. Nola aldatu den bizimodua, nola mudatu diren egunerokoari begiratzeko erak, ametsak, ilusio kolektiboak. Geuk ere zertan ez dugun asmatu sasoikoago izan garenean, zertan izan garen itsu, zertan argi. Zaputzean laketu ez gaitezen baina, behar dugu gu izan ez garen horretan ere sinestea. Halako batean, lagun baten mezua poltsikoko telefonoan: Durangon dago, hiru egunetarako joanda beste hiru mila emakumerekin batera, Landakoko jardunaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.